Espetxeratu egin dute Ziburun emakume bat larriki zauritu zuen gizona

  • Gizonak buruan kolpea eman eta hamar labankada jo zizkion emakumeari. Epailearen aurretik pasa ostean espetxeratu egin dute, homizidio saiakera leporatuta. Emakumeak zauri larriak ditu, baina arriskuz kanpo dago.


2021eko abuztuaren 25ean - 06:52
Azken eguneraketa: 09:15
Feminizidioen aurkako elkarretaratze bat (Argazkia: EITBren bideo bateko fotograma)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Baionako Justizia Auzitegian deklaratu du erasoa gauzatu zuen gizonak, eta epaileak hura espetxeratzeko agindua eman du. Homizidio saiakera leporatu diote.

Erasoa abuztuaren 20ko ostiralez jazo zen. 23 urteko gizonak 40 urteko emakumeari eraso egin zion labanaz, Ziburun. Etxe parean aparkatu eta autotik atera orduko buruan kolpea eman zion emakumeari erasotzaileak; ostean, emakumea etxera sartu zen, eta gizonak sukaldetik hartutako labana batekin hamar labankada jo zizkion. Auzokideek ikusi zuten erasotzailea etxetik labana eskuetan ateratzen, eta Poliziari deitu zioten. Frantziako Polizia haren bila ibili zen, harik eta abuztuaren 22an Ziburun bertan atxilotu zuten arte. Lehen ikerketek ez dute harremanik aurkitu erasotzailearen eta erasotuaren artean.

Emakumea larriki zauritua dago erasoaren ondorioz. Osasun langileek Baionako Belharra klinikara eraman zuten bere etxean zauriturik aurkitu ostean. Medikuen arabera, dituen zauriak larriak izanik ere, arriskuz kanpo dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Eguneraketa berriak daude