Erabakitzeko eskubideaz erreferenduma antola dezala eskatu dio Gure Eskuk Eusko Legebiltzarrari

  • Asteazkenez bildu ziren Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin. Gure Eskuk Legebiltzarrari dei egin dio erabakitzeko eskubidea arautzeko bidean hainbat konpromiso har ditzan. Uztailaren 2an, Kataluniako ANCrekin batera Pirinio osoko 400 gailur argiztatuko dituzte bi herrialdeak lotuko dituen argi katearen bidez.


2022ko ekainaren 23an - 17:00
Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Bakartxo Tejeriarekin, Eusko Legebiltzarrean. (Arg.: Gure Esku)

Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk adierazi dute politikariak entzuten dituztela erabakitzeko eskubideaz hitz egiten, baina uste dute hitzetatik harago joan behar dela: "Uste dugu gizartea nekatuta dagoela une egokia ez dela entzuteaz. Herri honek anbizio handiagoa merezi du. Herri honen burujabetza nahia ez baita itzali; alderantziz: burujabetza nahi horrek Pirinio osoko 400 gailur piztuko ditu".

Haien esanetan, euskal herritarrek ez dugu aukeratu egun bizi garen marko juridiko-politikoa eta horregatik "herriari hitza emateko garaia da, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa".

Gure eskuko ordezkarien esanetan, erabakitzeko eskubideak herri eztabaida serio bat merezi du, eta ez dute ulertzen nola litekeen Eusko Legebiltzarrak gaia atzeratzen jarraitzea: " Zazpi lurraldeetako herritarren %70a erreferendum bidez erabakitzearen alde agertzen da. 10etik 7: badago hori baino adostasun zabalagorik?. 2018ko akordio politikoak erantzuten zion gehiengo zabal horri; ordutik hona, ordea, alderdiak gehiengoarengandik urrundu dira. Ez dezagun erabakitzeko eskubidea ibilbide laburreko adierazpen eta titularretara mugatu".

Errealitatea tematia dela diote eta behin eta berriz erakusten dituela burujabetza gabeziaren ondorio larriak, izan osasun krisiaren alorrean edo bestelakoetan. Ipar Euskal Herrira begiratuta, brebeta euskaraz egin eta zuzentzeko ikasle, irakasle eta herritar askoren borroka adibide edertzat jo dute: "Euskal Elkargoak aldarrikapen hori jaso eta bideratzeko konpromisoa bere gain hartzea lortu dute. Euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu-maila eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea dugu. Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak".

Erreferenduma arautzea eta hari bide ematea instituzioen lana dela azpimarratu dute, eta hori egitea eskatu diote Eusko Legebiltzarrari. Aurrerago aldarrikapen bera Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeetara eramango dutela aurreratu dute.

Ondorioz, eskatu diote Eusko Legebiltzarrari erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko eztabaida udazkenean bertan berrartzeko eta herritarrok eztabaida horretan parte hartzea bermatzeko mekanismoak bideratzea, beranduenez 2022-23ko ikasturtean. Edonola ere, Gure Eskuk jakinarazi du ez dela instituzioetan egindakoaren zain geratuko, eta hor kokatu dute uztailaren 2ko mobilizazioa: "Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Kantauritik Mediterraneora".

Pirinioetako argi-lerroarekin hiru helburu bete nahi dituztela dio Gure Eskuk: batetik, nazioartean arreta deitu nahi dute, argi erakustea Katalunia eta Euskal Herria autodeterminazioaren aldekoak direla; bestetik, Katalunia eta Euskal Herriaren artetik elkartasunetik elkarlanera pasatzera; eta azkenik, aldarrikapenaren inguruan "herri gogoa" piztu nahi dute.

Agiri osoa irakurri nahi duenak Eragileen plazan egin dezake.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erabakitzeko eskubidea
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Aterik itxi gabe, Espainian hoztasunez jaso da Urkulluren proposamena

Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.


Eguneraketa berriak daude