Eraso arrazista bat jazo da Gasteizen, autobus batean

  • Erasoa Borinbizkarra eta Salburua auzoak batzen dituen 7. lineako autobus batean gertatu da. Gidariak hasitako erasoa hauspotu dute hainbat bidaiarik, emakumea eta honen alabak kanporatzeraino.


2019ko urtarrilaren 10ean - 15:47
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteazkenean jazo zen erasoa, eguerdiko 14:40ak aldera. Emakume beltz bat bere bi alabekin igo zen autobusera, patinete bat zeramatela. Txoferra patinetea tolestu gabe autobusera sartzeagatik oldartu zitzaion emakumeari, eta honek aurreko egunean esandako berbera erantzun: bere alabak beharrizan bereziak dituela eta behin autobusera igotakoan entretenituko zuela, berak patinetea tolestu ahal izateko. Gidariak bere alabaren beharrizan bereziak ez zaizkiola axola erantzuteaz gain, “a ze pazientzia hauekin” bota zuen, bideoan entzun daitekeenez. Emakumeak arrazista izatea aurpegiratu zion.

Autobus gidariak hasitako eraso arrazistak zenbait bidaiari emakumearen kontra egitera bultzatu zituen. “Zure herrira joan zaitez”, “Etorkin nazkagarriak, putakumeak”, “Nazka ematen didazue beltz zikinak”, “Hona zatozte eta dena kentzen diguzue” edo “Emakumea zarelako, bestela egurtuko nizuke” esaldiekin eraso egin ziotela azaldu du gertakaria mugikorrarekin grabatu zuen bidaiari batek.

Militarra zela zioen gizonezko bat bere alaba ukitu bitartean “militarra naiz, hogei urte daramatzat zu bezalako jendea akabatzen” esatera heldu zen. Esaldi honekin emakumea autobusetik jaitsi zen, gizonak heriotza mehatxua egiten zion bitartean.

Gertakaria jasotzen duen bideoaren jabeak Instagram sare sozialaren bidez zabaldu du grabaketa. Ondorioz, Gasteizko garraio publikoaz arduratzen den Tuvisa enpresak gertakariaren gaineko ikerketa abiatu du.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek agerraldia egin du jazoeraren gaineko balorazioa egiteko. Bideoak jasotzen dituen esaldi arrazistak “oso larritzat” jo ditu. Gidariaren zenbait jokaera egokiak ez zirela ere adierazi duen arren, honek inolako irregulartasunik egin ez duela eta hargatik zigorgabe aterako dela gehitu du.

Berria-k moldatutako bideoa ikusgai lotura honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!