Esperientzia komunitarioak aztertuko ditu ‘Bizitzak eta lurraldeak’ nazioarteko konferentziak

  • Euskal Herriko esperientzia komunitarioei erreparatuko die Bizitzak eta Lurraldeak nazioarteko konferentziak. Apirilaren 9an hasiko da eta 11 arte, Euskal Herrian garapenarekin eta eraldaketa sozialarekin loturiko esperientzia komunitario aberatsak aztertuko dituzte, Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan. Antolatzaileak Olatukoop, Parte Hartuz Ikerketa Taldea eta Iratzar Fundazioa dira.


2019ko apirilaren 9an - 16:35
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Euskal Herrian udalgintza, tokiko garapena edo ekonomia eraldatzailea konbinatzen dituzten esperientzia ugariren sorlekua izan da. Aurreko hamarkadetan esperientzia komunitario kopuru handia metatu du gure herriak, oraindik ere behar besteko arretaz aztertu ez duguna eta bere neurrian baloratzen ez dakiguna. Atzera begirada horrek etorkizuna irudikatzeko balio digu", adierazi dute antolatzaileek.

Europako hainbat eragilekin batera, gogoeta sustatu nahi du Bizitzak eta Lurraldeak nazioarteko konferentziak, euskal eragile sozial, politiko, ekonomiko eta sozialekin partekatu asmoz.

Hiru eguneko konferentzia izango da. Lehen egunean, apirilaren 9an 16:30ean, eremu berri baterako tresna teorikoak aztertzeko hainbat saio egingo dituzte. Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea), Imanol Esnaola (Gaindegiako zuzendaria), Beñat Irasuegi (Talaios kooperatiba), Jone Etxeberria (filosofo eta ekintzailea), Joan Subirats (UABko katedraduna eta Ada Colauren aholkularia) eta Iñaki Soto (Filosofoa eta Gara egunkariko zuzendaria) izango dira hizlariak.

Apirilaren 10eko goizean, Iruñeko udaletxera bisita egingo dute. Arratsaldean, galdera honi erantzuten ahaleginduko dira: “Nola uztartzen dira tokiko garapena, udalgintza eta ekonomia eraldatzailea?”. Lehendabizi, Joseba Garmendia (EHUko irakaslea), Patri Perales (Iruñeko zinegotzia) eta Karlos Renedoren (arkitektoa eta Hiritik At kooperatibako kidea) arteko solasaldia izango da. Ondoren, Ivan Miró soziologo eta ekintzailearen hitzartzea izango da, Bira Kultur espazioan.

Apirilaren 11n, knowledge/noodles metodoaren bidez, eremu komun bat aurkitzen ahaleginduko dira hainbat gairen inguruan Euskal Herriko eta Europako bederatzi aditu. Ondoren, Ivan Miró eta Amaia Perez Orozko (ekonomialari feminista) etorkizunari begira jarriko da. Arratsaldean, bukaerako hausnarketa eskainiko dute Sortuko herrigintzako arduradun Pello Otxandianok eta Ulrik Kohl Kopenhageko zinegotziak. Ondoren, “Herritartasun berri bat definitzen ari gara?” galderari erantzungo diote Pastora Filigrana (feminista eta SATeko abokatua), Susanne Schultz (Rosa Luxemburg fundaziokoa) eta Andoni Olariagak (filosofoa eta Iratzar fundazioko kidea).

Ikusi egitaraua irudi bakarrean.

Hainbat bideo grabatu dituzte hitzaldietan parte hartuko dutenek. Jarraian ikusgai.


Burujabetza kanalean gehiago
2024ko ekainaren 5
Teknologia
Publikoa ai do!

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.