"Espainiako Gobernuak Zaballara ekarri behar ditu preso guztiak, azkar eta arduraz egin dezala eskatzen diogu"

  • Etxerat elkartearen 18. Batzar Nazionala ospatu dute igandean Gasteizen. Salbuespenezko espetxe politiken desaktibazioa lortzea izango dela euren lanaren ardatz nagusia datozen hilabeteetan. Horretarako, informazioa, testigantza eta salaketa erabiliko dituzte tresna gisa, urrunketari eta preso gaixoek pairatzen duten muturreko egoerari lehentasuna emanez.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko apirilaren 08an - 13:57

"Urtebete igaro da euskal preso politikoen senide eta lagunok Tolosan egindako Batzar Nazionalean bildu ginenetik, bederatzi hilabete Espainiako gobernu berriak espetxe politikaren aldaketa iragarri zuenetik, eta, oraindik ere, balantzaren alde batek hartzen du pisu guztia. Esan beharrik ez dago gure eta espetxean nahiz erbestean ditugun senideen sufrimenduaz ari garela", esan du Patricia Velez elkartearen bozeramaileak.

Bitarte honetan, euskal preso bat hil da espetxean; gaixotasun larriak dituzten preso ia guztiek lehen graduan eta espetxe urrunetan jarraitzen dute, tratamendu egokia jasotzeko aukerarik gabe; Frantziako Estatuan bizi osoko espetxe zigorra ezarri zitzaien lau presoetako hiruk kartzelan jarraitzen dute, baldintzapeko askatasuna lortzeko arauak betetzen dituzten arren.

Bestetik, 24 senidek istripuak izan dituzte errepidean, urrunketak dakarren arriskuaren ondorioz, eta nabarmendu beharra dago senide horien artean haurtxo bat zegoela. Dispertsioak eragin dituen hildakoen aitortza sozial eta instituzionala bultzatzeko lan egingo du Etxeratek ikasturte honetan.

"Espainiako Gobernuak Zaballara ekarri behar ditu preso guztiak, eta urrats hori azkar eta arduraz egin dezala eskatzen diogu, orain dela 30 urte kontrakoa egiteko erakutsi zuen azkartasun eta ardura berberarekin. Izan ere, 600 euskal preso baino gehiago sakabanatu eta urrundu zituen bi hilabeteko epean, penintsulako, Balearretako, Kanarietako, Ceutako eta Melillako espetxeetara bidaliz. Halaber, Etxeratek nabarmendu nahi du premiazkoa dela erbesteratuek eta deportatuek pairatzen duten egoera konpontzea, etxera itzul daitezen".

Egindako hurbilketa ez dira nahikoak

Espainiako Gobernuak 24 preso (%8,5) lekualdatu ditu Euskal Herritik hurbil dauden kartzeletara. Teknikoki, hurbildu egin ditu, baina urrats hori ez da inondik ere nahikoa Etxerat elkartearentzat. "Oraindik ere, 500 eta 2.000 kilometro bitarteko bidaiak egin behar ditugu astero, gure bizia arriskuan jarriz. Ez dago euskal presoak Zaballara ekartzea eragozten duen inolako aitzakiarik, ez legediaren aldetik, ez baldintza materialei dagokienez".

"Herri honen etorkizunarekikoa da gure konpromisoa, absentzia gehiagorik gabe eta min gehiagorik gabe. Gure eskua luzatuta dago gatazka politikoaren konponbidean laguntzeko, elkarbizitza eraikitzeko eta sufrimendua aitortzeko, sekula berriz errepika ez dadin", esan du Velezek.

Albiste hau Ahotsa-info-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude