Eskuz esku hasi da Askatasunaren Ibilaldia

  • Gaur, ekainak 8, Euskal Herriko milaka herritarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Durangotik Iruñerainoko 123 kilometroko giza kate erraldoia osatuz.


2014ko ekainaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Milaka herritar mugitu dira erabakitzeko eskubidearen alde. Irudian, herritarrak giza katean dibertitzen (argazkia: Dani Blanco / ARGIA).

Ekitaldia antolatu duen Gure Esku Dago gizarte mugimenduaren izenean haren buruzagi Anjel Oiarbidek azaldu du bere poza mugimenduaren arrakastagatik eta aurrera begira urrats berri gehiago izango dela: "Hau helmuga bat da, baina pausoak sendoago emateko abiapuntua".

Aurreikuspen guztiak gainditu dira

Eskoziak independentziari buruz egindako urratsei jarraitu nahiz 2007an Gipuzkoako Goierrin erabakitze eskubidearen alde sortutako mugimenduak proposatu zion gizarteari duela justu urte bete, 2013an, gaur burutu den ekintza. Durangotik Iruñerako 130 kilometroak elkarri eskua emango zioten 50.000 pertsona biltzea baldin bazen orduko asmoa, azken asteotan herritarrek txiki utzi dituzte aurreikuspenak: azken astean 100.000 parte hartzailek emana zuten izena. Azkenean, antolatzaileek esan dutenez, 150.000 baino gehiago izan dira parte hartzaileak.

Gure Esku Dago ekimenaren inguruan bildutako herritar boluntarioek lan bikoitza egin dute. Alde batetik, joera politiko ezberdinetako pertsonen interesak lotu eta leundu. Horren arrakasta ikusi da azken asteetan sindikatu eta alderdi eta pertsonalitate politiko garrantzitsuek babesa eman diotenean giza kateari; zerrenda luzean nabarmendu beharko litzateke Europako parlamenturako bozketan izar berri gisa distiratu duen Podemos-Ahal dugu mugimenduaren atxikimendua.

Gure Esku Dagoko jendeen beste desafioa azpiegitura eta antolakizunekoa izan da: milaka lagun eraman (mila autobus inguru, gehi autoak) nor bere kilometrora eta haientzako gutxieneko zerbitzuak bermatu. Azken hilabeteotako mobilizazio erraldoi honek arrastoa utziko du Euskal Herri osoan.

Askatasunaren Ibilaldiaren oihartzuna

Historiari begiratuz gero, 2014ko giza-kate erraldoi honek badauka aurrekari bat: 1977an, Francisco Franco hil ondorengo trantsizio politiko betean, Askatasunaren Ibilaldia burutu zen herrietan barrena Iruñea ondoko Ororbiako zelai batean ekitaldi politiko handi batean bukatzeko, Telesforo Monzon abertzale historikoak deiturik. Herri mugimendu erraldoi hura egokitu zen Espainiako lehenbiziko hauteskundeekin eta trantsiziorako (konstituzioa barne) zenbait politikariren arteko negoziaketekin paraleloan. Gure Esku Dago tokatu da Espainia beste krisi edo trantsizio betean murgildurik dagoenean, alde batetik XXI. mendeko krisi handiaren ondorioak gizartean sekulako ondoeza zabaldurik, sistema politikoaren ardatzetakoa den monarkia eskandaluen lokatzetatik irten ezinik eta estatuaren batasuna bera Kataluniaren bereizteko ahaleginak pitzaturik.

Gure Esku Dagok udazkenari begira urrats gehiago prestatuta dauzka, bere buru Anjel Oiarbidek azaldu duenez. Ikusi beharko da nola uztartzen den erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen herritar hau Espainiak bizi duen trantsizio politiko berrian indar politiko nagusien artean sumatzen diren negoziaketekin.

Euskal hedabideak bat eginik

Hedabideek elkarrizketatu dituzten herritar gehienek adierazi dute giza katea egitea bera izan dela arrakasta eta ondorioak nabarituko direla biharamunetik. Hedabideei dagokienez, bezperan ere ekarri ditu emaitzak: hainbat mediok, tartean ARGIAk, elkarlanean eskaini dute eguneko informazioa, egia bihurtuz Gure Esku Dagok hilabeteotan zabaldutako mezua, alegia bereizten gaituztenak baino gehiago direla elkarrengana biltzen gaituzten interes, nahiak eta beharrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


Eguneraketa berriak daude