Ezezagunekin ohikoa den bezala, eguraldiaz arituko naiz. Hizpide neutroa delakoan eta anonimotasuna mantentzearren erabiltzen da eguraldia. Halere, neutrotzat jotzen dugun horretaz hitz egitean ere, geure buruaren berri ematen diogu solaskideari, nahi gabe. Ondokoak “zer eguraldi ona!” edota “hau eguraldi petrala!” esatean, munduan egoteko duen eraz ari den bezala, erantzunak ere agerian uzten du solaskidearen soslaia. Inork ez du, ordea, dagokion galdera egiten –ezta bere buruari ere–: zertarako, baina? Terraza batean egoteko? Patatak ereiteko? Mendira joateko? Baratzean rotabatorea pasatzeko? Hondartzara joateko? Belarretan aritzeko?
Bakoitzak eguraldia ona ala txarra dela erabakitzeko arrazoiak izango ditu, barru-barruan; kontua da inork ez duela zalantzan jartzen eguraldi onaz ari denean eguzkiaz ari garela, eta euria, hotza eta abarrak ezkutatzen direla txarraren lainotan.
Gutxi aztoratzen gara neguko zenbait egunetako udaberriko tenperaturarekin, eguraldi ona omen. Neguko ohiko elurteei denborale deitzera pasa gara. Eta lehorte betean, egun eguzkitsuari giro ederra deitzen diogu.
Intsumisoa naiz. Ondorioak neure haragitan bizi ditudalako, akaso. Izango da orain dela aste batzuetako tenperatura goxoak –hego haizeak lagunduta– belarraren hazkuntza moteldu duelako. Edota sahatsak kimuak askoz lehenago erakutsi zizkigulako. Dena den, berandu baino lehen, denoi azalduko zaizkigu ondorioak, lurrarekin eta animaliekin bizi garenoi lehenago; geroago, hiri-eremuko lagunei.
Iazko lehorteak behartu zituen abeltzainak negurako gordeta zuten bazka uztailean ematen hastera. Nekazariek ere ereindako soroak basamortu bilakaturik ikusi zituzten. Baratzezainek letxugarik gabeko uda ezagutu zuten. Etxean ere eguraldi on haren lorratza presente dugu, gaur gaurkoz.
Orain dela bi urte erositako sail batean –pinudia bota berri–, belar-hazia zabaldu genuen, udaberrian. Iragarrita zegoen arren, ez zuen euririk egin; hau da, eguraldi txarra izan genuen. Egun, sail hori biluzik daukagu; belar apur bat dago izkinen batean, putzuak egin ziren tokietan.
Urte hasieran Rafaren deia jaso ohi dugu. Aurten olio gutxiago, askoz gutxiago, egokitu zaigu: hirurogei bat litro jaso beharrean, hamabost. Ohikoa den uztaren herena baino ez du jaso-eta.
Aspaldikoak dira pazientzia eta etorkizuna; berehalakotasunak baztertu ditu, eta gu bahituta gauzka. Eguraldi onak ematen digun berehalako gozamenean itotzen ditugu horrek ekarriko dizkigun etorkizuneko ifrentzuak.
Eguraldiaz ari nintzelakoan, irakurle.
Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]
Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]
Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]
Ateak ireki berri ditu Bermeon Gu Zu Bio dendak, otsailaren 17an egin baitzuten inaugurazio ekitaldia. Edurne Zulueta Aranguena da proiektuaren bultzatzailea, eta berak azaldu bezala, garbiketako produktuei lotutako kontsumoari buelta bat eman nahi izan dio egitasmoarekin... [+]
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]