“Erabakia herriarengan utziz gero, ustelkeria uxatu egiten da”

  •  Herritarren parte-hartzea indartzea eta bermatzea, eta obra eta zerbitzu publiko guztien publifikazioa da politikan gertatzen den ustelkeriari aurre egiteko gakoa. Euskal Herria ez da salbuespena.

Garbiñe Biurrun EHUko irakaslea eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Areto Sozialeko presidentea. (Argazkia: Ecuador Etxea)

2023ko martxoaren 15ean - 09:54
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Tarteka ustelkeria politikoari buruzko albisteak iristen dira. Tarteka, ustelkeriaren eta iruzurraren aztarnak eta susmoak zabaltzen dira, normalean jarduera politikoari lotuta. Une horietan herritarrak biziki haserretu eta inguru politiko guztia zalantzan jartzeko ohitura dago. Garbiñe Biurrun (Tolosa, Gipuzkoa, 1960) epaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen ustez ondo dago dena eztabaidatzea eta arazo honen jatorrira joan nahi izatea. Ariketa honek, interesgarria izateaz gain, konponbide demokratikoak ekarri ditzake. Horretarako gizarte demokratiko bat nola egituratu, herritargoaren partaidetza nola bideratu eta, azkenik, jartzen diren bitarteko horiek nola kontrolatu aztertu behar da. Dioenez, ustelkeria amaitzeko ezinbestekoa eta posible da herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eskubidea beste era batera gauzatzea.

De Miguel auziaren sententzia baieztatu da. Salbuespena da?

Euskal oasiaren irudia politikoki asko erabili izan da eta irudipen bat zen soilik. Erabateko irudi faltsua, asmo politiko garbi batekin zabaldutako irudia. Ziurrenik halako delitu gehiago gertatuko ziren eta momentu honetan ere gertatzen ari dira, baina ez da inolaz ere sistematikoa ezta iceberg baten punta. De Miguel kasuak erakutsi duen bezala oso zaila da delitu hauek ikertzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez da ustelkeria kasu asko argitara ematen. Kasu berezi baten aurrean gaude?

Ez. Euskal Herrian ez gara salbuespenezko egoera batean edo oasi batean bizi. Egoera Frantziakoaren, Portugalgoaren edo Espainiako erkidego autonomoenaren antzekoa da. Kontrolak adibidez oso antzekoak dira, ez dira areagotu, ez daukagu kontrol berezirik beste inon ez dagoenik: erakunde barneko kontrolak eta kanpoko kontrolak daude.

Zein dira ustelkeria kasuak saihesteko kontrol garrantzitsuenak?

Hedabideek egiten duten kontrola ezinbestekoa da. Horretarako gardentasuna eta ikerketa behar dira. Ustelkeriari buruzko gai batzuk hedabide batzuetan azaltzen direnean, informazio zehatza eta zabala ematean, denbora pixka bat pasatuta gaia desagertu egiten da, askotan ez da jakiten ikerketarik egin den edo ez, politika mailan zer gertatu den. Halaber, fiskaltzak batzuetan diligentziak zabaltzen baditu, gero utzi egiten ditu eta herritarrok ez gara konturatzen. Tarteka berriz ere gai berbera iristen da komunikabideetara, baina ez dakigu benetan zer gertatzen den. Argi dago gai batzuk ez direla ixten.

Zergatik gertatzen da hori?

Alde batetik, erantzule politikoen erantzuna oso eskasa izaten da. Lagundu ere gutxi egiten dute. Adibidez, oraindik ere ikertzen ari diren Osakidetzako oposizioen kasua aipa daiteke. Bestalde, kanpotik oso zaila da ikertzea. Dauden kontrolak ez dira eraginkorrak. Kontrol gehiago beharko lirateke bai barruan eta bai kanpotik ere. Baina hori arautu egin behar da, kontrola ezin da utzi bakarrik hedabideen eskuetan. Hedabideez gain, bestelako kontrol formalagoak eta eraginkorragoak behar dira.

“Erakunde eta botere publikoengandik babestu eta sustatu behar dira komunikabide libreak”

Zein dira beste aukera horiek?

Azkenengo kontrola, arlo batzuetan behintzat, udal mailetan jarriko nuke, hots, herriarena beharko luke. Herritarren parte hartzea asko areagotu beharko litzateke gai askotan. Hirigintza esparru oso aproposa izango litzateke adibidez parte hartze hori zabaltzeko, arautzeko. Erabakia herriarengan zuzenean uzten bada, ustelkeria uxatu egiten da.

Komunikabide zenbaitetan kasu zehatzen salaketa, auzien jarraipena, boterearekiko eta sistematikoak diren joerekiko eztabaidak argitaratzen dira.

Ezinbestekoa da gizarte demokratiko batean komunikabide libreak eta ahaltsuak egotea, informazioa hedatzeko bitartekoak dituztenak. Lan zaila eta meritu handikoa da. Egun, ustelkeriaren aurka ez dago bitarteko nahikorik. Salaketez gain, beti izango da beharrezkoa komunikabideen ikuspuntu libre eta desberdina izatea, aurrera eraman ahal izatea ikerketa lan asmoak. Hain zuzen ere, komunikabide batzuei esker ezagutu dira hainbat gertaera eta jakin dira hainbat delitu. Horregatik erakunde eta botere publikoengandik babestu eta sustatu behar dira komunikabide libreak. Komunikabideen pluralismoa mantendu behar da.

Espainian, duela zenbait urte, ustelkeriaren aurkako udaberria eman zen. Hainbat auzipetu eta kondenatu izan ziren alderdi politiko ezberdinetan. Horren ostean, politika egiteko era berri bat sortu dela dirudi, tresna berriekin. Aitzitik, badirudi Euskal Herrian ez dela joera hori eman. Boterean dagoen alderdien ustelkeriarekiko tolerantzia handiagoa dago hemen?

Bai, orokorrean tolerantzia handiegia dago halako delituekiko, bai hemen zein Espainian. 1996. urtean gertaturikoa alde batera utzita, normalean hauteskundeetan ustelkeria kasuek ez dute ondoriorik izaten. Auzitegietan ordaintzen dena normalean zati txiki bat izaten da. Erantzukizunak argitzen dira nagusiki. Botere publikoengandik oso kontzientzia gutxi zabaltzen da, eta botere publikoek ardura hori izan beharko lukete, gizartea ondo kontzientziatu behar da: zer den diru publikoa, zer diren politika publikoak, zer nolako eskubideak dauzkagun herritarrok. Hori egiten ez den bitartean gai hauekiko guztiz toleranteak izaten jarraituko dugu. Herriak ez du ustelkeria delituen aurkako kontzientzia nahikorik eta interes politiko argi bat dago horren atzean, komunikabide batzuk horren aurka egiten saiatzen diren arren, ikertuz eta auziak jarraituz, zailtasunak izaten dituzte, are gehiago, nolabaiteko jarrera negatiboak pairatzen dituzte alderdi eta botere publikoengandik. Ondorioz, zaila da herritarrok jakitea zer eta zergatik gertatzen den eta nola saihestu gertatzen den guzti hori.

“Herriak ez du ustelkeria delituen aurkako kontzientzia nahikorik eta interes politiko argi bat dago horren atzean”

Hain zuzen, boterean izaten diren gobernuek ez dute ustelkeria kasuen eragin zuzenik pairatzen gehienetan, gobernu egonkorrak izaten dira.

Oso ustelkeria larria, zabaldua, luzea, egonkortua izan beharko luke hauteskundeetan zigorra jasotzeko. Espainian ezagutu izan diren halako kasu larriek oso gutxitan jaso dute zigorra hauteskundeetan. Ez dakit jendeak barkatzen duen, ahaztu egiten zaion, edota beste bide batzuetaz konbentzitzen den. Delituak oso larria izan beharko luke ondorioak jasateko. Halaber, ustelkeria hitza erabiltzen dena baino gehiago erabili beharko litzateke.

Aldea dago beste toki batzuekin?

Alemanian edota Frantzian adibidez dimisioak eman izan dira doktorego tesi bat plagiatu delako. Hemen hori ez zen ustelkeria gisa ezagutuko. Hemen halako zerbaitengatik inork ez luke dimitituko. Ez da dimititzen horregatik. Aguantatzeko maila oso altua dugu eta ez gara batere zorrotzak.

2009tik da Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Areto Sozialeko presidentea. (Argazkia: Ecuador Etxea)

Politikari eta enpresarien arteko gertutasuna eta bateratzea egon daiteke iruzurren jatorrian?

Gutxi batzuk aberasteko edota diru publikoa beste funtzio eta helburu batzuetarako erabiltzeko asmoa dago jatorrian. Elkarrekiko interes komun bat. Halako kasuetan gertutasuna eta akordio ilegalak egiten dira. Enpresa askok administrazio publikoentzat egiten dute lan, iruzurra askotan horrela egiten da. De Miguel kasua adibide. Ez dakit gertutasun horren ondorio den ala ez, baina azpimarratuko nuke erraztasun guztiak jartzen direla halako delituak egiteko. Aitzitik, ez da inolako erraztasunik jartzen horiek saihesteko. Gardentasun printzipio bat, lege bat badago horretarako, baina gero kontratuak esleitzerakoan, obra eta zerbitzuak esleitzerakoan, enpresa pribatuei esleitzen zaizkie, hor gertatzen dira iruzurrak. Zerbitzu publiko guztiak bitarteko publikoekin gauzatu beharko lirateke, administrazioak eman beharko lituzke zerbitzu publiko horiek. Zuzenean edo enpresa publikoen bitartez. Hala, zaildu egingo litzateke halako delituak gertatzea eta moztu egingo lirateke politikaren eta enpresarien artean dauden ustezko loturak.

“Obra eta zerbitzu publiko guztiak berpublifikatu beharko lirateke, hori izango litzateke benetan ustelkeria delituak egiteko oztoporik nagusiena”

Politika hobetzeko, Lan Harremanen esparrutik dakarzun jakintzatik abiatuta, posible ikusten duzu hirigintza eta politika publikoen kudeaketan epaitegiak, eragile sozialak eta erakunde publikoak elkarlanean aritzea?

Jurisdikzioan, lan harremanetan zein langileen parte hartze mailan posible ikusten dut eta ez da inolaz ere perfektua izan behar, horretarako langileek gehiago parte hartu beharko lukete. Herritarron parte hartzea gehiago bermatu behar da. Hori da halako jarrerak eta ustelkeriak desagerrarazteko edo behintzat oztopatzeko bidea. Politikoki hainbat erabaki hartzen dira gutxi batzuk aberasteko, aitzitik, herriak erabakiko balu beharbada beste mota batzuetako erabakiak hartuko lirateke, adibidez azpiegitura handietan. Bestalde, obra eta zerbitzu publikoen pribatizazioari dagokionean, obra eta zerbitzu publiko guztiak berpublifikatu beharko lirateke, hori izango litzateke benetan halako delituak egiteko oztoporik nagusiena. Administrazioaren bitartekoekin egin beharko lirateke zerbitzu guztiak edo behintzat gehienak. Kaleen garbiketa edo eskoletako jangelak ezin dira pribatizatuta egon.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Jaurlaritzak 606.000 esleipen publiko ikuskatu ditu, eta ez du Servinabarri lotutako bat bera ere aurkitu

Cerdán auziari loturiko Servinabar sozietatearekin eta Antxon Alonsoren beste hemeretzi enpresarekin kontratu publikorik izan ote den jakiteko aztertu ditu EAEko gobernuak azken hamar urteetako esleipenak. Antxon Alonsok Espainiako Senatuko talde politikoen galderak... [+]


Koldo Garcíaren ibilbidea PSOEtik harago: jipoiak, PPren indultua eta Guardia Zibilaren babesa

2011n PSNren zerrendetan agertu aurretik, ustelkeria kasu batengatik auzipetutako Koldo García barakaldarrak eduki zuen ibilbidea argitara atera du Directa hedabideak: besteak beste, zabortegi bateko segurtasun zaindaria zela pertsona bati emandako jipoia edota... [+]


Sánchezen plana ustelkeriaren kontra: kontrol gehiago, zigor handiagoak, eta aldaketa “kulturala”

Espainiako presidente Pedro Sánchezek Madrilgo kongresuan aurkeztu du ustelkeriaren kontra bere plana, Santos Cerdán auziaren ondorioz oposizioak estu hartu ondoren. Bost atal nagusitan banatu du eta ELGA erakundeak gainbegiratuko luke kanpotik, betetzen ote den... [+]


Antxon Alonsok ukatu egin du Cerdan Servinabar enpresaren %45aren jabe zela

Epailearen aurrean deklaratu du astelehen goizean Alonso enpresari gipuzkoarrak, Servinabar enpresaren jabeak, eta adierazi du Guardia Zibilak haren etxean aurkitutako agiriak ez duela balio, notarioarenera eraman ez zuelako. Accionako kontseilari Fernando Merinok ere deklaratu... [+]


2025-07-02 | June Fernández
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Zezenketaren kontrakoa naiz, baina debekua heltzen den bitartean, jarraituko dut zezen-plazetan gozatzen”. Lagun baten iruzkin zinikoa gogorarazi dit Jose Luis Ábalos PSOEko ministro ohiaren azken polemikak. 

Izan ere, Koldo ustelkeria kasuaren testuinguruan... [+]


Epaileak Cerdán espetxera bidali du behin-behinean

Fiskaltzak Santos Cerdán PSOEko antolakuntza idazkari ohi nafarrari fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea eskatu dio astelehen goizean, eta ordu batzuetara, epaileak Cerdán espetxeratzea erabaki du. Cerdánek epailearen aurrean esan du legez kanpoko ezer... [+]


PSNko idazkariorde Ramón Alzórrizen dimisioak ustelkeria eta krisi politikoa Euskal Herrian kokatu ditu

María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]


Ustelkeria PSOE-n
Cerdánek kargu guztietatik dimititu du, baina Sánchezek ez ditu hauteskundeak aurreratuko

José Luis Abalos PSOEko ministro ohia eta Koldo García haren aholkulariaren ustezko ustelkeria kasuarekin lotu dute Santos Cerdán, PSOEeko diputatu eta antolaketa idazkaria. Guardia Zibilak Cerdánek Garcíarekin balizko ordainketez hitz egiten duten bost... [+]


ikerketa
Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak ustiatzen jarraitzen du PPko Antépararen enpresak

Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean, atari bateko lau etxebizitzen jabe da Luxury Rental Apartments enpresa. Horietako bi etxebizitza turistiko gisa alokatzeko Jaurlaritzaren beharrezko baimena eskuratu du enpresak, eskuratu aurretik ere alokatu baditu ere, baina Turismo... [+]


ikerketa
PPko Antépararen Luxury enpresa zigortu du laugarrenez Gasteizko Udalak legez kanpoko obrak egitea egotzita

Hirigintza Sailak Luxury Rental Apartments SL enpresa zigortu du 2025eko urtarrilean, Pintore kaleko etxebizitza batean obra “klandestinoak” egitea egotzita. Enpresako partaidetzen %50 Gustavo Antépararena da, eta administratzailea bere bikotekidea... [+]


ikerketa
Gasteizko Hirigintza Saila eta gardentasuna: urtebete eskaera ofizialei erantzunik eman gabe

ARGIAk hamaika aldiz eskatu dio Gasteizko Hirigintza Saileko Eraikuntza Zerbitzuari, urte batez, bi espedienteren inguruko informazioa. Hainbat aldiz ziurtatu zaio hedabide honi informazioa igorriko zitzaiola. Inoiz ez dute egin, eta hainbat hitzordu eta eskaera ofizial utzi... [+]


Manu Ayerdiren kontrako auzia behin betiko artxibatu dute, instrukzioa epez kanpo luzatu zelako

Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki... [+]


Donostiako kaiko lizentzia onartu zuen funtzionarioa eta bere semea «gutxienez beste lautan» elkarrekin aritu dira, salatu dutenez

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak irregulartasunak salatu ditu Parte Zaharreko lizentzia askoren harira, baita salatu ere "onuraduna" ostalaritza dela "beti". Azalpenak eta ardurak eskatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude