Erraustegiaren aurka mobilizatuko dira Donostiako Kontxako estropadetan

  • Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietako erraustegiaren aurkako mobilizazio antolatu du irailaren 12rako, Kantauri ertzeko arraun talde onenek Donostian Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko duten egunerako. “Errausketaren aurkako borrokak aurrera darrai” aldarrikatu dute deialdian.


2021eko irailaren 07an - 08:43
Azken eguneraketa: 10:45
Zubietako erraustegiaren aurkako mobilizazioa 2020ko estropadetan. (Argazkia: Noaua)

Uda amaierako ospakizun klasikoa da arraunlarien Donostiako Kontxako Bandera, zeinetan lehiatzen baitira Galiziatik hasita Euskal Herria arteko txalupa bizkorrenak. Kirol ospakizun adina gertakizun turistikoa ere baden hori baliatu du azken urteotan Errausketaren Aurkako Mugimenduak bere aldarrikapenak herritarrei helarazten saiatzeko eta hala eginen du 2021eko edizioan ere: irailaren 12an goizeko 11etan Alderdi Ederretik abiatuta giza katea antolatu dute Kontxako hondartza eta pasealekuan zehar Zubietako erraustegia ixteko eskatu eta Donostiako udalerriak hondakinez egiten duen kudeaketa tamalgarria salatzeko.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Donostia Bizirik elkarteak zabaldu duten mezuan aldarrikatzen dute Zubietako erraustegia gelditzeko borrokan jarraitu behar dela: "Estropadetan giza katea! Hemen ez da ezer amaitu, hemen dena lortzeko dago! Babestu, zabaldu eta parte hartu!".

Hona EAMen deialdi agiria osorik:

ERRAUSKETAREN AURKAKO BORROKAK AURRERA DARRAI

Bada urtebete baino gehiago Donostiako erraustegia zaborrak erretzen hasi zela, eta tartean gertatu dira suteak (transformadorean bi aldiz, pilatutako zaborretan), Arkaitz errekako bizitza guztia suntsitzea, etabar, baina egoera honetan ere errausketaren aurkako borroka ez da amaitu. Askotan aipatu dira errausketak dituen arriskuak: osasuna, ingurumena, ekonomia… Azken hilabete eta urteetan denon ahotan dabilen klima larrialdia azpimarratuko dugu oraingoan. Donostiko erraustegiak, beste guztiek bezala, erretzen duen zabor kilo bakoitzeko CO2 kilo bat sortzen du; beraz bere osotasunean funtzionatzen ari denean, urtean 200 000 tona CO2 isuriko ditu atmosferara. Zubietako daturik ezean, Bizkaiako errautegiak 2019an 340 000 kilo nitrogeno oxido aireratu zituen; hau da, Gipuzkoako turismo diesel guztiek isuritakoaren parekoa. Denontzat gauza jakina da gas hauek direla krisi klimatikoaren eragile nagusienetakoak. Eta hala ere instalazio honi “Gipuzkoako Ingurumen Gunea” deitzen diote gure agintariek!

Aipatu beharrekoa da erraustegiak urtean 200 000 tona zabor erretzeko gaitasuna duela, eta 2020an Gipuzkoan 132 000 errefus sortu zirela. Hauek TMBtik pasa ondoren, hainbat material berreskuratu eta hezetasuna kenduta, 100 000 tona baino gutxiagotan geratu ziren. Beraz, hasieratik bi labeetako bat sobran dago eta beharrezkoa duten zaborra osatzeko hondakin industrialak (lehen Zaldibarrera eramaten zirenak) erretzeko asmoa agertu dute agintariek.

Gipuzkoan sortutako 132 000 tona errefus hauen zati handi bat Donostiakoak ziren,    48 000 zehazki. Donostia izan da 2020an ere Gipuzkoa osoan zabor gehien sortu duen herria, 255 kilo biztanleko. Eta 2020an ez zen turismorik izan! Egoera penagarri honen aurrean Udalak ez du aldatzeko edo hobetzeko inolako interesik. Erraustegiarentzat beharrezko erragaia da Donostian sortutako zaborra.

2020an eta 2021ean Udaleko talde guztiekin elkartu da Donostia Bizirik eta, emaitza txarrak direla aitortuta ere, garbi geratu da gaikako bilketaren arduradunek ez dutela epe laburrean inolako pauso esanguratsurik emango. Egoera salatzeko eta herritarrei begien aurrean gertatzen ari dena jartzeko asmoz errefusaren karakterizazioak egiten hasi ginen. Uztailean Sarriegi plazan ostalaritzako errefusa sailkatu genuen eta %97a birziklagarria dela erakutsi genuen. Bigarrena abuztuan Udaletxeko sarreran edo Kontxa pasealekuan egiteko asmoa genuen, baina Udalak baimena ukatu digu, aitzakia merkeak jarriaz: eguraldi beroa, jende asko.

Noski, badakigu oso itsusia dela Donostiako herritarrei eta turistei zaborretara zer eta zenbat botatzen dugun erakustea. Gardentasuna aipatzen dute hitzetik hortzera, baina Donostiako Udalak nahiago du zaborrak ezkutatu, gauero kamioian hartu eta erraustegian erretzea.

Hau guztia salatu eta hondakinei irtenbide jasangarriagoa emateko eskatuz Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak irailaren 12an goizeko 11etan Alderdi Ederretik abiatuta Giza Katea egingo du Kontxako hondartza eta pasealekuan zehar.

ERRAUSTEGIA GELDITU

ERRAUSKETA = KLIMA ALDAKETA

GOIA, GARMENDIA BIRZIKLATU

Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Donostia Bizirik elkarteak sinatzen dute deialdia.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude