Urtetako injustiziaren ostean, gainerako langileen pareko eskubideak aitortzen zaizkie etxeko langileei Espainiako estatuan, joan den astean Kongresuak hala onartuta. Arazoa da etxeko langile asko atzerritik iritsiak direla, ez dutela paperik eta beraz ezin dituztela legez aitortutako eskubide horiek baliatu. Migrazio Legea aldatu ezean, lortutako eskubideak ez dira denentzat.
Etxeko langileen egoera arautu du Espainiako legeak: gizarte segurantzan sartu ditu, langabeziarako aukera dute eta kaleratzea arautu zaie, besteak beste. Esanguratsua ere bada, gainerako langileek dituzten eskubideak orain arte ez aitortu izana.
Kontua da, El Salton jaso dutenez, sektore honetan lan egiten duen emakume asko migratzaileak direla eta egoera irregularrean daudela –etxean interna ari direnen hamarretik bederatzi atzerritarrak dira Espainiako estatuan–. Migrazio Legearen arabera, gutxienez hiru urte erroldatuta egin behar ditu atzerritik datorren herritarrak, lan kontratu bat eskuratu ahal izateko. Alegia, legean lortutako eskubideak ezin dituztela baliatu, eta Migrazio Legeak berak esklabotza eta lan egoera zaurgarria bultzatzen dituela. Migrazio Legea aldatzea eskatu dute, etxeko langileen lan baldintzen duintzea benetan langile guztientzat izan dadin.
Sektoreko langileek gogoratu dute Migrazio Legeak ez duela bakarrik eskatzen hiru urtez erroldatuta egotea –eta beraz, kontratatu nahi izanda ere, ezin dituzte kontratatu–, horrez gain baldintza asko eskatzen zaizkie –gutxienez urtebeteko eta astean 40 orduko lan kontratua izatea, lurraldean sustraitze positiboa frogatzea, aurrekari penalik ez duela ziurtatzea…–.
Eskubideak, izan badituzte
Halere, paperik gabe dauden emakumeak kontratatu ezin badaitezke ere, emakume horiek pasaportea izateagatik eskubideak izan badituztela gogoratu dute El Salton, nahiz eta askotan emakumeek eurek ez dakiten hori hala dela. Adibidez, egoera irregularrean dauden eta etxeko lanetatik kaleratuak izan diren hainbat emakumek epaitegietan kaleratzeagatiko kalte-ordaina lortu dutela azpimarratzen du artikuluak.