Elektrizitate autokontsumoari trabak ipintzen tematuta dago Espainiako Gobernua

  • Espainiako Gobernuak ezetz esan dio oposizioko talde guztiek –Foro Asturiasek izan ezik– urtarrilean aurkeztutako autokontsumoari buruzko lege proposamena tramitatzeari. Autokontsumoaren gaineko zergak ezabatzea zen proposamenaren helburua.


2017ko martxoaren 14an - 10:22
Energia sorrera orok zerga bat du Espainiako Estatuan, eratutako elektrizitatea sarera jaulki ez eta eraikin berean kontsumitu arren (Arg.: Ken Fields-CC By SA)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Aurreko legegintzaldian PPk gehiengo absolutua baliatuta ezarri zuen legediaren arabera, zerga ordaindu behar da sortzen den elektrizitate guztiagatik, baita energia hori sare nagusira bidaltzen ez bada ere. Energia berriztagarrien sektoreak eta talde ekologistek gogor kritikatu dute “eguzkiaren gaineko zerga” hori. PPren politikak energia berriztagarriak sortzeko proiektu asko bertan behera uztera behartu duela salatzen dute, besteak beste.

Hori gainditzeko asmoa zuen ia oposizio osoak urtarrilean adostutako lege proposamenak, baina gobernuak, PP orain gutxiengoa izan arren, araudian zirrikitua aurkitu du ekimena geldiarazteko: estatuaren aurrekontuei galera ekar diezaiokeen edozein neurri bertan behera utz dezake bere kabuz, eta halaxe egin du oraingoan, autokontsumoari zerga kentzeak 162 milioi euro gutxiago biltzea ekarriko lukeela argudiatuta.

Lege proposamena Espainiako enpresa fotovoltaikoen elkarteak eta gizarte zibileko 30 talde baino gehiagok bultzatuta aurkeztu zuten oposizioko alderdiek, joan den urtarrilean argindarraren prezioak gailur historikoa jo eta gutxira.

Greenpeacek Espainiako Gobernuaren jokabidea gaitzetsi du, eta leporatu egin dio “autokontsumoaren kostu eta onurei buruzko inolako analisi seriorik egin ez izana”. Talde ekologistaren esanetan, aukera dago 2050erako Espainiako Estatuan hiru pertsonatik batek bere elektrizitatea sortzeko iturri berriztagarrien bitartez, eta eskari osoaren erdia modu horretan betetzeko. Horretarako, noski, elektrizitatea sortzeari trabak kendu beharko litzaizkiokeela nabarmendu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia berriztagarriak
2025eko azaroaren 19
Igarobide ekologikoak eolikoen mehatxupean:
Utzi izaten, utzi pasatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.