"Emozio-publikoa eraikitzen ari gara, eta arriskutsua da"

  • Espainiako telebistako berriemaile ezagunetako bat izan zen Rosa Maria Calaf 26 urtez. Egungo hedabideekin kritiko, bikaintasun-kazetaritza aldarrikatzeko lanean jarraitzen du.

Rosa Maria Calaf kazetaria, Gasteizko Aldabe gizarte etxean. (Argazkia: Saioa Fdz. de Aranguiz)

2017ko abenduaren 15an - 12:46

Erretiroa hartu bazuen ere,  kazetaritza zainetan darama Rosa Maria Calafek (Bartzelona, 1945), eta gertutik bizi du oraindik. Hainbat urtez hamaika herritan TVEko berriemaile lanetan ibili eta gero, hara-hona dabil ofizioari buruzko mahai-inguruetan solaskide. Gasteiz Konexioa izeneko bilkurarekin gerturatu da hiriburura, mundu globalizatuko herrialdeen arteko loturez gogoeta egitera.      

Esplotazioa, baliabide naturalak, kontsumo ohiturak... Hainbat gai izan dituzue solasgai 'Gasteiz Konexioan' izeneko bilkuran, baina nolako garrantzia ematen die horiei egungo kazetaritzak?

Zoritxarrez, gai hutsalagoei erreparatzen die kazetaritzak, azaleko gaiei, eta herritarrek benetan jakin behar dituztenak maiz kanpoan geratzen dira. Kazetaritza beste zerbaitera desbideratzen ari da orain, ez baitu betetzen haren benetako funtzioa, alegia, herritarrari eskaintzea ezagutza-tresnak hark iritzia eraiki dezan, eta oso larria da hori. Uste dut hedabideek erantzukizun  handia dutela pentsamendu bakar horrekin bat egiteagatik, erosiko duten kontsumitzaileen gizarte bat nahi duena eta ez pentsatuko duten herritarren gizarte bat.

Besteak beste, Bangladesheko arropa-lantegien lan baldintzak salatu dituzue solasaldian. Albiste izaten da, ordea, tragedia gertatu denean, ez aurretik.

Milaka lagun hil direnean, Rana Plaza eraikineko sutean gertatu zen bezala. Hori da egungo kazetaritzaren beste ezaugarrietako bat: soilik inpaktu bitartez informatzea. Zuk emozioa bakarrik eskaintzen baduzu erantzun bat lortuko duzu, eta hori ongi dago, baina horrekin batera informaziorik ematen ez baduzu, gai horiek desagertu egiten dira. Erantzuleak nortzuk dira? Nori egiten dio mesede gertatutakoak? Zein erantzukizun zati dut nik horretan? Galdera horiek pizten ez badituzu, akabo, emozioarekin tarte batez bakarrik eutsiko diozulako, baina ezin daiteke etengabe emozioan bizi.  Gai handi ugari ditugu ahaztuta, agenda informatiboan agertzen ez direnak, eta, aldiz, uneoro etengabe egon behar genuke horiei buruz hizketan. Uraren inguruan, esate baterako...

Kazetariak, enpresak, publikoak... nork du horren erantzukizuna?

Denok. Geroz eta ardura handiagoa, orduan eta erantzukizun handiagoa. Herritarrak erantzukizun bat du; esfortzua egin behar du informazio on bat eskatu eta lortzeko, eta, beraz, informatzeko hezi egin behar du. Horretarako oso garrantzitsua da, txiki-txikitatik, eskolatik, alfabetizazio mediatikoa eta hedabideen erabilera lantzea; zentzu kritikoabarneratu behar dute, pantailek jaurtitzen duten guztia ez irensteko. Sarea erabili behar da tresna ederra delako, baina ezin daiteke sarean erori; guk menderatu behar dugu.   

Gero eta ohikoagoa da, ordea, ikuskizun-kazetaritza.

Beti zoriontsu eta une oro entretenituta izan behar dutela uste duten herritarrak sortzen ditu kazetaritza horrek, ondoriorik izango ez balu ez bezala, edo erantzukizunik ez bagenu bezala. Dena da espektakulua. Entretenitu bai, baina egin dezan ekarpena, arren. Albistegietan hondamendi baten aurkezpenean "jarraian irudi ikusgarriak ikusiko ditugu" esatea bezala... Edozein adjektibo erabil dezakezu, baina, arren, ez "ikusgarri". Tragiko, onartezin, nahi duzuna. Ikuskizunak dena perbertitu du, eta ez da halabeharrez, borondate bat dago jendeari informatuta dagoela sinetsarazteko, soilik entretenituta dagoenean. Twitter izan eta Putin edo Jordaniako Rania jarraitzea ez da aski informatuta egoteko... toxikoa dena eta ez dena identifikatzen jakin behar duzu. Ikuskizunak albisteak ekoizteko moduan eragina izan du, eta, noski, kontsumitzekoan ere.  

'La manada' auzia izan daiteke ikuskizun-kazetaritza horren adibide?

Amorragarria da zirkua. Hitz egin behar da gai hauetaz, baina sakontasunez, oso ongi zaindu behar da hizkuntza, eta intoxikatzailea izan daitekeen oro alboratu behar da. Eta ez dira hori egiten ari. Ez dut orokortu nahi ez dutelako denek  berdina egiten, eta lan bikaina egiten delako askotan, baina horiek bilatzeko arakatu egin behar da. Herritarrek esfortzu hori egin behar dute, eta hedabide eta kazetari dieta bat egin. 

Zer sentsazio duzu zure etxea izandakoa, TVE, gaur egun ikusten duzunean?

Gero eta gehiago izutzen nau. Ez dut esango lehen askoz hobea zenik, baina garai onak izan ditu. Telebista publikoaren arazoa da ez dela ondo azaldu zer den "publikoa" izatea, denona eta denontzat dela. Hedabideen kasuan, eta, batez ere telebistei dagokienez, Moncloara iristen diren gobernu guztiek uste dute  horrekin batera telebista jasotzen dutela opari. Eta hori baliatuta, badira lotsarik gabe maneiatzen dutenak, gaur egun bezala. TV3rekin ere kezkatuta nago; Kataluniako telebistako hasierako taldean izan nintzen, eta ez zait gustatzen izan duen bilakaera. Publikoak ez du publiko moduan jarduten, gobernatzen duenaren esku dago.

Nola egituratuko zenuke zuk telebistako albistegi bat? Zeri emango zenioke lehentasuna?

Zalantzarik gabe, kirolak beste atal batean sartuko nituzke, eta, noski, nazioarteko albisteek leku handiagoa izango lukete, gehiago landutakoak gainera. Eta informazio nazionala, noski, ez litzateke horren sektarioa. Neguan ez nuke hotzaz hitz egingo, eta udan ez nuke beroa aipatuko; alegia, espazioa kendu eta ekarpenik egiten ez duten gai horiek ez nituzke sartuko. Horregatik guztiagatik inoiz ez dut albistegietako zuzendaritza hartu, eta hainbatetan proposatu zidaten; ez nuke bi egun iraungo. Hedabide guztietan arazoa berdina da, ekarpenik egiten ez duten berriekin osatzea albistegia. Teknologia berriekin, gainera, areagotu egin da arazoa, algoritmoen arabera eta bisita kopuruen arabera eman zaie lehentasuna albisteei... Informaturik ez dagoen gizarte bat eraikitzen ari gara, are gehiago, desinformaturik dagoena. Zurrumurrua, ustea eta horrenbeste aipatzen den post-egia  edo gezurra baino ez denarekin bizitzera ohituta. Horrek kontsumitzaileak diren herritarrak sortzen ditu, behar ez dituzten produktuak kontsumitzen dituzten herritarrak, erabat deusezten duen hiperkontsumora garamatzana, edo beste modu batera esanda: ideiak kontsumitzen dituztenak, ideiak produktuen teknika berdinekin saltzen ari direlako.

Kataluniako prozesua nola ari dira jorratzen hedabideak?

Izugarria da. Adibide bikaina da iritzia nola eraiki den ikusteko;  iritzi-publikoa beharrean, emozio-publikoa eraikitzen ari gara, eta arrikutsua da. Sasi-egiekin,  teknologia berrien erabilera alderdikoiarekin... Alderdiek mezu sinpleak saltzen dituzte; horren konplexua den gai bati irtenbide bat emango baliote bezala erantzun sinple batekin. Horrela emozioa da sortzen dutena, hedabideen laguntzarekin, baina ez oinarririk duen informaziorik. Zoritxarrez, botuak ematen ditu horrek. PP, esaterako, Espainiaren batasunaren gidari irudia saltzen ari da, ezer zalantzan jarri gabe; euforia mezuak botuak ematen ditu eta beste gai batzuetatik desbideratu, inork ez baitu zigortuko hautetsontzietan iruzurra. Ordea, emozioetara jotzea, ezegonkortasunera, ez da Espainiako ezaugarri bat soilik. Trumpekin ikusi dugu, Brexitarekin... emozioen arrakala bilatu dute horietan ere. Ez da inolako konspirazio teoriarik hau, botere ekonomiko handiek mundua modu jakin batera eraikitzeko nahia baizik, pertsonak kontuan ez dituena. 

Bitartean, kazetaritza gero eta prekarioagoa.

Ez da kasualitatea. Prekarietatea ezartzen baduzu, ondorio zuzena da produktuak okerrera egitea. Argi dago bikaintasun informatiboa ez dela bilatzen egun. Ogibideari prestigioa kentzen badiozu, eragiteko duen gaitasuna galtzen du. Eta botereen arteko kontrola galdu egiten da, ondorioz; botere politikoak ekonomikoa kontrolatu behar du, hedabideek politikoa eta ekonomikoa... Aldiz, prekarietateak agerian uzten du manipulazioa erraztu eta ogibideari prestigioa kentzeko nahia. Demokrazia osasuntsu baterako beharrezkoa den kazetaritzari balioa kentzen ari gara; eta jakin behar dugu demokrazia ez dela lau urtean botoa ematea, zeri botoa eman diozun jakitea baizik, eta gero esandakoa beteko dela bermatzea.                  

Atzera goazela ematen du...

Historia ziklikoa da, gora-beherekin, eta orain aldaketa momentu batean gaude. "Itxura" da nagusi orain; demokratak garela erakutsi behar dugu botoa zeri eman diogun jakin gabe, informatuta gaudela erakutsi behar dugu albistea azaletik ezagutu arren... Baina, zorionez, jende asko dago horren kontra borrokatzen ari dena, eta erreakzionatuko dugula uste dut. Nik, uzten didazuen espazioa aprobetxatu nahi dut erne ibil gaitezen eskatzeko; jakin gabe erraza baita manipulatzea, eta, ondorioz, mendean hartzea.

 

 

"Umiltasuna beharrezkoa da bidaiatzeko"

Zuzenbidea eta kazetaritza ikasi ostean, ia hiru hamarkada bete zituen Rosa Maria Calafek TVE-ko berriemaile modura.  Mikroa eskuan, New York, Mosku, Buenos Aires, Erroma, Viena, Hong Kong eta Pekinen denboraldi luzeak egin zituen, baina beste hamaika txoko bisitatu zituen korrespontsal modura, 1983. urtetik. Pantaila txikia utzi zuen 2009an, telebistak aurre-erretiro plana abian jartzean. Geroztik, hitzaldi ugari eman ditu.  

Herrialde bat?

Italiak liluratzen nau. Bizitzeko duten modu hedonista, malgua, pragmatikoa... Aldiz, Txina ez zait interesatzen; kazetari moduan oso aberasgarria izan arren, hango bizimodua ez zait gehiegi gustatzen.

Zer behar da bidaiatzeko?

Nik libretatxo bat eramaten dut beti... baina, batez ere, umiltasuna behar da bidaiatzeko, egokitzen jakin behar da eta begiak zabal-zabalik eraman behar dira.  

Pertsonaia historiko bat?

Hamaika elkarrizketatu ditut, baina egia da gutxien interesatzen zaizkidanak ezagunak izan direla. Oso interesgarria izan zen, esaterako, Shirin Ebadi iraniarrarekin egotea. Eta zinema gustuko dudanez, Mastroianni, Fellini edota Voightekin elkartzea luxua izan zen. 

Egunkari bat?

Le Monde eta Guardian gustatzen zaizkit. Horien alertak jasotzeko aplikazioa daukat. 

Eta informazio lokala?

Garrantzia handia dauka informazio lokalak, eta, era berean, egiten zailena da. Beti egin diot nire omenaldia tokian tokiko kazetaritzari. Nik berriemaile modura presioak jaso izan ditut, baina badakit herrialde horretan bisitari moduan nagoela; aldiz, kazetari lokalak etxe ondoan ditu presioak, taberna eta dendan. Kazetari lokalak dira benetan informazioari eusten diotenak.

Liburu bat?

Mary Beard-ek Italiari buruz dituen liburuak zoragarriak dira.

Elkarrizketa hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude