EITBek eta Amazon Prime Videok hitzarmena izenpetu dute aste honetan, telebista publikoaren ekoizpen batzuk streaming zerbitzua eskaintzen duen Prime plataforman ere zabaltzeko. ETBko euskarazko eta gaztelaniazko edukia izango da Amazon Prime plataforman ikusi ahalko dena. Ez dute zehaztu ea Iparraldean ere ikusi ahalko den, Amazon Primeren Frantziako plataforman.
Pasa den astelehenean iragarri dute EITBk eta Prime Videok euren arteko lankidetza-hitzarmena eta dagoeneko eskuragarri daude Prime Video plataforman Amazonek EITBri erositako ekoizpenak.
Prime Videok hainbat ikus-entzunezko produkzioren eskubideak eskuratu ditu, streaming zerbitzuan SVOD edo nahieran hedatzeko. Horien artean 'Go!azen'en filma eta euskal sukaldari ezagunei buruzko dokumental-sorta bat egongo direla azpimarratu dute. Euskarazko eta gaztelaniazko edukia dago programa-sorta horretan.
EITBko arduradunek adierazi dute hitzarmen honi esker telebista publikoak beste leiho bat gehiago izango duela bere edukia zabaltzeko.
Prentsa-oharrean aipatu dituzten programen artean daude, goian aipatutakoez gain, beste zenbait dokumental. Adibidez, Kontxa: Pasioa eta garaipena, Kontxako estropadaren historia errepasatzen duen dokumentala; Bilbo denboran zehar, Felix Linaresek kontatutako hiriaren erradiografia; eta Amalurra, euskal natura biziari buruzko serie dokumental bat, fauna eta ekosistema naturalen irudi ikusgarriekin. Ahoan laztan / Caricias del sabor dokumentalaz ere gozatu ahal izango da; ekoizpen horrek Eneko Atxa sukaldariaren sukaldaritza eta sorkuntza ditu ardatz.
Sukaldaritzarekin jarraituta, Amazonen ikusi ahalko diren dokumentalen artean daude Hasier Etxeberriaren zuzendaritzapean bost euskal sukaldari handienenen inguruan egindako lanak: Arzak, Aduriz, Arbelaitz, Berasategi eta Subijana.
Makina bat buelta eman dizkiot nire azkena izango den kolaborazio honi nondik heldu. Urte hauetan guztietan lerro hauetara ekarri ditudan gaiak, kezkak, proposamenak, eskaerak… etortzen zaizkit bueltan. Egia esan, aipatu, gauza asko aipatu dira orri hauetan, baina... [+]
Filosofia, ekonomia, historia, matematika eta beste hainbat arlori lotutako bideo pedagogikoak zabalduko ditu Ikusgela proiektuak, euskaraz eta modu askean partekatzeko. Jakintza “narratiba berrietara” egokitzea helburu, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak... [+]
Ikus-entzunezkoen Espainiako legea onartzeko prozedura azken txanpan dela, une erabakigarria dela eta “gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko” legeak hainbat puntu jaso beharko lituzkeela gogoratu dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak,... [+]