Jaurlaritza TTIPen alde Europak ezarritako marra gorriak ez gainditzekotan

  • Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu du Eusko Jaurlaritzak TTIP hitzarmenari buruz duen jarrera, EH Bilduk egindako agerraldi eskaeraren ondorioz. Sailburuak esan du akordioa ona izango dela enpresa ertain eta txikiei mesede egin diezaiekeen heinean, baina Jaurlaritza ez dela haren alde izango Europako Batzordeak esplizitatu dituen marra gorriak zapalduz gero. 


2016ko maiatzaren 13an - 16:28
Angel Toña sailburuaren ustez, "behar bezala egitekotan" TTIP hitzarmenak lagundu dezake globalizazioa bidezkoago bihurtzen. (Arg.: EU-OSHA / CC By SA).

Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean egin du agerraldia Toñak, EH Bilduk eskatuta. Zehazki, talde abertzaleak TTIPek EAEko gizartean eduki lezakeen eraginaz azalpenak emateko galdatu dio sailburuari. Angel Toñak erantzun du oso zaila dela hori iragartzea, informazio gutxi zabaldu delako EB eta AEBak negoziatzen ari diren akordioaz. 

Zentzu horretan, bi aldeek gardentasun handiagoz jokatzea ona litzakeela adierazi du sailburuak, eta gogorarazi du Europako Eskualdeen Batzordeak [horren barruan Jaurlaritza dago] agertu izan duela negoziazioen opakotasunari buruzko kezka.

Langileen eskubideak errespetatzea

Toñaren ustez, TTIP ez litzateke onargarria Europan ezarrita dauden zenbait printzipio errespetatzen ez baditu. Besteak beste, lan baldintza egokiak, langileen diskriminazio eza, hitzarmen kolektiboak eta elkarrizketa soziala aipatu ditu  “gainditu ezinezko” marra gorrien artean”, eta gaineratu du Europako Batzordeak argi utzi duela honezkero jarrera hori defendatuko duela TTIPen negoziazioetan. Gogoan hartu behar da AEBek ez dituztela berretsi Lanaren Nazioarteko Erakundeak langileen eskubideez onartutako hainbat hitzarmen.

AEB-EB akordioa enpresa txiki eta ertainentzat ona da EAJren ustez

Toñaren jarrerarekin bat egin du EAJren izenean hitz egin duen Aitor Urrutia legebiltzarkideak. Haren esanetan, jeltzaleek ez dute TTIP babestuko akordioa txarra bada, baina gehiago jakin arte negoziatzaileengan konfiantza izango duela gehitu du. “Euskadiko ekonomiaren oinarria enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira eta haiek dute TTIPen beharrik handiena, ez multinazionalek; izan ere, ETE askok agertu dute honezkero akordio hori sinatuta ikusteko nahia”, gehitu du.

Lehenago Toñak egin bezala, Urrutiak azpimarratu du AEBak direla EAEko esportazioen hirugarren hartzaile nagusia, eta ondorioz merkataritzarako aukerak handitzea dakarren akordio bat oso mesedegarria izango litzatekeela haientzat.  

“Marra gorriek gorri izateari utzi ahal izango diote behin akordioa lortuta”

Agerraldi eskaria egun duen EH Bilduren izenean, Oskar Matutek esan du badagoela TTIPen ondorioez aurreikuspen gehiago egiterik Toña sailburuak aitortu duena baino. “Era horretako beste akordioak dagoeneko indarrean egotearen abantaila daukagu; ikusi dugu, esaterako, zer ondorio negargarriak izan dituen Ipar Amerikako NAFTA hitzarmenak Mexikorentzat, baita AEBak eta Kanadako langileentzat ere”.

Matutek berriki Greenpeacek zabaldutako filtrazioak ere izan ditu hizpide. “Esan izan da dokumentu horietan ageri dena alde bakoitzaren aurretiazko posizioak besterik ez direla, baina ez da hala; honezkero adostutako testu batzuk ere badaude, eta horietan ikus daiteke, besteak beste, Europak aipatzen dituen marra gorri horiek gorri izateari utziko diotela behin gai horri buruzko akordioa lortuta. Hau da, erdibideko jarrerak hartu ahal izango direla”.

Gardentasunaz den bezainbatean, Matutek negoziatzaileen ezkutukeria kritikatu eta aldi berean prozesuarekin bat egitea leporatu die bai Jaurlaritzari bai EAJri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TTIP/TAFTA
2016-11-23 | Unai Brea
CETA akordioa Europako Auzitegian aztertzeari ezetz esan dio Europarlamentuak

Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka... [+]


2016-11-10 | Unai Brea
Júlia Martí (Euskal Herria TTIPari Ez! kanpaina):
"Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela"

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]


TTIP eta CETA akordioen aurkako mobilizazioak larunbatean Hego EHko hiriburuetan

Larunbatean, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka mobilizatzeko deia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA Ez plataformak.


2016-10-30 | Juan Mari Arregi
Ez ezazu irentsi

Hainbat plataforma sozialek ohartarazi dute zein ondorio izango dituen AEB eta EBren arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) negoziazioak. Munduko merkatu handiena sortuko du. Baina itun hori, CETA edo beste batzuk bezala, ez da merkatu akordio hutsa. Enpresa handiei... [+]


Eguneraketa berriak daude