Orain dela egun batzuk Bilboko metropoliko AZET sindikatuak hitzaldi batean parte hartzera gonbidatu gintuen. “Turistifikazioaren aurkako tresnak eta borrokak aztergai” zioen solasaldiak, eta hantxe izan ginen gure ekarpen xumea egiten.
Donostiako metropoli kapitalista asko aldatu da 2016an Groseko Etxebizitzaren Aldeko Sarea martxan jarri genuenetik. Zorionez, eusten duten auzo langileak ere asko aldatu dira.
2016 urte latza izan zen; Donostia Capital de la Cultura Europea izendatu zuten batzuek, eta besteok, berriz, Cultura del Capital izendatu genuen. Kortxoenearen eraisketak inflexio puntua markatu zuen gurean. Esan genezake guretzat, Barcelona 92, Donostia 2016 izan zela: hiriko burgesiaren alde, Donostia garbitzeko unea.
2020 ere aldaketa unea izan zen, izan ere, mundu osoa kolpatu zuen pandemiaz harago, auzoan, beste birus batek eraso egin zigun: Azora funts putreak. Pandemiak eta Azoraren presentziak hautsak harrotu zituen eta, egun batetik bestera, arazo bat sozializatzen zuen talde soil bat izatetik, Etxebizitza Sindikatu izatera egin genuen salto. Aholkularitza lanak, negoziazio gogorrak, Azorako maizterrak antolatzea... hainbatek Azorari pare bat pisu desjabetu ere egin zizkioten. A ze urtea!
Ez diogu inori gezurrik esango, hasieratik izan zen gure helburua sindikatu bat sortzea.
Turistifikazioaren ondorioz etxebizitzaren auzia berebizikoa bilakatu zen, eta gaiari azkar ez bagenion heltzen, aukera guztiak zapuztuak edukiko genituzke, auzokide guztiak auzotik kanpo bizitzera kondenatuak.
Berebiziko ez ezik, estrategikotzat ere jo genuen etxebizitzaren auzia. Bada, etxebizitza delako, atzo bezala gaur, klase gatazkaren adierazle nagusia gure auzoan. Horregatik, etxebizitza sindikatua martxan jartzea, klase birkonposizioan ekarpena egitea da. Izan ere, langileoi bi aldiz (eta gehiago) lapurtzen digute gure lanaren balioa: lanean eta etxea ordaindu behar dugunean.
Argi eduki behar dugu hemen proposatzen duguna ez dela alokairuaren prezioaren gaineko kritika isolatua. Arazoa ez delako etxebizitzaren prezioa (noski, baita ere), etxebizitzak prezioa izatea baizik. Guk etxebizitzaren desmerkantilizazioa bultzatu nahi dugu, eta horretarako gai horren gaineko kontrol handiagoa bultzatu beharra dago. Langileon antolakuntza oinarri.
Begiratu diezaiogun gaur egungo errealitateari, zein datu ditugu?
2021. eta 2022. urteetan, auzoko errenta maila 27.741 eurotakoa zen, hamalau pagatan. Hilean 1.981,5 euro, eta horri gutxi gorabeherako atxikipena aplikatuta; 1.754 euro hilean langilearen poltsikora.
Proposatzen duguna ez da alokairuaren prezioaren gaineko kritika isolatua. Arazoa ez delako etxebizitzaren prezioa (noski, baita ere), etxebizitzak prezioa izatea baizik
Orain, logikoena, alokairuaren batez besteko prezioa ematea litzateke. Errealitatea hain da gogorra, ordea, baxuena jartzearekin nahikoa dugula bizi dugun egoera azaltzeko. Idealistan topatu ditzakegun lehen hiru alokairu merkeenak (datua abendukoa da) hauek dira: 1.000 euro gela bat, 1.100 euro gela bat eta 1.100 euro bi gela (35 metro koadro).
Beraz, gutxienez, soldataren %62 eskaini behar dio langileak alokairuari. Etxebizitza partekatua bada, %31. Horrek ere badu bere irakurketa.
Datuekin jarraituta, azken urteetan eskaintzen ziren pisuen kopurua 53 etxetakoa zen. Aldiz, Etxebizitza Turistikoena 2022. urtean, 295. Horien batez besteko prezioa gaueko: 295 euro, hau da, hilabete osoa 6.090 euro.
Datuekin amaitzeko; egun 5.522 etxe huts daude Donostian, horietarik 300 baino gehiago Grosen. Kontziente izan behar dugu, ordea, horien artean ez direla sartzen Etxebizitza Turistikora bideratzen direnak. Denak zaku berean sartuko bagenitu, eta guretzat hala da, noski, 600 bat etxe huts edukiko genituzke. Horien %50 Etxebizitza Turistikoen negoziora bideratuta.
Hortaz, arazoa ez da etxerik ez dagoela, horrekin egiten den negozioa baizik. Horregatik, neoliberalismoak zein sozialdemokraziak planteatzen dituzten neurrien aurrean (etxebizitza berriak eraikitzea, adibidez), espekulazioari ateak ixtea eta etxebizitzaren erabateko desmerkantilizazioan sakontzea besterik ez zaigu geratzen langileoi.
Etxebizitzaren merkantilizazioa dela eta, kapitalak suposatzen duen harreman soziala mahai gaineratzen du: alde batetik burgesia eta errentatzaileak, eta bestetik, alokairuan, hipotekan edota okupatzen bizi direnak. Lehenek, funts putre eta etxejabe txikiek, interes bera ordezkatzen duen bloke politikoa osatzen dute, espekulatzaileena. Bigarrenek, berriz, beren lana soilik, edo sikiera hori ez dutenen ordezkaritza, etxebizitzaren desmerkantilizazioaren aldeko blokea.
Etxebizitzaren auziak erabateko zentraltasuna duen arren, argi dugu hau ez dela Bartzelonako Ravala, baina horrek ez du inondik inora ere esan nahi erabateko zentraltasuna ez duenik, baizik eta zentraltasuna duen hori beste modu batean egikaritu egiten dela. Esentzia eta itxura zioen batek.
Auzoaren errealitatea ezagutzea ezinbestekoa da. Isilpeko kaleratzeak eta turistifikazio prozesu basatiak gertatzen ari dira Grosen, aldiz, ohiko kaleratzea gertatzea zailagoa izaten da. Horrek, etxebizitzaren auzia problematizatzeko bestelako tresnak pentsatzera eraman gintuen, eta eraman behar gaitu etorkizunean ere.
Laburbilduz, etxebizitza merkantzia gisa erabiltzen da, eta bizilagunak merkantzia horren bitartez erlazionatzen dira. Izan ugazaba zein bankuekin, edo eta espazio publikoaren pribatizazioa eta turistentzako zerbitzuen areagotzea bultzatzen dutenekin. Horregatik, Etxebizitza Turistikoen aurkako kanpainak erabateko garrantzia hartzen du.
Kanpainaren nondik norakoak ulertzeko ezinbestekoa da lehenengo sindikaturen helburuei erreparatzea.
1. Sindikatua indartzea: kide berriak batzea, sindikatua funtzionala izatea eta erreferente zein zilegi izatea. Erreferentea auzokideentzat, eta zilegi, berriz, aurkariarekiko.
2. Bizilagunak antolatzea: gatazkak piztea eta sindikatuaren planteamendua auzoko txoko guztietara hedatzea. Auzoko atari guztietan sindikatuko kide bat izatea.
3. Donostiako Etxebizitza Mugimendua sortu eta agenda amankomunak eratzea, auzo guztietan etxebizitza sindikatuak antolatzeko.
4. Hondarpe indartzea: komunitatea politikoaren artikulazioa, osotasuna (partziala, akaso). Auzoko beste eragileekin batera eratua.
Helburu horiek elikatzeko, Etxebizitza Turistikoen aurkako kanpainak bi azpi helburu ditu:
1. Kapitalari espazioak borrokatzea espekulazioa mugatuta. Horretarako "Etxebizitza Turistikoen aurkako gida" aurkeztu genuen; bizilagunen bilerak egin eta aktibitate ekonomikoa portaletan debekatzeko.
2. Auzokideak antolatzea: alde batetik gai hau jorratuko duen sarea osatuta, eta bestetik, sindikatuaren erreferentzia edukiko duten pertsonak auzoko txoko guztietan bermatuta.
Ez gara hemen sartuko gidaren nondik norakoen berri ematera, horiek gure sare sozialetan baitaude ikusgai, baina bai pare bat kontu komentatzera. Esan beharra dago kanpaina ez zitzaigula guri okurritu. Bizilagun bat asteleheneroko aholkularitza kolektibora agertu zen eta horrek bultzatu gintuen lanketa hori egitera. Ikerketakidetza militantearen gauzak, aizu.
Hasiera batean ziurgabetasun handiz jokatu genuen. Ez ginelako erabat ziur ea horrek berme juridikorik ematen ote zuen. Baina guretzat garrantzitsuena ariketa bera egitea zen, bizilagunak bildu eta eztabaidatu zezaten, Etxebizitza Sindikatuaren erreferentzia oinarri hartuta.
Ondoren, epaile batek kontra egiten bazuen, ba... baliteke juridikoki bermerik gabe gelditzea erabakia, baina gauzak ondo eginez gero gatazka bat pizteko aukera edukiko genuke. Eta hor kokatzen dugu guk puntu garrantzitsuena. Gatazkak piztearen behar horretan. Gatazkak ahalbidetzen baitu kontzientziaren garapena, kontzientzia ulertuta, noski, antolatzearen hautua hartzea bezala.
Aipatu beharra dago, gainera, Etxebizitza Turistikoaren aurkako kanpainaren bitartez batu den jende bat, zerikusirik ez zuen beste ekimenetan ere presente egon direla. Gaiak komunitate politikoaren eraketan aurrerapausoak ematen dituen seinale.
Amaitzeko, jakin, horretaz aparte, fidantzen lapurretari aurre egiteko gida ere kaleratu genuela orain dela ez asko. Langile klasearen defentsarako beste tresna eraginkor bat.
Groseko Etxebizitza Sindikatua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]
Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.
Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]
"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.
Kezka, ezinegona eta... [+]
Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.
Miope bezain itsu,... [+]
Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.
Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]
Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.
Aurten,... [+]
Zenbat min jasan dezake bihotz batek?
Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?
Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.
Jolasa bukatzea... [+]
Askotan hitz egin izaten da (dugu) banketxeen inguruan, kritika askoren jo-puntuan jarriz behin baino gehiagotan. Inor gutxi ezagutzen dut banketxeei buruz zerbait txarra esan ez duenik… baina, era berean, inor gutxi ezagutzen dut banketxeen zerbitzurik erabiltzen ez... [+]