Eskulturaren geruzetan

  • Altzuzako puntu gorenetik Iruñerria begirada bakar batez harrapatu daiteke, ortzi mugako marrak zuzenean lur gorrixkak eta zeru urdin-zuriak bat egiten dutenean. Egun berde eta fresko sumatzen den muino horretan, hormigoi gorridun eraikina altxatzen da tente, espazio irekira parez pare begiratzen dioten beirate handiak ditu aldamenean eta goi aldean angelu beltz zorrotz eta erpintxoak dituen forma nahasiak ikusten ditugu. Saiz de Oiza arkitektoak 2003. urtean eraiki zuen Oteiza Fundazioa bertan, eskultorearen azken etxea izan zenari itsatsita, Oteizaren legatua modu soil eta ederrenean jasoko zuen tenplu modernoa. Oteizaren lana egungo begirada garaikideenekin harremanetan jartzen duen azken proiektuak ekarri gaitu Nafarroako koordenada hauetara.


2023ko maiatzaren 25an - 14:00
Azken eguneraketa: 2023-05-26 11:44:50
'Estratuarteak' erakusketaren Nora Aurrekoetxearen bista. (Argazkia: Oteiza Museoa)

Aldizkariko sail honetan sarri idatzi dugu nola den garrantzitsua adierazpen artistikoak –erakusketak, performanceak, aurkezpenak, solasaldiak– hiriburuetako indar erakartzaileen logiketatik deslokalizatzea eta beste testuinguru batzuetara eramatea, bertan sortzea, bertan erakustea. Pertsonalki, gero eta gehiago eskertzen dut espazio ez instituzionaletan, artearen erakusketarako ohikoak ez diren lekuetan edota beste egiteko forma batzuei erreparatuta egiten diren proiektuak. Oteiza Museoa Iruñetik hamar kilometroko distantziara dago, 300 bat bizilagun dituen Altzuzako herrian, eta bertan, aldiro, erakusketa puntualak eta ekintzak antolatzen dituzte, museoko ohiko bildumari bizitasuna gehitzeko, Oteizaren lana adierazpen garaikideekin harremantzeko eta publiko berriak erakartzeko. Horregatik, merezi izan du kotxea hartu eta Estratuarteak erakusketa ikustera joateko egin dudan txangoak, hiru artista garaikideren lan eskultorikoa biltzen duen proiektua. Egungo eskulturak aurkezten dituen forma eta materialen aniztasun eta egiteko modu ezberdinetan fokua jartzen duen talde erakusketa da.

Apirilean inauguratu zen Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Miren Doiz (Iruñea, 1980) eta Marina González Guerreiroren (A Guarda, Galizia, 1992) azken lanak aurkezten dituen erakusketa, Juan Pablo Huercanos komisarioaren pean. Forma, material eta egiteko modu berrietan lanean dabiltzan hiru artisten lanak Museoko beheko solairuan daude ikusgai, espazio banatuetan, non bakoitzak bere espazio propioa daukan obrak hedatu eta haien artean oihartzunak sorrarazteko. Egun, eskulturaren diziplina hartzen ari den konplexutasunaren eta egiteko modu anitzen erakusleak dira hiruak: bide ezberdinetatik hurbiltzen dira eskulturara, eta materialen aukeraketan eta material horren jatorri beran erabateko aniztasuna dago. Horrek egiten du proiektua interesgarria, baita ere ikusteak nola erakusketa areto honetatik pasatako artistek, beti ere Oteizaren bildumaren begiradapean, egungo eskulturaren nolabaiteko lagin baten erakusleak diren, hala nola, David Bestué, Lorea Alfaro, Itziar Okariz, edota Fermin Jiménez Landa.

Erakusketaren sarreran artista bakoitzaren obra bana dago, eta hasierako momentu horretatik identifika daitezke hiru artisten joerak eta ondoren espazioan barrera errepikatuta ikusiko ditugun keinuak, kolore-gamak eta akaberak. Miren Doizen eta Nora Aurrekoetxearen obrak segituan identifikatu ditut: lehena, lurrean testura leun eta azalera distiratsua duen mihiztadura eskultorikoa; bigarrena, hormatik eskegita dauden bi buru, non mediak erabili dituen zatar-paperezko bolumenari forma emateko. Albo batean, keramika zuri distiratsuz egindako lau maskor daude hormari lotuta, goitik behera txikitik handira ordenatuta eta guztietan handienak ur pixka bat dauka, elizetan egoten den ur bedeinkatuaren pilan gisa. Intrigatuta, Marina González Guerreiroren obra lehendabizikoz ikustera pasa naiz.

'Estratuarteak' erakusketaren González Guerreiroren bista. (Argazkia: Oteiza Museoa)

González Guerreiroren obrek iragankortasuna ezkutatzen dute. Bere obrak aurkezten diren gelatxora sartu naizenean, nerabe baten logelara sartu izanaren sentsazioa izan dut, neska gazte baten bitxiak, egunerokoak, altxorrak eta fantasiazko atmosfera bat aurkitu dut bertan. Eskulturaz mintzo garenean izan dezakegun irudi horretatik urruti dago U formako egurrezko balda horren gainean aurkezten direnak: dimentsio txikiko 30 bat objektu, segidan kokatuta, non kolore pastela, arrosa eta urdina gailentzen den argizarizko akaberadun kapritxozko piezetan. Bitxiontzi distiratsuak izan litezkeenak daude, baita eskuz idatzitako hainbat koaderno pilaketa ere, eta keramizko pieza txikiak, azalean lore-motiboa dutenak. Argizarian eta silikonan betiereko itota geratu diren eraztun txiki doratuak ere begiztatu ditut, baita pastilla-kaxak, pilulen blisterrak eta pasta likatsu batekin berriz beteak izan diren bonboi kaxa hutsak. Egurrezko baldan, arkatzez marraztuta, motibo txikiak ageri dira, tarteka pieza guztiak lotzen dituen ibaia dirudi, eta obren artean eta piezetako hutsuneak betetzen, arroz aleak daude. Ondoren irakurri dut erakusketako txartelean artistaren familia antigoalekoen saltzaile direla eta orduantxe hasi naiz ikusitako guztia beste begira batetik irakurtzen.

'Estratuarteak' erakusketaren González Guerreiroren bista. (Argazkia: Oteiza Museoa)

Miren Doizekin duela urte batzuk lan egiteko aukera izan nuen, eta paradoxikoa badirudi ere, lau pintoreren praktika batzen zituen talde-erakusketa batean izan zen; horregatik, grazia egin dit orain eskultoreen erakusketa batean ikustea bere lana, diziplinen arteko mugak zeinen lausoak diren seinale. Doizen egiteko modua hori da etenezina dena, eta hor ikusten da artistak lan egiteko moduan erakusten duen konpromisoa eta zintzotasuna. Gehiegizko ekoizpena eta gainezka egiten digun mundu material honetan, objektu berriak ekoiztea baino, aurkitutako horrekin egiten du lan artistak, existitzen den hura eraldatuz, aukera berriak emanez, material ezberdinak elkartuz, gainjarriz, konbinatuz edo itsatsiz. Elkartze hauetatik forma eskultoriko ederrak sortzen dira, non gainazaleko testurak kolore distiratsu eta plastikotasun handia duten, eta ondo erreparatuz gero, errez identifikatu ditzakegu etxerako bidean aurkitu dituen elementuak –burdinezko hodiak, neurri ezberdinetako egur listoiak, moketa zatiak– eta horiekin egin dituen konposizio poetikoak. Doizek erakusketa espazioan esku hartu du berezko arkitekturarekin jolastuz eta pinturaren bitartez horma, lurra eta sabaiaren arteko mugak desegin ditu “tranpantojo” efektua lortuta.

'Estratuarteak' erakusketaren Miren Doizen bista. (Argazkia: Oteiza Museoa)
Estratuarteak' erakusketaren Miren Doizen bista. (Argazkia: Oteiza Museoa)

Azkenaldian Nora Aurrekoetxearen lan prozesua gertuagotik ezagutzeko aukera izan dut eta pozez ikusi ditut orain hilabete batzuk prozesuan zeuden erretxinazko eskulturak aretoan dotore instalatuak. Artistak Oteizaren Unamunoren erretratua eskultura hartu du oinarri –atzealdea hustuta daukan pieza– eta horrekin buru bako bustoak sortu ditu, bururik ez baina orrazkera definituak dituzten piezak, sostengatuko dituen estrukturarik behar ez duten formak dira antibustoak. Aurrekoetxearen praktikan badago formaren eta ornamentuaren aldeko erabateko aldarrikapena, historikoki azaleko edo ez-funtsezko kontsideratua izan den hura erdigunean jartzekoa. Horren lekuko azken aldian ilearekin egiten ari den ikerketa, izan txirikorda forman, izan orrazkera baten dauden detaileen irudikapenean. Artistak sortu dituen eskulturak argizariz eta erretxinaz eginda daude eta binaka eta launaka antolatu ditu. Buruak hagaxka batzuk zeharkatuta aurkezten dira- hauek barrutik ere hutsik daude- eta elementu horiek arkitekturaren mintzairara gerturatzen gaituzte, eraikuntzara, artistak arkitekturarekiko duen interesaren lekuko. Sabai-leihotik sartzen den argi epelak aretoari eta bertan dauden piezei aparteko geruza bat eskaintzen die eta are dotoreagoa ikusten dira red, red, red, red, peruke serieko piezak espazioan sakabanatuta. Lurrean bermatuta dagoen buru baten ondoan toalla zuri bat dago tolestuta, begizta bat duen bordatu delikatua bistara utziz. Gozamenezko kapritxoaren erabateko aldarri honekin etxerako bueltari ekin diot.

'Estratuarteak' erakusketaren Nora Aurrekoetxearen bista. (Argazkia: Oteiza Museoa)

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude