Hispanitatearen egunaren bezperan Lemoatxako ikur frankista bota du Ernaik

  • 1936ko altxamendu militarretik 85 urtera "faxismoari gorazarre egitea zilegi" dela salatu du gazte antolakundeak. Urriaren 12an eskualdeko mobilizazioak antolatu ditu "bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa" eraikitzeko.

Irudia: @ernaigazte-k zabaldutako bideotik hartua

2021eko urriaren 12an - 07:14
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lemoako (Bizkaia) mendian zegoen gurutze erraldoia 1937an altxatu zuten garaipen frankistaren omenez. “Monumentu hauek, frankismoaren elementu sinboliko izatetik harago, frankismoak 78ko erregimenean biziraun duenaren erakusle dira”, adierazi du Ernaik ekintzaren harira zabaldu duen oharrean. Antolakundearen esanetan, “78ko erregimena frankismoaren oinordeko politikoa” da. Ekintzaile talde bat gauez jo du mendira eta harrizko oinarria apurtu du mailu elektriko eta rotaflexekin, gurutzea lurrera bota arte. Bideoan jaso dute ekintza, urriaren 12an eta Hispanitatearen eguna salatzeko asmoz antolatu dituen eskualdekako mobilizazioetara dei eginaz:

 

 

Ospatzeko ezer ez

Ernaik larrialdi egoeraren amaierarekin lotu du aurtengo Hispanitate eguna. Osasun larrialdia kapitalismoan eta espainolismoan sakontzeko baliatu du Espainiak, bere esanetan: “Kapitalismo heteropatriarkalak aurrera egin duen moduan, hala egin du autoritarismoak, faxismoak eta espainiar estatuaren asimilazio prozesuek ere. Pandemiaren kudeaketak errezeta garbia jarraitu du: espainiar zentralismoa eta autonomismoaren segidismoa". Borrokarako eguna aldarrikatu du: “Erregimenari arrakalak biderkatzeko eguna da gaurkoa, Erregimena eta bere zutabe guztiak eraistekoa.

Frankismoa bizirik eta boteretsu jarraitzen duela salatu du Ernaik. Adibidetzat jarri ditu, besteak beste, botere ekonomikoak: “Horren ondorio da esaterako azken hilabeteotan oligopolio elektriko espainiarrak argindarraren prezioaren espekulazioarekin eragindakoa”. Baita botere judiziala ere, “inperialismo linguistikoaren izenean euskararen kontrako etengabeko erasoak zuzendu dituena”.

Horren guztiaren aurrean, “bestelako Euskal Herria posible” dela aldarrikatu du gazte antolakundeak, eta borrokaren beharra azpimarratu du: “Jarrai dezagun bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa eraikitzen, egunez egun langile sektoreon beharretara dagoen herria eraikitzen”.

Eskualdeko mobilizazioak

Ernaik mobilizazioak antolatu ditu urriaren 12rako Hego Euskal Herriko dozena pare bat eskualdetan, eguerdian zein arratsaldez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hispanitatearen eguna
Eguneraketa berriak daude