Oinarrizko kirol jarduera arautua bertan behera uzteak osasunarentzako kalte larriak ekar ditzakeela uste dute Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko kirol federazioek.
Koronabirusaren krisiaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen duela hainbat aste eskola kirola, baita bestelako kirol jarduera federatuak ere. Horren aurrean, asko dira neurriaren kontra ahotsa altxatzen hasi direnak, eskola kirolaren onurak azpimarratu eta segurtasun bermeekin egin daitekeela baitiote.
Duela egun batzuk hezkuntza eragileek egin zioten eskaera Eusko Jaurlaritzari, haurrentzat komenigarria dela esanez. Orain, berriz, kirol federazioek eskaera bera egin dute eskola kirola eta kirol federatuarentzat. Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kirol federazioek komunikatu bateratua kaleratu dute (pdf), esanez Covid-19ren kontrako neurriak erraz ezarri daitezkeela kirol arautuaren testuinguruan.
Federazioen ustez, eskola kirola hezkuntza jarduera jarraituaren parte da, "beste disziplina akademikoak bezala, bertan behera uzteak heziketa galera ekar dezake". Areago, haurrak espazio kontrolatu eta arautuetan entrenatzeak, talde murriztuetan eta aire librean, lagunduko luke egoera sanitarioa kontrolatzen, beren aburuz.
Aldarrikapen horiekin bat eginez Bultza Kirola Euskadisortu zen azaroaren 15ean, EAEko hiru lurraldeetan, kirolaren inguruan ezarritako neurriekin kezkaturiko elkarte eta klubak biltzen dituen plataforma; babes zabala izaten ari den sinadura bilketa eta kanpaina abiatu dute Twitterren #BultzaKirolaEuskadi traolarekin.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!