Bost urte inor ez da ilegala aldarrikatzen

  • Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago jarraitzen du egitasmoak, migrazio politika krudela eta migratzaileek jasaten duten jazarpena, horren lekuko.

Argazkilariak: Dani Blanco ARGIA CC BY-SA · Angula berria · Eitb

2018an du abiapuntua Inor ez da ilegalak. Bilboko kale-saltzaile senegaldarren Mbolo Moye Doole ehun bat kideko elkartera jo zuen ARGIAk, artikulu baten harira. Paperik gabeko mantero izateari utzi eta kale-saltzaile legal bihurtzeko urratsak emanak zituzten horietako askok, baina kolpe bortitza jaso zuten administraziotik. Baba Mbayek kontatu zigun: “Lizentzia lortu genuen 2015ean, autonomo gisa kale-saltzaile aritzeko, eta urtebeterako bizileku-baimena eman ziguten. Urtebetez Gizarte Segurantzan kotizatzen aritu ostean, hori guztia erakutsi eta beste bi urterako bizileku-baimena berritu ziguten. Hori zen tratua, eta 200 euroko gutxieneko kotizazioa eskatzen ziguten, bertan bizitzen eta lan egiten jarraitu ahal izateko. Baina egun batetik bestera Espainiako Atzerritarrei Buruzko Legearen bidez erabaki dute 800 euroko gutxieneko kotizaziorik gabe ez dizkigutela paperak berrituko, eta gu ezin gara kopuru horretara iritsi. Hilabete batzuetan 200 euro lortzen ditugu, beste batzuetan 250, gehitu zergak eta fakturak, eta atera kontuak”. Hainbat hiritan, malguago jokatu eta ez zieten 800 euroko gutxienekoa eskatzen, bizileku-baimena berritzeko, baina Bilbon legea zorrotz aplikatzea erabaki zuten. “Paperak kentzen badizkigute, egin dugun guztiak ez du ezertarako balioko, klandestinitatera itzuliko gara, pobreziara, ezin mugitu eta ezin gure herrialdea eta gure senide eta lagunak bisitatu, ezin lan duinik egin. Kale-saltzaile izatetik mantero izatera igaroko gara, beti korrika eta poliziarengandik ihesi, beldurrez, paperik gabe harrapatzen bagaituzte agian Madrilgo CIE etorkinentzako zentrora eraman gaitzaketelako, edo hainbeste urte hemen eman ondoren edozein egunetan kanporatu gaitzaketelako. Eta horrela bizitzea, hori buruan, ikaragarria da”.

Migratzaileen kontrako politiken adibide bat gehiago zen, arrazakeria eta xenofobia instituzionalaren adibide bat gehiago, baina baita harreman baten ernamuina ere: ARGIA eta Mboloren artekoa. Elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zen, eta beharra, elkarren proiektuak indartzeko, injustizia hizki larriz bistaratzeko. Horrela jaio ziren kamiseta grisak, aldarria ardatz: Inor ez da ilegala euskaraz, Amul been nit ku leegalul wolofez.

Bouba Diouf: "Egoera latza da eta etorri berriek bakarrik ez, batzuetan hemen daudenek ere, laguntzarik ez badute, oso zaila dute; horiei guztiei laguntzeko erabiltzen dugu proiektuko dirua"

30.000 eurotik gora lortu ditu Mbolok

“Proiektuaren hastapena oso polita izan zen guretzat, potentea, eta oso animatuta eta inplikatuta geunden Mbolon”, gogoratu du Bouba Diouf-ek. Mboloko kidea hasieratik aritu da proiektuan buru-belarri, han-hemenka elkarrekin ateratako arropak saltzen, eta gaur egun Mbolon segitzen du, beste hainbat lan eta zereginekin uztartuta. ARGIAk egindako salmenta bakoitzeko, irabazien erdia ARGIA proiektua eta beste erdia Mbolo elkartea indartzeko da. Mbolok berak egiten duenean salmenta, apur bat handiagoa da Bilboko senegaldarrek eskuratzen duten diru kopurua. Pasa den urrira arte, 30.772 euro utzi dizkie egitasmoak, eta 3.000 bat euro gehiagorekin amaitu dezakete urtea, Durangoko Azoka eta Gabonak tarteko. Kale-saltzaileak eurak joan dira erabakitzen Mbolora bideratutako dirua nola kudeatu. Hasieran, kooperatiba sortzeko gorde zuten dirua, baina traba trabaren atzetik bertan behera geratu zen ideia, eta gainera pandemiak bete-betean kaltetu zituen, ordura arte lortutako dirua erresistentzia kutxa sortzeko baliatu zuten: “Ezin kalera atera, ezin ezer saldu, gure inguruko familia asko premia larrian geratu ziren eta pentsatu genuen dirua baliatzea egoera gogorrenean zeudenei laguntzeko”, azaldu du Dioufek. Erresistentzia kutxak pandemia garaian zuen funtzioa mantentzen duela kontatu du senegaldar bilbotarrak: “Oraindik ere egoera latza da, jende gero eta gehiago dator, eta askok laguntza behar du, ez bakarrik etorri berriek, batzuetan hemen daudenek ere, laguntzarik ez badute, oso zaila dute, eta horiei guztiei laguntzeko erabiltzen dugu proiektuko dirua”. Dena den, kopuru bat gordetzen doazela nabarmendu du, “bolada gogorragoetarako hor egongo da”, eta egitasmoren bat edo beste badute buruan bueltaka: “Mbolon mugimendu handia egon da beti, batzuk datoz, beste batzuk doaz… baina ideiak baditugu, ikuspuntuak bateratzea falta zaigu”.

Alde ekonomikotik harago, ekimenak mezua zabaltzeko balio izan duela azpimarratu du Dioufek: “Euskal Herria herri borrokalaria da, eskubideak defendatzera ohituta dago, eta proiektu honekin zabaldu duguna ere proiektu borrokalaria da. Azken finean, migratzaile izate hutsagatik, beltza izateagatik, zapalkuntza handia jasaten dugu eta mezu hori barreiatu dugu. Are, proiektuak ikusgarritasun handia eman digu, dagoeneko Euskal Herri osoan zehar jendeak ezagutzen du Bilbon Bizkaiko manteroen elkarte bat dagoela Mbolo Moye Doole izena duena! Hori ona da guretzat”.

Bouba Diouf bera arituko da Durangoko Azokaren egunetan, herriko eliz atarian jarri ohi dugun postuan, ARGIAko Mikel Olabide kidearekin batera Inor ez da ilegala produktuak saltzen. Elkarlanak bizirik dirauelako, eta elkarlan horrek esperientzia eta bizipen ugari utzi ditu urteotan. Tartean, liburu bat eta solasaldi sorta emankorra.

"Euskal Herria herri borrokalaria da, eskubideak defendatzera ohituta dago, eta gurea proiektu borrokalaria da. Jendeak dagoeneko ezagutzen du Bilbon Bizkaiko manteroen elkarte bat dagoela Mbolo Moye Doole izena duena!"

Pape Niang. Hasiera berri bat

Mboloko orduko lehendakari Pape Niang ezagutu eta kasik urrats naturala izan zen hari buruzko liburua ateratzea. Zergatik Pape? Kontatzeko moduko bizitza, esperientzia eta gogoetak dituelako: Senegalen zeraman bizimodua; nola egin zuen Dakarrera, hiriburura, bizimodu hobe baten bila; zergatik erabaki zuen Europara jauzi egitea; ze odisea bizi izan zuen bidaia luze eta gogor horretan, bai Afrika zeharkatzen lehenengo, bai pateran Mediterraneoa gurutzatzen ondoren; zer aurkitu zuen Europan; zer den paperik gabe Euskal Herrian bizitzea; kooperatiba bat sortzeko ametsak berpizturiko esperantza… Pape Niang. Hasiera berri bat liburuan biluztu egin da protagonista, eta bere minak eta pozak kontatu ditu. “Bizitzen eta sufritzen duguna kontatzen badugu, agian jendeak migrazioa zer den ulertuko du, gure azalean jartzeko ahalegina egingo du”, dio. “Migrazio prozesuan, bidean geratu den orok kontatzeko asko zuen eta pertsona horien guztien mezua helaraztea garrantzitsua da; ez dugu soilik esan behar Mediterraneoan jende asko hil dela, horren zergatia azaldu beharra dago”.

Niangen bidaia, jakina, ez da bakarrik fisikoa izan, barne-bidaia ere egin du, munduarekiko duen begiradan nabarmen eragin dio migrazioak. Gai ugariri buruz mintzo da liburuan: Afrikako bizimoduan zein eragin (eta zein ardura) duen Europak eta neokolonialismoak; nola ikusten den Afrikatik Europa, nola ikusten den Europatik Afrika; migrazioaren atzean dagoen negozioa (“ostatu ematen dizutenak, zure bila doan kotxe-gidaria, trafikatzaileak, patera abiatzea errazten dutenak… Jende horrek guztiak etekina ateratzen du; galtzen duen bakarra haiei ordaintzeko dirua luzatzen duen migratzailea da, eta agian iritsi ere ez da egingo helmugara”); zer suposatzen duen migratzaile eta beltza izateak gure gizartean… “Migratzaileok hutsaren hurrena bagina bezala hautematen gaituzte, esperientziarik gabekoak, berezko tokirik ez bagenu bezala. Horren aurrean, geure burua balioetsi behar dugu. Basamortua bost litroko ur bidoi eta gaileta pakete batekin zeharkatu duen jendea mundu guztiak baloratu beharko luke”.

Hitz gogorrak ditu Niangek: “Migratzailea izatea umiliagarria da, zer esanik ez Saharaz hegoaldekoa bazara. Lana lortzeko zortea baduzu, adibidez, lan hori nolakoa izango da, zein baldintzatan? Eskaintzen digutena ez da enplegu bat, geure duintasuna galtzea da. Beltzak gara eta beltz gisa hartzen gaituzte”.

2019ko ekainean liburua argitaratuz geroztik, han-hemenka aritu da Pape Niang bere historia kontatzen, solasaldi eta topaketa aberasgarri ugariren abiapuntua izan da. Hunkigarrienetakoa, zalantzarik gabe, pasa den otsailean Eibarko helduen hezkuntza eskolak deituta Armeria eskolan antolaturikoa. Berezitasun bat zuen saioak: aurretik izandako mintzaldietan ez bezala, publikoaren gehiengoak jatorri atzerritarra zuen, eta nahiz eta Niangek ohiko moduan hasi bere kontakizuna, une batean gelditu behar izan zuen, jende bat negarrez hasi zelako, norbere esperientzia gogoan, publikoa besarkatzera ere jaitsi zen oholtzatik Niang, batzuek eta besteek bizitakoa partekatu zuten, eta une batean katartikoa ere izan zen.

Migrazio prozesu askotarikoak daude eta migratzaile bakoitza eta migrazio bakoitza mundu bat da, baina Eibarko saioak erakutsi zuen Paperena badela beste askok bizi duten errealitatearen isla, eta migrazio gehienen atzean dagoela beharra, dagoela bidaia gogor bat tartean eta dagoela sarri ongi hartzen ez dituen gizarte bat helmugan.

Pape Niangen solasaldi hunkigarrienetakoa, pasa den otsailean Eibarko helduen hezkuntza eskolak deituta Armeria eskolan antolaturikoa izan zen. Berezitasun bat zuen saioak: publikoaren gehiengoak jatorri atzerritarra zuen.

Arrakastaren aurkia eta ifrentzua

Inor ez da ilegala kamisetarik izango duzu armairuan, beharbada, edo auzoan eta herrian ziur ikusi duzula kamiseta, jertsea edo poltsa. Bertsolari, abeslari, politikari eta aktoreei ere ikusi diezu soinean jantzita, prentsaurreko eta aurkezpenetan begiz jo duzu hizlariren baten jantzian. Izan ere, aldarriak arrakasta lortu du Euskal Herrian eta Inor ez da ilegalaren postura hurbiltzen den bati baino gehiagori entzun diogu, jertse jakin bat eskatu eta kolore hori ez baldin badago, beste kolore bat aukeratzea, eta jertserik ez badago, kamiseta. Helburua delako Inor ez da ilegala etxera eramatea, kalean harro janzteko. Produktuok eskuratzeko, jo ARGIAren Azokara, eskatu Mbolon edo gerturatu Inor ez da ilegala duten salmenta puntuetara (Gasteizen Mara-Mara eta Eva Forest Liburutopia, Laudion Aiaraldea, Durangon Hitz, Bilbon Saha, La Sinsorga, Zirika eta La casa comprometida, Atxondon Amillena, Usurbilen Laurok, Andoainen Ernaitza, Oiartzunen eta Irunen Labore, Azpeitian Elkargunea, Baionan Epaiska, Iruñean Karrikiri, Artean Herriko Benta, Donostian Kaxilda).

Lorturiko arrakastak islatzen du euskal gizarteak barneratuta duela mezua: etorkina izateak ez luke delitu izan behar, paperek ez lukete pribilegioa izan behar, denontzako eskubidea baizik, bizimodu duina eraman ahal izateko. Hain oinarrizko eskaera ozen aldarrikatu behar izateak erakusten du, ordea, bidegabekeriak bizirik jarraitzen duela eta instituzioek entzungor. Are, ez ote duten arrazakeriak eta xenofobiak hauspo handiagoa lortu, ez ote den legedia krudelagoa bilakatu; horren lekuko dira mugetako kontrolak zorroztea, deportazio eta kanporatzeak erraztea, segurtasunaren –edo bestelako aitzakien– izenean eskubide eta askatasunak murriztea. Berriki onartu dute Frantziako Gobernuaren Immigrazio Legea, egoera irregularrean daudenei trabak handitu dizkiena osasun arloan, gizarte laguntzetan eta paperak lortzeko prozesuan.

Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik gabe uztea, beren jatorriagatik? Kolektibo migratzaileek behin baino gehiagotan utzi dute agerian migrazio legeen izaera arrazista, diskriminatzailea eta hipokrita (Hego Hemisferiotik datorren jendeari mugak jarri baina baldintzarik okerrenetan lan egiteko eskuzabal hartzen diren heinean). Zeini egiten dio mesede migratzaileak ez erregularizatzeak, jende bat paperik eta eskubiderik gabe mantentzeak? Esplotazioari etekin ekonomikoa ateratzen diotenei, batik bat. Kolektibo migratzaileek eurek mugimendu indartsua abiatu zuten pandemia ostean, baita Euskal Herrian ere, gobernuei eskatzeko egoera irregularrean daudenen egoera legaliza dezatela, guztiena eta eskubidez (ez sektore batzuetan lan egiten dutenena bakarrik). Justizia kontua dela diote manifestuan: “Justizia migratzen duten guztientzat, euren senide eta komunitateak atzean utzita, esplotazioa, espetxeratzea eta deportazioa sufrituta. Justizia itsasoak, mendiak, basamortuak eta mugak gurutzatu nahian hil direnentzat. Justizia bortxaketak, torturak eta gerrak jasan eta biziraun dituztenentzat”. Mugimenduak indarra galdu du, eskaerak eta premiak, ez.

Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik gabe uztea, beren jatorriagatik? Kolektibo migratzaileek mugimendu indartsua abiatu zuten, gobernuei eskatzeko egoera irregularrean dauden guztien egoera legaliza dezatela

Mantra populista

Legearen ankerkeria legitimatzen du, hein batean, batzuen eta besteen ahotan entzuten ditugun diskurtso arrazista eta xenofoboak. “Aurreiritziak hor zeuden eta hor daude, eta dena nahasten duten diskurtso horiek onarpena dutela ikusi dute politikariek, hortik etekina atera dezaketela (‘migratzaileak bortxatzaileak dira, dirulaguntzetatik bizitzera datoz, lana kentzen digute’), hein handi batean krisi ekonomikoak eraginda eta beste hein batean gizartearen aniztasuna handitu egin delako eta hainbatek mehatxutzat ikusten duelako aniztasun hori”. Horrela azaldu zuen ARGIAn Moha Gerehou aktibistak. Mantra populistan aitzindari izan genuen Javier Maroto Gasteizko alkate ohia, eta Baba Mbaye Mboloko kideak ohartarazten duen moduan, politikariek ardura handia dute, “gero jendeak pentsatzen duelako legitimatuta dagoela etorkinak erasotzeko”. Irain nahiz eraso fisiko, gorroto-delituen rankingean eraso arrazista xenofoboek hartzen dute lehenengo postua Euskal Herrian.

Eta jazarpen legal, instituzional, diskurtsibo eta fisikoari Poliziaren gehiegikeria gehitu behar zaio. Kolektibo arrazializatuak maiz salatu du jasaten dutena: justifikatu gabe kalean gelditzea, atxilotze ilegalak, sarekada polizial arrazistak, etxe atarian miaketa umiliagarriak, bizigarritasun baimena dutenen etxebizitzak ilegalki hustea inongo agindu judizialik gabe eta indarrez… Azken finean, botere abusua eta bortizkeria. “Atzo bertan, Bilbon, lau beltz ikusi nituen paretaren kontra Poliziak miatzen zituen bitartean. ‘Zergatik dira beti beltzak eta ez zuriak?’, galdetu nien; ‘zuriak legalak dira’, erantzun zidaten poliziek, beltz izateak zuzenean ilegal izatea esan nahiko balu bezala. Niri, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, dokumentazioa eskatzen didate, kolore guztietako poliziek. Beltza naizelako”. Khadim Sambe Mboloko kidearen lekukotza da.

Diskurtso erreakzionarioen aldean, diskurtso alternatiboak garatzeko deia egin du Moha Gerehouk, justizia sozialaren aldeko borrokan batzeko deia. Guk, harro astintzen jarraituko dugu leloa, kolore guztietan, kamiseta, jertse nahiz poltsetan: inor ez da ilegala, amul been nit ku leegalul! Bouba Dioufek garbi du: “Elkartasun indarra behar dugu, elkarri laguntzea, atzean inor gera ez dadin”.

Gorka Rubio / Foku

 


ASTEKARIA
2023ko abenduaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inor ez da ilegala
2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Texasen “harresi flotagarri” bat eraikitzen ari dira, migratzaileei bidea oztopatzeko

Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.


2023-07-07 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaia arteko mugaren “antzerki lotsagarria” salatu dute

Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Irun eta Hendaiaren arteko muga irekitzeko elkarretaratzera deitu dute, migratzaileen eskubideen alde

Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.


Hör Berlin eta legalitate kontu batzuk

Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.


Denok eskubide berak izan ditzagun

Aspaldian sarri ikusten dut kalean Inor ez da ilegala aldarria. Poltsan idatzita ez bada, jertsean; eta jertsean ez bada, kamisetan. Kolore askotan. Kolore guztiek, edozein izanik ere, eduki beharko baikenituzke eskubide berak. ARGIAk eta Mbolo elkarteak duela lau urte hasitako... [+]


Eguneraketa berriak daude