Hassana Aalia

"Espainiako poliziak errefuxiatuak ere torturatzen ditu, mugetan"

  • 1988an jaioa, Saharan. 2011tik bizi da Euskal Herrian, Bilbon lehenik eta egun Hernanin. Saharar Kontseiluko Giza Eskubideen Komiteko kidea da. Mintzo zaigu bere kasuaz, torturaz, Saharaz, paperik gabe bizitzeaz, gero eta polizialagoa den Europaz...

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2018ko uztailaren 13a

Errefuxiatu politiko estatusa lortua duzu. Irabazi zenuen Marokoren eskutan erortzeko borroka.

"Espainiaren eta Marokoren arteko interes ekonomikoak giza eskubideen eta pertsonen gainetik daude. Lotsagarria da"

2011n asilo politikoa eskatu nuen baina 2016an Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin zidan eta 15 eguneko epean estatutik ateratzera behartu ninduen. Ukapen horrekin, Barne Ministerioak onartzen du ni bizi osoko kartzelara kondenatu ninduen Marokoko auzitegi militarra, nazioarteko hainbat erakundek eta baita Europar Batasuneko Giza Eskubideen komisioak ere auzitegi militar hau salatua duten artean. Ukapen horrekin oso ongi ulertu dugu: Espainiaren eta Marokoren arteko interes ekonomikoak giza eskubideen eta pertsonen gainetik daude. Lotsagarria da. Segur aski Marokok Espainia presionatu zuen asiloa ukatu ziezadan.

Borroka luzea egin genuen Audientzia Nazionalean ezin konta ahala agiri aurkeztuz, torturatua izan nintzela agertzen dutenak: Marokoko auzitegietan jarritako salaketak, nazioarteko erakunde askoren babesa, Istanbuleko protokoloak berretsi zuen torturatua izan nintzela fisikoki eta psikologikoki...

Babesik handiena herritarrek eman didate. Nire aldeko manifestazio asko egin ziren, jendea kalera atera zen, mozio asko onartu ziren udal eta parlamentuetan... Niretzako hunkigarria izan zen, Hernanin jendeak kalean gelditzen ninduen eta esaten zidan "badugu baserri bat, ezkutatu nahi baduzu", edo "beste herrialde batera eraman zaitzakegu"... elkartasuna izugarria izan zen.

Azkenean, 2016an, lortu nuen errefuxiatu politiko estatusa, Audientzia Nazionalak horren aldeko sententzia atera baitzuen.

Badakizu zer den urte luzetan paperik gabe bizitzea.

"Jendea ikusten duzu lasai asko bere NANarekin paseatzen, eta zu aldiz, etorkina izateagatik, behin eta berriz  gelditzen zaitu poliziak. Mina ematen du, zu ez zara eskubideak dituen pertsona"

2011n iritsi nintzenean txartel gorri bat baino ez nuen. Horrekin ezin da mugarik zeharkatu. Beldurra ematen du, txartel horrekin estatu barruan bidaiatzeko ere ez dizute hegazkina hartzen uzten batzuetan... poliziek kalean etengabe geratzen zaituzte, galdetzen dizute txartel hori zer den, beti azalpenak eman behar eta askotan ez dute txartel hori baliozkotzat hartzen... oso gogorra da, jendea ikusten duzu lasai asko bere NANarekin paseatzen, eta zu aldiz, etorkina izateagatik, behin eta berriz eta etengabe gelditzen zaitu poliziak. Mina ematen du, zu ez zara eskubideak dituen pertsona.

Egun, egoera normalizatuagoa daukat. Txartel bat daukat bost urtero berritu beharrekoa. Baina ez naiz europar hiritarra. Ezin dut bozkatu. Pasaporte urdin bat daukat, munduko herrialde ia denetara bidaiatzeko aukera ematen didana, Marokora salbu.

Espainiar naziotasunik ez duzu nahi.

Ez noski. Adibide bat: Saharako eremu okupatura atzerritarrak datozenean, jatorriaren arabera Marokoko autoritateek ezberdin tratatzen dituzte. Espainiarrak gaizki tratatzen dituzte eta jo ere bai. Frantsesak edo alemanak, aldiz, ez. Espainiako naziotasunak ez dit balio.

2012-2013an kanariarrak joan ziren eta Marokoko poliziek bortizki jo zituzten. Hilabete batzuk geroago, alemaniar batzuk herrialdetik bidali baino ez zituzten egin. Alemaniako Gobernuak galdetu egin zion Marokori, ea zergatik bidali zituen alemaniar herritarrak. Espainiak, bere herritarrak jipoituak izanik, ez zuen txintik esan.

Zure desioa non bizitzea da?

"Bizi osoko kondena daukat, itzultzen banaiz kartzelara joango naiz. Itzultzeko aukera bakarra Sahara libre izatea da"

Nik beti bizi nahi izan dut nire herrian. Ni Bilbora hiru hilabeteko bisatuarekin iritsi nintzen. Ekintzaileentzako formazio bat egitera etorri nintzen eta ondoren itzuli egingo nintzen. Hona etorri eta hilabetera atera zen argitara nire aurkako agindua, eta beraz, bertan gelditzera behartuta sentitu nintzen. Oso gogorra izan da. Pozarren biziko nintzateke Saharako gure etxean, etxekoekin. Urteekin harremana aldatzen joaten da, senideak galtzen zoaz...

Zer aukera dituzu nahia betetzeko?

Bizi osoko kondena daukat, itzultzen banaiz kartzelara joango naiz. Itzultzeko aukera bakarra Sahara libre izatea da. Horregatik militatzen dugu, Saharako herritar denak bere herrira itzuli ahal daitezen. Bai errefuxiatu kanpamendutan bizi direnak, bai erbesteratuak garenok...

Gdeim Izik kanpaldi baketsuan parte hartzeagatik kondenatu zaituzte. Zer izan zen kanpaldi hura?

"Gdeim Izik kanpamendua antolatu genuen. 20.000 pertsona atera ginen kalera eta erabaki genuen ez etxera itzultzea gure eskubideak irabazi arte. Kanpamendu honek 28 egun iraun zituen, militarrek deuseztu zuten arte: haimak erre zituzten, jendea bortxatu, erail..."

Saharako okupatutako eremuan giza eskubideak urratzen ditu Marokok. Jendeak ez du lan egiteko eskubiderik, ez bere kultura izatekorik, ez bere hizkuntzetan hitz egitekorik... ekimen handi bat antolatzea erabaki genuen, nazioartean oihartzuna lortzeko eta blokeo informatiboa hausteko. Gdeim Izik kanpamendua antolatu genuen, El Aaiundik gertu eginiko protesta baketsua. 20.000 pertsona atera ginen kalera, era guztietakoak: emakumeak eta gizonak, zaharrak eta umeak... eta erabaki genuen ez etxera itzultzea gure eskubideak irabazi arte. Kanpamendu honek 28 egun iraun zituen, eta azaroaren 28an militarrak atera ziren kalera, eta haimak erre zituzten, jendea bortxatu, erail... horren ostean, jende asko kartzelatu zuten: egun 24 preso ditugu, horietatik 8 bizi osoko kartzelaldira kondenatuak eta gainerakoak 20-25-30 urteko kondenadunak. Auzitegi militarrak kondenatu zituen lehenik, eta zibilak ondoren. Astakeriak leporatzen dizkigute: erakunde armatua izatea, militarrak erailtzea... baina ez dute gure aurkako froga bakar bat ere. Erail omen ditugun militar hauen izenik ere ez. Beldur mezua zabaldu nahi dute, herritarrak gehiago kalera atera ez daitezen.

Nazioartean tortura salatzeko lan egiten duzu.

"Badakigu Espainian ere torturatzen dela, eta orain bereziki salatu behar dugu, Espainia Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontseiluko kide delako. Mugetan ere torturak egiten dira. Melillan edo Atzerritarrak Sartzeko Zentruetan"

Nazio Batuek hainbat aldiz salatu dute Marokok saharar herriaren aurka erabili duen tortura, Sahara Mendebaldeko lur okupatuetan.

Badakigu Espainian ere torturatzen dela, gatazka politikoko eremuen aurka, Euskal Herriaz ari naiz. Eta nazioartean hainbat aldiz izan da horregatik kondenatua. Eta orain bereziki salatu behar ditugu tortura kasu hauek, Espainia Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontseiluko kide delako. Zoritxarrez, estatu honetako tortura kasuak ez dira nazioartean ezagutzera ematen. Zeren Espainian tortura kasuak daudela esaten dugunean, jende askok ez du sinesten: " Europako herrialde batean? ezin liteke izan".

Mugetan ere tratu txar eta torturak egiten dira. Melillan edo errefuxiatuak sartzen dituzten Atzerritarrak Sartzeko Zentruetan (gazteleraz CIE)...

Errefuxiatu baten begietatik nola ikusten da Europa?

Europa lotsa da. Herrialdeen arteko hainbeste hitzarmen, errefuxiatu izateko eskubideari buruzkoak, etxe duin bat izateko eskubidearenak, libre izateari buruzkoak... eta lotsagarria da mugak itxita egotea. Albistegietan ikusten dugu milaka pertsonak bizia galtzen duela Mediterraneo itsasoan. Salatzen jarraituko dugu, Europa errefuxiatutako pertsonen eskubideen aurkako hitzarmenak egiten ari dela.

"Kalean polizia kotxe gehiago ikusten dira anbulantziak baino. Ospitaleetan gero eta langile gutxiago dago,  komisarietan gero eta  gehiago"

Politikariek saltzen digute Europa abegitsua dela. Baina ez da horrela. Horregatik ari dira hainbeste kolektibo borrokan, pertsonek hemen libre bizi ahal izan dezaten.

Europan gero eta kartzela gehiago irekitzen ari dira, gero eta Atzerritarrak Sartzeko Zentru gehiago... egun kalean polizia eta militarren kotxe gehiago ikusten ditugu anbulantziak baino. Ospitaleetan gero eta langile gutxiago dago, eta komisarietan gero eta polizia gehiago.

Herritargoa kontrolatu eta presionatu nahi dute, bere eskubideak eskatu ez ditzan. Hori bera ikusten dugu Mozal Legearekin, manifestazio eta aldarrikapenik egon ez dadin erabiltzen dute.

Zer da errefuxiatu bat?

"Errefuxiatu denak dira politikoak"

Edozein pertsona, bere herrian bizia arriskuan duena. Izan daiteke kontu politikoengatik, erlijiosoengatik, eskubide kontuengatik... dena dago politikarekin lotua funtsean. Hemen ditugun errefuxiatuak gatazketatik datoz, ez datoz motiborik gabe, libre bizitzeko leku bila baizik. Errefuxiatu denak dira politikoak.

 

Ondorengo bideoan, Hassana Aaliak "Inor ez da ilegala" leloari gehitu dion mezua:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Inor ez da ilegala kanaletik interesatuko zaizu...
Migrazioa erdigunean

“Migratzaileen urtea izan da 2018, eta bide horretan doa 2019a ere. Baina ez guri lana “kentzera” migratzaile oldea datorrelako, batzuek saldu nahi diguten moduan, Europan migrazio politika gero eta gogorragoak eta diskurtso gero eta xenofoboagoak zabaltzen ari direlako baizik. Eta hauteskundeen urtea izanik, gertuago eta ozenago entzungo ditugulakoan nago.


2018-12-27 | Iņigo Igartua
Wednesday Silva, Oņatin bizi den ginearra: "Errefuxiatuek bizi dituzten egoerekin alderaturik, luxuzko bizitza izan dut"

Errefuxiatuei elkartasuna adierazteko “Inor ez da ilegala” astea, Wednesday Silva ginearraren hitzaldiarekin biribildu dute Oñatin. Antolaturiko ekintzen artean, aurkezpenak, hitzaldiak, bazkaria eta tailerrak izan dira.


2018-12-21 | ARGIA
Bouba Diouf (Mbolo Moye Doole): "Kooperatibak migratzaileon bizi baldintzak eta integrazioa hobetzeko modu bat izan daitezke"

Migratzaile talde batek sortu duen garbitzaile kooperatiba bat da Mbolo Moye Doole. ARGIA aldizkarian adierazi izan dugunez, gurekin elkarlanean “Inor ez da ilegala” kanpaina jarri zuten martxan, kooperatibarako dirua lortzeko.


Urkulluk ikusten ez duen xenofobia

Migrazioari buruzko itun soziala proposatu du Urkullu lehendakariak, EAEra datozenentzako harrera eta integrazio hobea eskatuz, mezu xenofoboei aurre egiteko batasuna aldarrikatuz. Etxe barrutik hasi beharko luke, ordea.


2018-12-19 | Iņigo Igartua
"Inor ez da ilegala" aldarrikatuz hasi da Oņatin etorkinei elkartasuna adierazteko astea

Abenduaren 18ko Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira aste osorako egitaraua osatu dute Oñatin. Auzoko, Cear, Elkarzabal, gaztelekua, gaztetxea, Hotz Oñati eta Txipistin eragileek antolatu dituzte ekitaldiak.


"Euskal Herria, harrera herria" manifestuarekin bat egitera deitu dute

Hona iristen diren migratzaileentzako harrera duin eta integral iraunkorra aldarrikatuz, Euskal Herriak etorri direnei besoak beti zabaldu dizkiela gogoratuz, karitatetik harago elkartasuna eta justizia nabarmenduz, eta politikariei ardura eskatuz, manifestua argitaratu du Irungo Harrera Sareak. Manifestua sinatzeko eta urtarrilaren 26ko manifestaziora batzeko deia egin diete herritarrei.


Kaleko saltzaile baten atxiloketan Donostiako Udaltzaingoak erabilitako "bortizkeria" eta "gezurrak" salatu dituzte

Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduko eta Bilgune Feministako hainbat ordezkariz lagundurik, Donostiako Parte Zaharreko Joseba Alvarez bizilagunak agerraldia egin du ostegunean ekainean kaleko saltzaile baten atxiloketaren harira gertatutakoak salatzeko.


Frantziar estatua utzi beharrean dira igandean Hazparnen atxilotu zituzten bi etorkinak

21 eta 26 urteko bi gazte atxilotu zituzten Hazparnen, fiskalaren aburuz egoera “irregularrean” egoteagatik. Arratsaldean atzeman zituen poliziak, eta goizeko 1:30ak aldera askatu zituzten. Urtebete daramate etxe batean bizitzen, eta nortasun agiririk ez duten arren, jaiotze-agiriak eta mediku-laguntza baimenak badituzte. Komisaldegitik irten aurretik agiri bana eman zieten, esanez 45 egun dituztela herrialdea uzteko.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude