Denetariko larunbata Irisarrin: egunsenti eguzkitsu eta tailer lasaietatik hasi, eta iluntze goibel, euritsu eta bestarako grinaz beterikoarekin amaitu. Migrazioa, G7 eta beste makina bat arloz hausnartzetik, eguna aurrera zihoan heinean, musika gero eta gogorragoa entzutera.
Eguna argitu eta ez askora esnatu eta, alboko kanpina irekia ikusi dugu: non demontre ote da Mixel. Oheratu gabe oraindik? Goiz esnatu eta dagoeneko altxaturik? Bezperan lagunak egin eta beste norbaiten kanpinean? Herrikide batek, ustekabez, eguerdi aldera eman digu erantzuna. Ostiralean bestarako betarik egongo ez zela kontatu genuen arren, zenbaitek ezin izan dio eutsi lehen eguneko adrenalinari. Garagardoen artean Mixel ezagutu zuela eta honetaz eta besteaz berriketan aritu zirela jakin ezazue noiz arte. Gizon xelebre bezala deskribatzea aski izan zen guretzat nortaz ari zen ohartzeko. Zanpantzarren artean aritu zenetik ez dugu gehiagotan berarekin topo egin, baina antza, oraindik ere Irisarrin jarraitzen du. Ehunka pertsona gaude hemen eta eskerrak herri txikia den.
Aurtengo edizio honen berrikuntza nagusia tailerrak izango zirela iragarri zuten antolatzaileek; aukera aldetik anitza behintzat bai, jendearen parte-hartzea aldiz zenbaterainokoa izan zen jakitea ez litzateke gaizki etorriko. Batzuk bart gaueko ajearekin oraindik, argazkilariek maltzurkeriaz jokatuz gero meme-tailer praktiko bat egin zezaketen. Hala ere, gu izan ginen mahai-ingurura aurpegiak garbituta eta arropaz aldatuta agertu zen jendea. Migrazioen ingurukoan izan ginen gu: Eztena Gernikako gune autogestionatuko kide bat, Artea kolektiboko beste bat eta Ongi Etorri Errefuxiatuakeko Ipar Euskal Herriko kide batek hartu zuten parte solasaldian eta ikus-entzuleen galderekin osatu zuten. Gako garrantzitsuak eman zituzten, dudarik gabe, gero eta jende gehiago jaso beharko duen harrera herriaren inguruan. Aukera aparta Euskal Herriko hainbat lekutako bizipenak jasotzeko.
Behetik gora joan zen giroa; kontzertuek eraman zuten egunaren tempoa. Irisarriko plaza izan zuten plaza Montauk eta Anarik. Gasteizko beroarekin alderatuz Irisarrikoa “ez zela ezer” zioen Montaukeko Beñat Goitiak, baina beno, inor gutxi zegoen gerizpetik kanpo. Anarik, baina, lortu zuen jendea barra ertzeko babesetik ateratzea, hodeiak lagun zituela. Betiko ildotik joan zen Anariren kontzertua, baina JP Lohianen bertsio bat sartzeak ez ote zuen ondoren etorriko zen euri-jasa eragin.
Pentzeko oholtza gizonezkoek osatu zuten oro har. Plazan musika entzuten jarraitzeak ez zion onik egin Rodeori, Pentzean jo zuen lehen taldeari, merezi baino jende gutxiago bildu baitzuten. Alba edo Lisabo 2.0 aritu zen ondoren, ez Txapen ahotsarekin eta apenas beraienarekin, baina tinko jo zuten Peio, Mikel, Mattin, Allande eta Xalbatek. Pelax ondoren, gizonezkoak guztiak hauek ere. Zein ondo etorri zitzaien hauei horrenbeste jenderen aurrean jotzea. Niña Coyote eta Chico Tornadoren burrunbada latzek bati edo besteri tortikoli ederra utziko zioten ziur biharamunean; horiek pieza puxkak, horiek.
Ardoz ardo joan zitzaizkigun ttanttoak, poltsa berritu ere egin behar izan genuen birritan. Hargatik, akaso, ametsetan azaldu ere azaldu zitzaigun Mixel bera, garaztarrekin batera marseillesa abesten. Ez zuten luzaro iraun, baina. “Hori da hori naziogintza”, oihukatu eta isilarazi zituen kanpinkideak.
Queer falafel
Non: Arberatze-Zilhekoan, EHZ festibalean.
Noiz: ekainaren 29an.
------------------------------------------------------
Hasi orduko, ohar bi. Bat: “Deseroso egongo zara apur batean, isildu eta entzun. Asko ikasiko duzu zure pribilegio... [+]
Larunbat eguerdian arribatu da festibalera Baionako bestazale laguna. Alimalekoa egin nahi du Arberatze-Zilhekoan, duen egun eta erdian, igande arratsaldez buelta eginen baitu. Festibala Lekornen egiten zenean bezainbat gogo du 29. edizio honendako. Eta argi du zein den lehen... [+]
[Argazki-galeriaz gain, hiru egunetan bizitakoen kronika idatzi du Gorka Peñagarikanok. Hona irakurgai]
Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]
Bi festibaletara joateko bonuak 150 euro balio ditu eta maiatzaren 6tik 19ra eskuratu daiteke. EHZ jaialdia ekainaren 27tik 29ra ospatuko dute Aberatzen eta azken Hatortxu Rocka Lakuntzan izango da, uztailaren 24tik 27ra.
Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]
Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.
ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]
Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.