Emakumeak borrokan
Miguel Angel Martinez (KEM-MOC)

"Eragozpen fiskaletik lortutako dirua alternatiba eraldatzaileak bultzatzeko bideratzen dugu"

  • Eragozpen fiskaleko kanpaina abiatu dute aurten ere hainbat elkartek EAEn. Errenta aitorpenean gastu militarrei eta azpiegitura handiei uko egin eta bidezko proiektuak finantzatzeko kanpaina honek iaz 100.000 euro desbideratzea lortu zuen Espainiako Estatuan. Helburuekin bat egiten duten herritarrak laguntzeko zerbitzua eskaintzen dute www.eragozpenfiskala.org webgunearen bitartez eta horretarako EAEn jarritako bulegoetan. Miguel Angel Martinez Bilboko KEM-MOCeko kidea ari da kanpainaz arduratzen.

Xalba Ramirez @xalbaram
2017ko ekainaren 20a
Besteak beste, gastu militarrera eta zenbait azpiegitura handitara norberaren zergetatik dirurik ez bideratzeko laguntzen dute eragozpen fiskalerako bulegoetan.

Zer da eta zergatik egiten duzue eragozpen fiskaleko kanpaina?

Lehenik eta behin argi utzi nahi dugu ez dela zerga gutxiago pagatzeko kanpaina bat. Errentaren aitorpenaren bitartez, bidezkoak ez diren aurrekontuen finantziazioari uko egitea da. Honela, gastu militarrari, bankaren erreskateari, mugen militarizazioari, Abiadura Handiko Trena eta halako makroegiturei… doakien dirua, izaera eraldatzaile eta solidarioa duten alternatibak lagundu eta bultzatzeko bideratzen da. Bakea, justizia soziala, feminismoa, antimilitarismoa… oinarri duten proiektuetara bideratu nahi dugu dirua.

Zein helbururekin jarri zenuten martxan?

Duela 30 urtetik egiten da kanpaina hau. Estatu mailan koordinatua dago baina, EAEn ezaugarri bereziak ditugunez gure kanpaina propioa egiten hasi ginen iaz Setem eta KEM MOC-en artean. Aurten Mundubat, ESK, Fiareren babes taldea, Ekologistak Martxan, Mundubat eta Kakitzatekin batera ari gara aurrera ateratzen.

Nola egiten da?

Urrats teknikoak pixka bat konplikatuak dira zenbakiez asko ulertzen ez dugun herritarrontzat, horregatik jarri dugu martxan arreta zerbitzua. Gure webgunean dugun telefonora deitu eta hitzordua jartzen dugu Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ditugun bulegoetan, eta bertan doako zerbitzua eskaintzen dugu.

Edozein kopuru erabaki dezakegu eta ondoren kopuru hori nahi dugun elkarteari eman. Ekintza honen helburua, esan bezala, ez da zerga gutxiago ordaintzea, baizik eta desbideratze bat egitea. Horregatik egin dugun diru sarreraren ordainagiria igorri behar dugu aitorpenarekin batera Diputazioari, nahi izanez gero gure ekintzaren zergatiak esplikatzeko ohar batekin.

Desobedientzia zibileko ekintza bat izanik, zein ondorio izan ditzake?

Desobedientzia zibilak bidezkoak ez diren legeei aurre egitea dakar eta eragozpen fiskala hori da, irregulartasuna. Beraz, ogasunak harrapatuz gero atzera botako digu, normalean nahastu garela esanez, eta batzuetan %5eko “zigorrarekin”. Horregatik desbideratzen duguna neurtu behar dugu eta gure gain hartu dezakegun kopurua izan behar da, guk normalean 84 euroko eragozpen sinbolikoa gomendatzen dugu.

Jende askok zalantzak izaten ditu, baina guk beldurrik ez izatera animatzen ditugu. Izan ere, oso gutxitan botatzen dute atzera, ogasunarentzat oso zaila delako irregulartasun guztiak kontrolatzea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Desobedientzia zibila  |  Antimilitarismoa  |  Bilbo

Desobedientzia zibila kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude