Anoeta Zutikek kanpaldi mugagabeari ekingo dio uztailaren 11n

Zuzeneko jarraipena
  • Erraustegiaren kontrako giza kate jendetsuaren ostean, Gipuzkoa Plazan bildu ziren ehunka herritar maiatzaren 29an. Kanpaldi iraunkorra martxan jarri zuten Donostian. Ordutik gauza ugari gertatu dira, tartean mugimendua herrietara zabaltzen ari dela. ARGIAn jarraipena egiten ari gara.


2016ko uztailaren 04an - 11:45
Gakoak
Anoeta Zutikek kanpaldi mugagabeari ekingo dio uztailaren 11n

Uztailaren 2an egin zuten lehen asanblada eta bertan erabaki zuten kanpaldi mugagabea deitzea. Herriz herri gorputza hartuz doa Gipuzkoa Zutik.

Akanpadako lehen asanbaldaren kronika

 

Uztail eta abuzturako hainbat deialdi

Hainbat herri eta hiritan deialdiak egin ditu Gipuzkoa Zutikek datozen egun eta asteetarako. Albiste honetan jaso dugu egitaraua.

Zumaia Zutik: "Errausketa = Minbizia"

Zumaia Zutik taldeak deituta, erraustegiak minbizi arriskua handitzen duela salatu dute asteburuan. Argazkiak: Galerna Sarean.

 

Zarautz Zutik: "Erraustegia bai ala ez? Besarka nazazu"

Zarautzen erraustegiaren gaia ikustarazteko ekimena egin dute Malekoian. Bi lagun besarkadak eskatzen aritu dira, bata erraustegiaren aldeko kartelarekin eta bestea aurkakoarekin. Herritarrek bata edo bestea hautatu behar izan dute. 

 

Protesta Azkoitian Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkuraren harira
Udaletxe aurrean protesta deitu du Azkoitia Zutikek. (Argazkia: Urola Kostako Hitza)

Azkoitian egin dute larunbatean Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkura. Klarionaz paretak margotu dituzte Azkoitia Zutiken deialdiari erantzunez, eta kazerolada egin dute atarian, protesta gisa. Ertzaintzak kide bat atxilotuta eraman du, identifikatzen saiatu eta uko egin ostean. Epaiketa egingo diote uztailaren 19an.

Ertzaintzarekin tentsio uneak izan dira. (Argazkia: Urola Kostako Hitza)
Herritar bat atxilotu du Ertzaintzak. (Argazkia: Urola Kostako Hitza)

"Gune publiko batean bildu gara, modu baketsuan, eta ez dugu ulertzen zergatik hartu duten jarrera hori", adierazi dute Hitzak jaso duenez.

Eskusoinuarekin kanpoan protestan aritu dira.

Bileraren bideo honetan ordezkariek esandakoaz gain, plazan zeuden herritarren protestak entzun daitezke.

Uztailaren 8an herritar guztiei irekia den batzarra egingo dute plazan.

Gipuzkoa Zutik: izan den bidaiaz Fernandez Savaterrekin hausnarrean

Uztailak 1, ostirala, Donostiako Bulebarra. Amador Fernandez Savater bigarrenez bildu da Gipuzkoa Zutikeko kideekin, azken asteetako bilakaeraz informatzeko eta M15eko esperientzien elkartrukea egiteko. Fase aldaketaz aritu dira, eta denborarekin gertatutakoen balorazioak eta interpretazioak gehitzen doaz. Irakurri artikulu osoa Estitxu Eizagirreren blogean.

Oiartzun Zutik: Akanpada eta ibai garbiketa

Oiartzun Zutik taldeak deituta, akanpada egin dute Altzibarren. Larunbat arratsaldean erreka garbitu dute.

Lotura honetan herriko plazatik irten diren unea ikus daiteke, eta azpian, Oiartzun Zutikeko kideek ateratako argazkiak.

 

'Uztarria'-ko kazetari bat identifikatu du Ertzaintzak eta Mozal Legearekin mehatxatu

Azpeitia Zutik mugimenduaren batzarrari argazkiak ateratzen ari zela identifikatu zuten kazetaria. Mozal Legearen balizko ondorioez ohartarazi eta ertzainak agertzen ziren argazkiak ezabatzeko agindu zioten. Informazio gehiago hemen.

Azpeitia Zutiken batzarra (Argazkia: Uztarria).

 

Herrietako jaietan ekimenak egiteko kanpaina abian

Sare sozialetan zabaldu dute mezua eta kanpaina indartzeko irudia. Helburua, herrietan ekimenak egitea.

 

Debagoina Zutikek kanpaldia altxatu du, irailean itzuliko dela iragarriz

Bizipoz Turrarekin amaitutzat eman du Debagoiena Zutik mugimenduak, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean, Arrasaten, egin duen bi gautako kanpaldia. Oraingoz kanpaldia amaitu duten arren, aurreratu dute "ezer ez" dela "amaitzen" eta "iraila sorpresaz" etorriko dela.

Errauste plantaren aurka daudela eta Zubietan egin asmo dutena "gelditzera" doazela eta "bizitza zentroan" jarriko duen beste "jendarte eredu" bat bultzatu nahi dutela nabarmendu dute mugimendukoek egin dituzten batzarretan. Atzo Arrasaten egin zuten lehen Bizipoz Turrean aldarrikapen horiek kalerik kale zabaldu zituzten.

 

(Albistea eta bideoa Goiena.eus-etik ekarri ditugu, CC-by-sa lizentzia baliatuta)

San Juan suaren bueltan erraustegiaren aurkako aldarrikapenak

Herri eta auzo ugaritan, erraustegiaren aurkako maskarillak jantzita agertu dira herritarrak, eta hainbat lekutan kartoizko erraustegiak erre dituzte. Azpian hautaketa bat.

Arrasate

Hernani

Eibar

Oiartzun

Lasarte-Oria

 

Zubieta

Urnieta

Zumaia

Gaztaño

Ataun

Beasain

 

San Juan sutara maskarillak eramateko deia

Sutan Gaude lemapean, San Juan suaren bueltara erraustegiaren aldarrikapena eramateko dei egin du Gipuzkoa Zutikek.

Oiartzun eta Zumaian deialdi bereziak egin dituzte.

Iñaki Petxarroman kazetariak jakinarazi duenez, Lasarte-Oriako EAJko zinegotziek adierazi dute joan egingo direla dantzariek eta komitiba ofizialeko kideek maskarila eramaten badute.

Debagoiena Zutik, gutun irekia

Zubietako errauskailuak 1.200.000.000 euroko kostua izango du eta gipuzkoarron poltsikoetatik ordainduko dugu. Debagoienean lortu dugun %80 inguruko birziklapen maila Gipuzkoa osora hedatuz gero, ordea, ez genuke zabortegi kutsakor eta erraustegi toxikoen beharrik.

Alde batetik, Epeleko zabortegiaz hitz egiten ari gara. Zabortegiaren kalifikazioa aldatu eta Gipuzkoa osoko zabor guztia guk pairatuko dugu. Bestalde, Zubietako erraustegian errefusaz gain mota guztietako hondakin birziklagarriak erreko dira eta bertan sortuko diren errauts toxikoek eta airera zabalduko diren partikula kutsagarriek, besteak beste, minbizia garatzeko arriskua handituko dute.

Argi dugu zein den arazo potoloa: gure bizitzen aurka doazen eta mundu mailan aplikatzen ari diren politika hauek, hain zuzen, troikak inposatzen dituen politika hauek, hemen EAJ eta PSEren Aldundiak jartzen ditu indarrean.

Guk, debagoiendarrok, Gipuzkoako beste herritarrekin batera azpiegitura txikitzaile eta kutsakor hauek biak gelditu nahi ditugu. Sinesten baitugu beste alternatiba batzuk gara daitezkeela.

Hauek dira Mankomunitate aurrean bildu garenok adostutako puntuak:

1-Erraustegia eta zabortegia gelditzera goaz.
2-Bizitza zentroan jarriko duen jendarte eredu bat bultzatu nahi dugu.
3-Gaur egungo bizitza ereduari alternatibak eskaini nahi dizkiogu.
4-Borroka ezberdinen elkargune izan nahi dugu.
5-Boterea indargabetu eta herrigintza ahalduntzera goaz.

Gipuzkoa mailan 3 astez eta Debagoienean 3 egunez, elkartu garen guztion artean ikusi dugu posible dela. Indarrez gaude. Debagoiena Zutik-ek herrietan lanean jarraituko du. Hemen ez da ezer amaitzen! Datozen hilabeteetan burutuko dugun Bizipoz Turrera gonbidatu nahi zaituztegu eta iraila sorpresaz beteta etorriko da!

Hau gelditzea posible da. Ustelak lurpera!!! Bizitza erdigunean kokatzea erabaki dugu.

Ez gaitezen lo geratu urrian Zubietako errauskailuaren obren esleipena dator eta. Debagoiena zutik, orain ala inoiz ez!

Kideentzako oparia: gaurko mugimendu tailerra

Balorazioa egitea da gaurko asanbladaren helburua (19:00etan Gipuzkoa Plazan). Exkaxa litzateke, ordea, lepoz gora soilik baloratzea, hiru aste hauetan bizi eta gertatu den guztia. Lepoz gorakoa soilik ez da gai. Gorputza bere osotasunean izan da gertatu dena perzibitu duena, somatu, somatizatu, liseritu... Horregatik da kideentzako oparia gaur 17:00etan Bulebarrean Edur Epeldek dinamizatuko duen mugimendu tailerra: "Plazak, gorputzak, gureak dira".

http://www.argia.eus/blogak/estitxu-eizagirre/2016/06/21/kideentzako-oparia-gaurko-mugimendu-tailerra/

Debagoiena Zutik, astearteko egitaraua

Astearteko egitaraua publiko egin dute Debagoiena Zutikeko kideek.

 

Debagoiena Zutik gaua pasatzeko prest

Debagoiena Zutikek deituta, kontzentrazio jendetsua egin dute Arrasaten, Mankomunitatearen eraikinaren aurrean. 100 lagunetik gora izan dira asanbladan eta 50 inguruk erabaki dute gaua bertan pasatzea.

Arratsaldean planteamentuari buruz aritu dira. Gipuzkoa Zutiken hedapen gisa ikusi dute beren burua, eta erraustegiaz gain, sinbolo lokal gisa Epeleko zabortegia hautatzea pentsatu dute.

Bertan bildutakoek adierazi dutenez, Gipuzkoa Zutiken formato berriak jende gehiago erakartzeko aukera ematen du, eta saiakera egiteko prest daude.

Afalostean, lantaldeak osatu eta hurrengo egunetarako egitaraua prestatzeari ekin diote. Asteazkenean kalejira jendetsua antolatu nahi dute.

Meme hau zabaldu dute lotara joan aurretik.

 

BIDEOA: Ertzaintza asanbladaren aurka oldartu da

Gipuzkoa Zutik ekimenaren 22. egunean Gipuzkoa Plazan asanblada deitu du mugimenduak. Bilkura hasi bezain laster Ertzaintza pertsona bat identifikatzen saiatu da. Tentsio uneak izan dira eta bi lagun identifikatu dituzte, tartean ARGIAko kazetari bat. Beheko bideoan ikus daiteke agenteen jokabidea.

Honela kontatu du ARGIAko kazetariak gertatu dena.

Jendetza elkartu du errausketaren aurkako GuraSOSen martxak

Igande eguerdian milaka lagunek babestu dute Zubietako erraustegiarekin kezkatuta dauden gurasoek deitutako mobilizazioa. Antiguo auzotik atera eta Alderdi Ederren amaitu da martxa.

 

Erraustegia geratzeko asmoak hartu du Zubieta

Hiru aste kalean egin ostean, Zubietara heldu da Gipuzkoa Zutik mugimendua. Kide batzuk bizikletan atera dira Donostiako Boulevardetik, beste batzuk trenean joan dira, eta beste hainbat arratsaldean zehar joan dira iristen Zubietara.

Erraustegia eraiki nahi duten gunea bertatik bertara ikusi ostean, landare batzuk landatu dituzte orubean.

Ondoren erraustegiaren aurkako mugimenduko kideek borroka honen nondik norakoak azaldu dituzte, eta erraustegiaren aurkako medikuek beren lana azaldu dute mahai-inguru formatuan.

Ondoren, zubietarren ikuskizunak etorri dira: antzerkia, bertsoak, dantza eta kantua. 300 bat lagun izan dira ekitaldian.

Zubietarrek prestatutako afariaren ostean, hiru aste hauetako bideo hautatuak ikusi dituzte, Gipuzkoa Plaza lehen aldiz hartu zenetik gertatutako guztia errepasatzeko. Giro lasai eta umoretsuan, gaua pasa dute frontoian.

Bideoa: Espainiako erregea Donostia 2016 ekitaldira sartu den unea

Ostiral eguerdian iritsi da Espainiako erregea Donostia 2016ek San Telmon prestatutako ekitaldira. Ertzainek osatutako itxituraren beste aldean, dozenaka herritarrek Nafarroako, Euskal Herriko, errepublikako eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurriñak eskuan, oihuka helarazi dizkiote mezuak: justizia sozial eskaerekin, presoen eskubideekin, independentziarekin eta monarkiaren abolizioarekin lotutako lema umoretsuak entzun dira.

Erregea baino lehen iritsi dira Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusia eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, eta hauek ere oihu eta txistu artean hartu dituzte bertaratutako herritarrek, monarkia babestea eta iruzurra leporatuta.

 

Debagoiena Zutik-en deialdia

Debagoienan astelehenerako deialdia egin dute Mankomunitatearen aurrera lotako zakuekin joateko. Idatzi hau igorri dute hedabideetara. Bere horretan irakurgai azpian.

Asteburu honetan hiru aste beteko dira Donostian Gipuzkoa zutik mugimenduak Gipuzkoa plaza hartu zuenetik. Kanpaldi horren helburua, denbora honetan, erraustegiarekiko eta, oro har, horren atzean dagoen gizarte ereduarekiko aurkakotasuna adieraztea izan da. Pertsonen zapalkuntzan oinarritzen den eta amildegira garamatzan sistemaren ondorioetako bat da erraustegia. Beharrezkoa ez izateaz gain, gutxi batzuen patrikak betetzeko helburu bakarrarekin eraikiko den azpiegitura dela salatu du mugimendu honek uneoro.

Debagoiendar talde batek, mugimendu eta filosofia hori gure bailarara zabaltzeko ordua dela deritzogu. Are gehiago, Gipuzkoa osoko zaborra hona helarazteko asmoa adierazi diguten honetan (nora eta %80ko birziklapen tasa daukan eskualde batera!).

Hori dela eta, herritarrak deitzen ditugu astelehenean, ekainak 20, arratsaldeko 19:00etan mankomunitate parean ustelak lurpera, bizitza da handiena lemapean egingo dugun elkarretaratzera, honek erantzukizun zuzenak baititu aipaturiko auzian. Horren ostean asanblada bat egingo dugu eta kanpaldi bat hasiko dugu, mankomunitate honek hartu dituen erabakien eta bultzatzen duen jendarte ereduaren aurrean gure aurkakotasuna adierazteko.

Oarsoaldea zutik jartzeko bidean

Oreretan hainbat bilera egin dituzte, ostegunekoa azkena. Oarsoaldeako Hitzan informazio gehiago.

 

20 lagunek pasa dute gaua Antiguan

20 lagun inguruk pasa dute gaua Antiguako frontoian. Aurreko egunean erabaki bezala, talde txikietan banatu eta lanak egin dituzte: esku orriak banatu komertzio eta eskoletan, hondartzan idatzi erraldoia prestatu...

 

 

Buruntzaldea Zutik: 25 lagun lehen asanbladan

Buruntzaldea Zutik ekimeneko kideek lehenengo asanblada egin dute gaur, Okendo plazan. Hainbat kontu eztabaidatu dituzte bertan, taldetxo txikitan bilduta lehenengo, eta guztiek elkarrekin ondoren: koordinazioa, borroka-fokoak, datozen asteetarako ekintzak...Asteburu honetan Zubietan eta Donostian egingo diren ekintzetan parte hartzeko asmoa azaldu dute. Jarraitu irakurtzen Txintxarrin.

Antiguan pasako du gaua kanpaldi ibiltariak

Egiatik Antigua auzora mugitu da Gipuzkoa Zutik mugimendua. Gunean aldarrikapenak zabaldu ostean, asanbladan lanak banatu eta Mikel Peruarena kazetariaren hitzaldia entzun dute, beste batzuek afaria prestatzen zuten bitartean.

Oiartzun Zutik: Astelehenean asanblada

Asanblada egingo dute astelehenean, ekainak 20 Oiartzun Zutik sortzeko, 19:00etan plazan.

 

Florentziako errausketaren aurkako mugimenduaren elkartasuna

Florentzian (Italia) egin asmo duten erraustegiaren aurkako Assemblea per la Piana-k elkartasuna adierazi dio Gipuzkoa Zutiki.

Bi norabidetako elkartasuna da, aurretik Boulevardetik haien aldarrikapenak lekua izan zuen.

