Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ekarpenak egin dizkio estrategia demografikoari buruz Eusko Legebiltzarrak aurkeztutako lan dokumentuari.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen arabera estrategia demografikoa "giltzarria" da hizkuntza politikaren ikuspegitik, biztanleria aldaketek eragin zuzena dutelako hizkuntza baten egoeran. Hori horrela, arlo horretan euskara txertatzeko ekarpenak egin dizkio Eusko Legebiltzarrari UEMAk.
Orohar, "zeharkotasuna" eta "eragile guztien arteko lankidetza" ezinbestekotzat dauzka: "Hizkuntza-politikan pauso handiak eman dira urteotan, baina agerian geratu da ebidentzia bat: hizkuntza-politika ez da berariazko politikekin egiten, beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten baitiote euskararen egoerari".
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen webgunean irakurri daiteke landuriko dokumentua.
Orokorki, jarduera-planaren lehen zatian, epe laburrerako inpaktua lortzea helburutzat jarri dute, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur-eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatuz.
Jarduera-planaren bigarren zatian, berriz, ibilbide luzeko inpaktuari dagozkion neurrietan, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak UEMArentzat. Baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere, migratzaileei harrerarekin euskara eskaintzearekin batera.
Jardunera-planaren hirugarren zatian, zeharkako ildoei dagokienean, hiru proposamen egin ditu UEMAk: landa-ingurunean herri horietako biztanleak bertan gera daitezen neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko-tresnen eta prospekzio-azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea ere txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, baliabide gutxien duten herrietan arreta berezia jartzeko.
Maiatzaren 18an zuen gai horri buruzko bilkura monografikoa Eusko Legebiltzarrak eta karia horretara dizkio proposamenak plazaratu UEMAk.