Ekainaren 10ean galdera ikur erraldoia egitera deitu du Gure Esku Dagok Bilbora

  • Bilboko Euskadi plazatik Eliptika plazaraino galdera ikur erraldoia irudikatu eta Herritarron Ituna aurkeztuko dute Gure Esku Dagoko kideek. "Olatuz olatu, herriz herri, milaka eta milaka borondate pilatu ditugu erabakitzeko eskubidea erabiltzearen alde, erabakitzeko prest gaudela argi utziz. Hain zuzen ere, hori da ekainaren 10ean Bilbon irudikatu nahi duguna", adierazi dute. ‘Prest Eguna’-k antolatuko dira herrietan maiatzaren 27ko asteburuan Euskal Herriko herri eta auzoetan.


2017ko maiatzaren 10an - 14:11

Segidan Gure Esku Dago-ko bozeramaile Angel Oiarbide eta Karmele Olabarrietak irakurritako testua:

Igandeko herri galdeketetan 63.000 lagun mobilizatu genituen erabakitzeko eskubidearen alde, demokraziaren alde, herri honen etorkizuna herritarron esku ere badagoela aldarrikatuz. Gaur arte egin diren herri galdeketa guztiak kontuan hartuta —142—, 146.500 pertsona izan dira parte hartu dutenak; hau da, 2014ko ekainaren 8ko giza katean izan ziren herritarren kopuru bera. Olatuz olatu, herriz herri, milaka eta milaka borondate pilatu ditugu erabakitzeko eskubidea erabiltzearen alde, erabakitzeko prest gaudela argi utziz. Hain zuzen ere, hori da ekainaren 10ean Bilbon irudikatu nahi duguna. Estatus politikoari buruz erabakitzeko nahia erakutsiko dugu euskal herritarrok.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar guztiak batuta, gaur bildu garen Euskadi plazatik Eliptika plazaraino galdera ikur erraldoia osatuko dugu. Eta herritarrez ez ezik edukiz ere beteko ditugu kaleak. Hilabeteotan landutako Herritarron Ituna aurkeztuko dugu mobilizazioaren amaiera ekitaldian; Itun demokratiko horrek jasoko ditu Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen inguruan gaur arte lortutako adostasunak eta erabakiaren oinarriak. Gizarte osoarentzako tresna ireki bat izateko jaio da, baina baita pauso berri eta sendo bat emateko ere, erabakiaren bidean. Ekainaren 10ekoa, beraz, ez da hutsetik jaiotako ekimena. Orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta sortutako borondatea oinarri, aurrera egiteko abiapuntua izango da.

Dena prest daukagu: Herritarron Itunaren oinarriak, herrietako taldeak, boluntarioak… Baina, konpromisoak bildu nahi dituen gonbidapena da gaur euskal herritar guztiei egiten dizueguna. Hain zuzen, ekimenean parte hartzeko ‘konpromiso txartelak’ jarri ditugu eskura herrietan, 2€-ren truke, ekimena finantzatzeko. Txartel horiekin batera banatuko ditugu mosaikoa osatzeko erabiliko ditugun puxikak. Bideo batean jaso ditugu azalpen guztiak.

Bestalde, mobilizazioari begira, ‘Prest Eguna’-k antolatuko dira herrietan maiatzaren 27ko asteburuan Euskal Herriko herri eta auzoetan. Egun horietan, herri askotan galdera ikurrak osatuko dituzte, ekainaren 10erako deialdia egiteko.

Euskal herritarrok ere nolako egitura politikoak nahi ditugun erabaki nahi dugulako… Erabakitzeko aukera gauza dadin eskatuko dugu elkarrekin, bai guztion artean osatuko dugun galdera ikur erraldoian eta baita mugarri izango den Herritarron Itunean ere. Erabakitzeko prest gaude. Ekainaren 10ean denok Bilbora!

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


Eguneraketa berriak daude