Paul Urkijo

"Errementari euskaraz ez filmatzea ipuinari traizio egitea izango zen"

  • Film laburretatik luzeetarako jauzia egingo du 'Errementari'-rekin Paul Urkijok; Arabako herrixka batean, akzioa, terrorea, umore beltza eta bestelako osagaiak dakartzan pelikularekin.

Arabako Alea @ArabakoALEA  |  Anakoz Amenabar @anamenabar
2018ko otsailaren 23a

Aurretik hainbat labur egin baditu ere, film luzearekin eman dezakeen jauzia egundokoa izan daitekeela badaki Paul Urkijok (Gasteiz, 1984). Horretarako, osagai fantastikoak dituen Errementari darama besapean, publikoak ikusiko zain. Sitges eta Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinema jaialdietan arrakasta handiz aurkeztu eta gero, etxekoen aurrean aurkeztuko du datorren astelehenean; aurrestreinaldia izango da hilaren 26an Gasteiz eta Bilbon, eta martxoaren 2an helduko da zinema areto guztietara.

Estreinaldiaren zain, urduri?  

Beti dago urduritasun apur bat, etxeko jendeak nola hartuko duen ikusteko, baina, era berean, lasai, aurreko aurkezpenen ondoren. Gogoa dut pelikula erakusteko, horretarako egiten dudalako zinema finean, baina baita etapa hau amaitu eta beste lan batekin jartzeko.

Urteetako proiektua izan da, ezta?

Gidoia idazten hasi nintzenetik zazpi urte igaro dira. Sei hilabetetan idatzi nuen; normalean idazlan horrekin batera arte kontzeptuala, lokalizazioak, kastina eta bestelakoak garatzen joaten naiz. Ilustrazioen bitartez, aldi berean, lan bisuala egiten dut. Azken finean, pelikula bat saltzeko erakargarriagoa baita irudiak erakustea, testuarekin batera, deabru pelikula batek zer itxura izan dezakeen irudika dezakezulako. Prozesu horren ostean heldu zen dirua lortzea... 

Hori da atalik zailena?

Eta nekagarriena. Beste prozesu guztiak sormenezko lanak dira, eta nik gehiago gozatzen ditut. Filmatzea bera ere zaila izan zen, neguan, bi hilabetez, oso gogorra, baina nik prozesu hori izugarri maite dut. Preprodukzioan asko gozatzen dut, bisualki pelikula garatzen, storyboard-arekin, diseinuekin... Eta antzera postprodukzioan, film-muntaketa lanekin eta jendearekin dudan hartu-emanekin. Zailena hori da: dirua lortzea.    

Alex de la Iglesiaren bultzada heldu zen orduan?

Bai. Egia esan, aurrekontua prest genuen filmatzen hasteko, eta hasi behar genuenean mezu bat bidali zidan De la Iglesiak twitter bidez. Deabruaren diseinuak ikusi zituen, eta berari ere halako frikadak gustatzen zaizkionez, proiektuarekin bat egitea erabaki zuen. Bere bultzada postprodukzioan izan da gehien bat, finantziazio gehiago eta banatzailea lortzeko, eta gero, noski, pelikulari bere izena jartzeak ematen dion ikusgarritasuna. Bestetik, pertsonalki, gozamena izan da ondoan izatea; muntaketan emandako aholkuengatik, bere esperientziagatik, eta beti ezer inposatu gabe. Oso gustura egin dugu lan.

 

 

 

Zergatik da erakargarria 'Errementari'?

Niri fantasia gustatzen zait, eta hau deabru istorio bat da; munstroak gustatzen zaizkit, eta ez dira halako gauza asko ikusten. Txikitatik maite dut Patxi errementaria ipuina, eta niretzat bazituen osagai oso politak pelikula bat egiteko. Umore beltza, akzioa, fantasia, beldurra... Publikoari esango nioke txikitan kontatzen zizkiguten ipuinen kutsua duela pelikulak, eta entretenitzera datorrela, hori baita bere izaera. Deabru ipuinetan murgiltzeko gonbita egin nahi diet.   

Mardula izan da dokumentazio lana, ezta?

Bai. Jose Migel Barandiaranen lanen entziklopedia bat dut etxean, eta oso baliagarria izan zait. Euskal folklore eta sinesmenen inguruko informazio ugari aurkitu dut. Izan ere, pelikulan Patxi errementaria ipuinaren unibertsoa zabaldu dut, eta beste pertsonaia gehiago daude... Karlismoaren inguruko hainbat liburu ere irakurri ditut, garai hartan kokatu dudalako istorioa. Hainbat gauza izan dira lagungarri prozesuan;  Erdi Aroko grabatu eta pinturak ere izan ditut erreferentzia moduan...  

Bertako istorio bat, Arabako euskara, inguruko lantaldea... Identitatea nabarmentzeko ahalegin berezia egin duzu?

Nik uste dut modu naturalean atera dela. Hemengo ipuin bat da, hemengoa naiz eta hemen kokatuta dagoenez euskaraz izan behar zuen eta inguruko ohiturak erakutsi behar zituen. XIX. mendean kokatzeko erabakia hartu nuen, lehen karlistaldiaren ondoren, interesgarria iruditzen zitzaidalako drama hori guda baten ostean jartzea; guda baten ondorengo hondar hori, miseria historiko, erlijioso eta kultural hori aproposa zen honetarako. Sinesgarritasuna emateko, gainera, uste nuen XIX. mendeko euskara  behar genuela, Araban, bertako kutsua emateko. Egia da proiektua mugitzen hasi ginenean, diru bila ari ginenean, Berlingo zine merkatuan izan ginela, eta txalotu egin zutela euskaraz izatea, bertako kutsu lokal hori izatea; nazioartean exotikotzat dute, eta balio erantsia du haientzat.

Ez da erraza izango, halere, hasierako proiektuari eustea presio desberdinengatik?

Proiektua hasiberri dagoenean jende askok bere iritzia ematen du, eta ohikoa izaten da hizkuntza edota aktoreen inguruko galdera; zergatik ez dugun pelikula ingelesez edo gaztelaniaz egiten, aktore ezagunekin, nazioartean gehiago salduko delakoan. Eta errazago lortuko duzu dirua, hori ere egia da, banatzaile eta ekoizleak arinago aterako zaizkizu; baina Errementari-ren kasuan nik ez nuen ikusten, beste pelikula bat izango zen hori. Euskaraz ez filmatzea ipuinari traizio egitea izango zen. Txikitan irakurri nuen ipuina, eta euskaraz izatea eta bertan izatea da ipuinaren gakoetako bat. Horrek ematen dio sinesgarritasuna, eta jaialdietan ikusi dugunagatik, uste dut ongi egin dugula.   

Aurrera begira ere, bide horri eutsi nahi diozu hurrengo proiektuetan?

Uste dut istorioak berak erabakiko duela hori. Egia da badaudela beste faktore batzuk, baina pelikulak euskaraz izan behar duela ikusten badut hala izango da, edo thailandiarrez izan behar bada... Nire asmoa da, egia da, hemengo istorioak jorratzen jarraitzea; euskaraz egingo ditut gehiago, hori ziur. Gure pertsonaia magiko eta fantastikoekin jarraitu nahi dut.

'Handiak' izandako arrakastaren ondoren, momentu ona da pelikula bat aurkezteko? Ala muga goian jarri du hurrengoetarako?

Oso positiboa da. Euskal zinemaren industriak momentu gozo bat bizi du, eta hori denontzako da onuragarri. Honek erakusten duen gauza bakarra da hemen zinema handiago bat egin daitekeela, ausartago bat, produkzio handiagoak egin daitezkeela, eta gainera kanpoko zinemarekin lehiatu dezaketen pelikulak egin daitezkeela. Elementu komunak izan arren, oso pelikula desberdinak dira Handia eta Errementari. Jon Garañorekin hitz egin dut, eta ados gaude oso positiboa dela bi pelikulak batera ateratzea, eta ez guretzako bakarrik, atzetik etorriko diren zinegile guztientzako ere. Euskal zinemaren industria bultzatuko duen olatu indartsu bat egingo dugu denon artean. 

Gertuko lantaldea izan duzu 'Errementari' pelikulan. Tartean, Izaskun arreba...

Aurreko laburretan lagun eta familiarekin kontatu dut eta kasu honetan ere gertu izan dira. Izaskun arteaz arduratu da; aspaldi proposatu nion eta poliki-poliki gero eta proiektu anbiziosogoa bilakatu da. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta hori garrantzitsua da. Gustatzen zait nire ekipoa mantentzea, eta zaila da, beste proiektu batzuetara doazelako, produktoreek ere gauzak ezartzen dizkizutelako... Uste dut nire pelikulek duten kutsu bisuala, eta tonuaren aldetik, taldeari esker ere badela.

Lehen film luzean haur bat da protagonista. Nolakoa izan da Uma Bracagliarekin lan egitea?

Oso esperientzia ona. Aurreko laburretan ere haurrekin lan egin dut, begiralea izan naiz, marrazki irakaslea kar kar... haurrekin ondo moldatzen naiz. Edozein umerentzako oso lan gogorra izango zen Errementari filmatzea, oso paper fisikoa delako, baina Umarentzat abentura bat izan da, gozatzen ikusten genuen. Kastina egin genuenean oso argi nuen berak egin behar zuela; pertsonaia ilunen aurrean gogorra eta bihurria zena... 

Eta pelikularekin batera, sari bat ere heldu zaizu. Genero fantastikoan nabarmentzen diren sortzaile berrientzako saria: Fantrobia.

Pila bat maite dut FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, ia urtero joaten naiz pelikulak ikustera eta han aurkeztu ditut ia nire labur gehienak... Euskal Herri mailan bagara halako ermandade fantastiko bat, friki talde bat, eta gozatu egiten dugu genero horrekin, kontsumitu eta horrengatik borroka egiten dugu. Niretzat ohore bat da sari hori jasotzea. Hasiberria naiz genero horretan, baina hori da maite dudana eta ildo horretatik jarraitu nahi du.

Elkarrizketa hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Zinema  |  Araba  |  Euskara Araban

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-30 | Lander Arretxea
Koldo Almandoz
Koldo Almandoz: "Beti pelikula bera egitea oso atzerakoia da"

Ibilbide oparoa du Koldo Almandoz zinegile donostiarrak. Orain jarri dio ordea, lehen aldiz, pelikula konbentziona(ago) bat egiteko erronka bere buruari. Saiakera horren emaitza da Oreina. Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da Donostiako Zinemaldian eta irailaren 28an zine aretoetan estreinatuko dute. Filmeko lokalizazioak trenez gurutzatzen ditugun bitartean hitz egin dugu berarekin.


Zinemaldia orain SSIFF da (baina badaki euskaraz)

Donostiako Zinemaldia ez da aldaketa arriskatuak egiten dituen festibal horietako bat, hori argi dago. Baina epe ertaineko perspektiba hartuta, gauza batzuetan egokitzen jakin du. Adibidez, euskal zinemak jaialdian betetzen duen tokia, duela hamar urterekin alderatuta, handiagoa da. Aurten hamalau izango dira euskarazko lanak, beste inoiz baino gehiago. Erronka orain, publikoak film horiek aukeratzean dago.


"Girl". Ispiluko hori ez naiz ni

Zeinen sotil, zenbat ñabardurekin, kontatzen digun Girl filmeko zuzendariak protagonistaren sufrimendu isila; zeinen natural lortzen duen ikusleok sufrimendu horrekin bat egitea, gorputz arrotzean bere burua ezagutzen ez duen nerabearen bakardadea ulertzea. Besteei “ongi nago” errepikatu eta irribarre eginagatik handia izan baitaiteke ezkutuan daramagun ezinegona.


Sail Ofiziala | 2. eguna
Den-den-dena dago ustelduta, baita zine areto hau ere

Batzuetan, borrokatu egin behar da. Zure larrua salbatzeko edo maite dituzun pertsonek eduki dezaten jateko zerbait edo betidanik gustatu izan zaizun pertsona hori zeureganatzeko. Badaude borrokatzeko beste arrazoi batzuk, hutsalagoak dudarik gabe, baina bronka on baterako gogoz dagoenarentzat aski justifikazio direnak. Zine-areto bateko butaka bat, adibidez.


"Margolaria". Bidaia musikala sormenaren ertzetara

Mikel Urdangarin musikaria da protagonista eta aitzakia, sormenaz eta artistaz –eta artistaren atzealdeaz– gogoetatzeko. Bidaia patxadatsua da Margolaria, bidaia musikala, Urdangarinen erritmo eta akordeetara natural egokitzen dena.


"Another Day of Life". Kapuscinskiren lumak pareko filma

Gerraren horrorea. Geopolitika. Konpromisoa. Memoria. Gizatasuna. Kazetaritza hizki larritan. Eta Kapuściński. Hori guztia barnebiltzen du hasieratik amaierara harrapatzen zaituen –eta Angolako gerrara bete-betean eramaten zaituen– Another Day of Life pelikulak.


Sail Ofiziala | 1. eguna
Maitasun erromantikoaren mitoa eta burua transplantatu dioten tximinoa

Posible al da bikote-harreman bat hautsi eta esperientzia hori gainditzea, bidean burua guztiz galdu gabe? Nik bezala baietz erantzun baduzu, eta zalantza handirik gabe egin baduzu, segur aski ez dizute gauza handirik esango Sail Ofizialean ikusi ditugun lehenbiziko bi filmek. Niri behintzat, ez didate esan.


Donostiako Zinemaldi Alternatiboak errefuxiatuak eta okupazioa izango ditu ardatz hamargarren urteurrenean

Hamargarren edizio honetan Txantxarreka eta Alde Zaharreko gaztetxeetan botako dituzte pelikulak


2018-09-16 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Euskal sintasia KO

Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude