Ernaik "Salto!" dinamika martxan jarriko du "bizitzen, askatasunen eta burujabetzen alde"

  • Kaleak urrun topatu dituzten azken hilabete hauen ondoren, berriz ere kalera, antolakuntzara eta kolektibora salto egingo duela iragarri du Ernaik, bizitzak, askatasunak eta burujabetza oinarri hartuz.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko ekainaren 11n - 10:23

Osasun-krisiak beste krisi batzuk azalarazi dituela askotan entzun dugu azkena asteetan. Ernaikoen esanetan, zaintza krisia, krisialdi ekologikoa, krisi soziala eta ekonomikoa, lurralde krisia eta gainontzekoak modu argian gorpuztu dira, eta guzti horren atzean sistema kapitalista atzematen da. "Zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatu, zaintza lanak are gehiago prekarizatu, planetaren esplotazioan sakondu, kontrol soziala areagotu, erabakiak eta kudeaketak zentralizatu, prekarietatea eta langabezia tasak, eta abar. Kapitalismo heteropatriarkala da birusa. Sistema hau da pandemia", dio Ernaik.

Sistema eta zerbitzu publikoetan urteetan zehar egindako murrizketa horien arduradunak "izan dira balkoietan txalo egiten lehenak", salatu du Ernaik. "Ezin ahaztu krisialdi honetan ere aberatsenek aberasten jarraitu dutela, egoera txarrenetan ere etekinak loditzen jarraitu dute batzuek. Lan eta zentzu komunitarioa erdigunean jarri dugu herritarrok, zaintza sareak sortu ditugu herriz herri eta auzoz auzo, krisialdiari herri gisa erantzun diogu. Eta bi hilabeteren konfinaturik egon ostean, kalera itzuli gara".

Datorren krisiari aurre egiteko prestatu behar da gazteria

Osasun krisiari krisi sozioekonomiko batek hartuko diola segida aipatu du Ernaik. "Garai zailak datoz eta prestatuta egon behar dugu. Gazteak sektore kolpatuena gara: 2008ko krisia ezagutu genuen eta orain beste krisi batek zeharkatuko ditu gure bizitzak. Beste behin ere, espektatibak lapurtu dizkigute, krisiaren belaunaldia gara. Ez dugu onartuko, krisia kapitalak ordaindu dezala", eskatuko du Ernaik. Horretarako, kudeaketa egoki bat beharko dela azpimarratu du gazte antolakundeak, eta bere tamainako neurriak ere bai. "Normaltasun berria aurkeztu digute, betiko kapitalismo-heteropatriarkala maskaraz aldatuta. Guk ez dugu normaltasun berrira joan nahi, ezta aurreko normaltasunaera itzuli ere; guk mundu berri bat nahi dugu. Kapitalaren aurrean, bizitzak jartzen ditugu erdigunean. Bizitzak erdigunera, eredu sozioekonomiko berria: ekologismotik, feminismotik, sozialismotik... eraikia. Zerbitzu publiko sendoen defentsan, zaintza lanen aitortza, duintzea eta erregulazio berria. Lurraren zaintza, krisialdi ekologikoa gelditu behar dugu".

Askatasun politikoak eta burujabetasuna aldarrikatuz, kaleak berreskuratzeko deia egin dute

Datorren egoerari erantzuteko garrantzi handikoa izango da kaleak berrartzea, dio Ernaik. Mugimendu sozialek euren aldarriak eta borrokak kaleratzea ezinbestekotzat jotzen dute. "Ezin gara ixilik gelditu datorrenaren aurrean. Konfinamenduan ikusi dugu zein den normaltasun berriaren segurtasun eta ordenaren esanahia: kontrol, abusu eta gehigikeri polizialak. Kaleak espazio publiko eta herritar gisa ulertzen ditugu guk jende, dinamika, aldarri eta borrokaz beteta. Kale biziak".

Horregatik aurreratzen dute ez dutela onartuko segurtasunaren izenean askatasun politikoen murrizketak. Eta neurri berean estatuen "inposizioa, nazio ukazioa eta birzentralizaziorako joera" salatzeko asmoz, burujabetasuna aldarrikatuko dute. "Burujabetzaren aldeko indarrak metatzen jarraitu behar dugu.
 Joera zentralizatzaile eta autoritarioen aurrean, herri ikuspegiz jarduteko aukera paregabea dugu ezkerretik, feminismotik, ekologismotik, euskaraz... Eta hau hemen egin dezakegu, eta hemen egin behar dugu; horregatik izango da ezinbestekoa independentzia". 


Salto! dinamika

Datorren krisiari Euskal Herriak mobilizazio olatu eta aliantza anitzekin erantzungo diola dio Ernaik, eta ildo horretan kokatuko dira ezker abertzaleko gazteak ere. "Gazteak lehen lerroan egongo gara, antolatuz eta saretuz herri gisa erantzuteko. Hurrengo astean hitzaldi sorta bat egingo dugu, krisiei salto egin eta aurpegi anitzetatik erantzungo diogu. Herri eta auzoetako kaleak hartuko ditugu, hainbat ekimen eta mobilizazioak eginez". Datozen egunetan honen berri emanen dute.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ernai
Ernaik salatu du Zelaia eta Barbadoren atxiloketan herri oso bat makurrarazteko estrategia bat dagoela

Gazte antolakundeak "amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna" azpimarratu du. Atxiloketa prozesuaren atzean dagoena salatzea ez ezik, Ernairen norabidea zehaztu du.


Ernaiko kideak Bilbon eta Gasteizen kateatu dira, Barbado eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren kontra

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.


Eguneraketa berriak daude