 

Debagoiena Zutik antolatzen ari dira

Txio honek erakusten duenez, Debagoiena Zutik prestatzen ari dira.

Astebururako egitaraua: Zubietara martxa eta mobilizazioekin bat egitea

Ostegunetik hasi eta iganderainoko egitaraua publiko egin dute. Azpian irudia.

 

Osteguneko egitaraua

- 17.30-18:30 Uliako Lore Baratzak Donostiako udalaren espekulazio planari aurre egiten.
- 18:00 Gu.
- 18:30 Egiatik Antiguara kalejira abiatu.
- 19:00 Asanblada Antiguan.
- 21:30 Mikel Peruarena kazetariaren hitzaldia: "Erraustegitik Bidegira: instituzio publikoak SA"

Amsterdamgo Bucket Boys taldearen kontzertua

Bucket Boys taldeak giroa goxatu du afalaurretik. Egian bildutako kideek gozatua hartu dute eta kontzertuaren amaierarako gehiengoak dantzan amaitu du. Hemen hasiera parteko abesti bat.

Mozal ala Penal? jolasa

Afalaurretik, "Mozal ala Penal?" jolasa egin dute kideek. Mozorrotuta zeuden antolatzaileek, antzerki bidez, egoera ugari jarri dituzte mahai gainean eta talde txikitan asmatu behar izan dute ea Mozal Legearen bidez zigortzen den ala kode penalaren bidez. Ondoren, zigorra zenbatekoa den asmatu behar izan dute.

Egiara sarreran ongi etorria

Egiara sarreran ongi etorria egin diete egiatarrek Gipuzkoa Zutikeko kideei.

Asanblada ibiltaria Egiara joateko prestatzen

Egian Gipuzkoa Zutik dinamikaren berri ematen ari dira kideak, pankartak jarriz eta komertzioz komertzio eskuorriak banatuz eta 19:30etarako asanbladara gonbidapena eginez.

 

Asteazkeneko egitaraua: Boulevardetik Egiara

-17:00etatik-19:00etara burujabetza teknologiko tailerra (ekarri zure ordenagailua edo mugikorra) (Arrano elkartean)

-17:30-19:00 Hitzaldia: Mozal eta penal, zein da zein? (Boulevardean)

-19:00 Egiara kalejira

-19:30 Asanblada (Egiako Plaza Haundian)

-22:00 Musika Bucket Boys-ekin (Egiako Plaza Handian)

Udaltzainek oihal etxeak kendu eta bi kide identifikatu dituzte grabatzeagatik

Goizeko 7:30ean 30 bat udaltzain bertaratu dira Donostiako Boulevardera. 25 bat lagunek egin dute lo kioskoan eta inguraturik esnatu dituzte. Gauzak jasotzeko eskatu, herritarrek hori egin, eta kioskotik jaisten hasi direnean, udaltzainek kanpingak eskuetatik kendu eta FCCren kamioira bota dituzte. Tentsio uneak izan dira protestariak konturatu direnean kanping guztiak kenduko zizkietela, eta bi kide identifikatu dituzte egoera grabatzeagatik.

 

<< <
1 2 3 4 5
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa Zutik
Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako... [+]


Bi ertzainen aurkako epaiketa bihar, Gipuzkoa Zutik kanpaldian legez kanpoko atxiloketak egin izana egotzita

Bost urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera horiekin iritsiko dira bi ertzain asteazkenean Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, 2016ko Gipuzkoa Zutik kanpaldian bi lagun legez kanpo atxilotzea egotzita. ARGIAk bi gazteen abokatuarekin hitz egin du eta... [+]


2018-09-26 | ARGIA
Erraustegien aurka 900 elkarte biltzen dituen mundu mailako GAIA aliantzak Ertzaintzaren bortizkeria salatu du

Erraustegien aurka mundu osoko 92 herrialdetako 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak igandean Ertzaintzak Zubietan erabilitako bortizkeria salatu du.


2018-09-24 | ARGIA
Hainbat zauritu eragin ditu Ertzaintzak Zubietako erraustegira egindako martxan

Iraultza Txikien Akanpada izan da Zubietan, “bestelako Euskal Herria amesten duen herri mugimendu eta herritarren topaleku. Asteburuari amaiera emateko Zubietako erraustegira martxa egin dute. Ertzaintzak bidea itxi die eta martxako kideen aurka egin du hainbat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude