Etorkizuneko oroitzapenetan ezinbestekoa

  • Ez daukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona… Inoiz entzun al duzu erleen amaierak gure amaiera ekar dezakeela? Gure amaiera ez dakit, baina gure ingurumenarena bai.


2023ko martxoaren 20an - 07:00
Azken eguneraketa: 08:48
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Garrantzia handiko intsektua da erlea. Bere lana eztia egiteaz harago doa. Eztirik gabe bizi gintezke, bai; baina beste lanak egiteari utziko balio… Hor dago gure ingurumenean erleak duen eginkizun garrantzitsuena: polinizazioa, loreen ernalketa.

«Txikitako oroitzapenen artean dauzkat gordeta aitona-amonekin gaztainak biltzera joandako egunak. Bota zaharren laguntzaz morkotxak zapalduz gaztainak ateratzen ziren bistara. Bi poltsikoak betetzerakoan gerturatzen nintzen amonarengana saskian biltzeko. Zenbat atzamar punta zulatzen genituen morkotx horien orratz zorrotzekin… A ze tiro hotsa gaztainak erretzen ziren bitartean… Ez nekien erlea gaztain loreetan ibiliko ez balitz, ez genukeela horrelako unerik biziko».

Loreek nektar gozo bidez erakartzen dituzte erleak. Erlea nektar bila joaten denean, hankako orrazi bidez polena biltzen du pilotatxoak osatuz. Polen hori landareen zati arra da. Loreek beraien fruitua eman ahal izateko garraiatuko du erleak polen hori; lorez lore, zati arra zati emean utziz.

«Oso masusta zaleak ziren nire lehengusu gazteak, sastraka handienaren bila ibiltzen ginen, bertan baitzeuden masustarik handienak ere. Masusta gorri ondu gabeak, berdeak, eta beltz-beltzak. Ezpain moreekin agurtzen genituen egunak… Ez nekien erlea masusta loreetan ibiliko ez balitz, ez genukeela horrelako unerik biziko».

Badira erlea galdutzat eman duten herrialdeak. Erlea galtzeak dakartzan arazoez aski jabeturik daude, noski. Melokotoi zuhaitzen loreak banan-banan ernaldu behar izaten dituzte artifizialki.

«Txooootx! Zenbat parranda kupel bete sagardoren ondoan, zenbat algara, bertso txar eta dantza urtez urte Euskal Herri osoan… Ez nekien erlea sagarrondo loreetan ibiliko ez balitz, ez genukeela horrelako unerik biziko».

Ba hori. Garrantzia handiko intsektua da erlea. Zure etorkizuneko oroitzapenetan ere bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude