Datorren astean Jose Ramon Mariño ATTACeko kideari egindako elkarrizketa argitaratuko du ARGIAk. Batik bat TISA akordioaren negoziazioei buruz jardun dugu harekin, baina TTIP itun transatlantikoa ere izan dugu mintzagai. Hona hemen Mariñok bigarren horri buruz esandakoak:
Erregulazio-lankidetza: “TTIPen giltzarrietako bat da. Organismo bat sortu nahi dute, AEBetako eta EBko araudiak homologatzeaz arduratuko dena. Gakoa da organismo horrek erabaki estrategikoak hartu ahal izango dituela: nazioarteko merkataritzari eragiten dion edozein legedi, onartua izan aurretik, haiek ikuskatuko lukete. Erakundeei dagokien erabakitzeko ahalmena teknikari talde baten esku ipini nahi dute. Etorkizunean, talde horrek bidea zabaldu diezaioke oposizioa saihestearren itunetik kanpo utzitako zenbait gai polemikori: frackinga, elikagaien segurtasunari buruzko araudi batzuk...”.
ISDS auzitegiak: “Iritzi publikoan aurkako ahotsak eragin zituen lehen gaietakoa izan zen. Azkenean, Europako Batzordeak kontsulta publikoa egin zuen internet bidez, oso kontsulta teknikoa, ulergaitza, eta hala ere, gure ekimenez, 150.000 erantzun inguru jaso zituzten. %97 ISDS auzitegien aurkakoak izan ziren. Azkenik, Batzordeak erabaki du kontsultaren emaitzaz paso egin eta gaia aditu talde baten esku uztea. Ohiko adar jotzea”
“Bitxia da: izatez, ISDS auzitegiak sortu ziren inbertsiogileei segurtasun juridikoa bermatzeko ustelkeriagatik, nepotismoagatik… segurtasun hori kolokan egon zitekeen herrialdeetan. Baina Europan eta AEBetan, alegia, demokraziaren, erregulazioaren eta botere banaketaren 'erresuman', zertarako behar da ebazpen auzitegi bat? Ez ditugu bidezkotzat jotzen guk geuk sortutako justizia sistemak? Diskurtso hori oso arriskutsua da”.
TTIPen berrespena: “Eztabaida handia dago, ea TTIP hitzarmen mistoa den ala ez. Mistoa bada, EBko parlamentu nazional guztiek berretsi behar dute, eta litekeena da Greziak, esaterako, ez egitea. Frantziak eta Alemaniak ere, agidanez, uko egingo liokete TTIP sinatzeari itunak ISDS auzitegia barne hartzen badu. Aldiz, ituna mistoa ez bada, nahikoa da Europako Legebiltzarrak onartzea”.