EAJ bakarrik geratu da gas zundaketaren defentsan Araban eta Gasteizen

  • Asteartean Gasteizko Udaleko oposizioko talde guztiek EAJ-PSE udal gobernuari eskatu diote Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko lizentzia ez ematea. Asteazkenean, Arabako Batzar Nagusietan, PSEk ere bozkatu du gas putzua ustiatzearen aurka. Datorren astean mozioa eztabaidatuko da Gasteizko Udalean, eta orduan ikusiko da PSE eta EAJren arteko apurketa gauzatzen den. Berriztu mugimenduak protestara deitu du larunbat eguerdirako, erregai fosilen ustiaketaren aurka eta bestelako eredu energetikoaren alde.


2020ko abenduaren 18an - 00:05
Asteartean Berriztu mugimenduak prentsaurrekoa eman zuen Gasteizko Udaletxearen aurrean. Argazkia: halabedi.eus.

Aste aldrebesa izaten ari da EAJrentzat, gas erauzketa bultzatzeko sustatzen ari den urratsei dagokienez. Gasteizko lurretan dagoen Subillako Armentia-2 putzuan gasa erauzteko baimenak lortu nahi ditu Eusko Jaurlaritzaren SHESA hidrokarburoen sozietate publikoaren bitartez –urtetan frakinga bultzatzen aritu zen berbera–. Mugimendu ekologistak salatu du Armentia-2koaren atzetik beste putzu asko etorriko liratekeela. Arabako Aldundian eta Gasteizko Udalean agintean dagoela baliatu nahi du EAJk, baina aste bakarrean gutxiengo nabarian geratu da bi erakundeetan.

Gasteizko Udala aurka

Asteartean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Klima Ekintzarako udal batzordean hartu zuen hitza. Gasaren erauzketa defendatu zuen, %100 berriztagarriak izango diren energien bidean "trantsizio" gisa: "Trantsiziorako energiarik onena da". SHESAk putzuan gas naturala dagoen ikertzeko baimena eskatu dio udalari, eta Urtaran ematearen alde agertu zen, herritarrek gasik ote dagoen jakiteko "eskubidea" dutela argudiatuta. Oposizioko talde guztiek (EH Bildu, Elkarrekin eta PP –PSErekin batera gobernatzen du EAJk Gasteizen, gutxiengoan–), baimena ez ematearen alde agertu ziren. Indarrean dagoen Hirigintza Antolaketa Plan Orokorrak ez du ahalbidetzen baimen hori ematea, eta une honetan udal gobernuak ez du gehiengorik hura moldatzeko.

Arabako Batzar Nagusiak aurka

Baina kolpe handiena asteazkenean jaso du EAJk. Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkurak baztertu egin du gas putzua ustiatzeko proiektua. Mozioa EH Bilduk aurkeztu du lehenbizi, PSEk hori ordezkatzeko zuzenketa batzuk egin ostean, alde bozkatu dute PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. PP abstenitu egin da, eta EAJk soilik bozkatu du aurka.

Arabako Batzar Nagusiek uko egin diote Armentia-2 gas putzua ikertu eta ustiatzeari. Mozioak dagokien erakundeei eskatzen die "Gasteizen interes gorena defendatzeko, indarrean dagoen araudia betez, Subillan hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko edozein lizentzia eskabideren aurrean". Espainiako Kongresuari eskatu dio Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea ahalik eta azkarren onartzeko, "debekatuko duena hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko jardueretarako baimen berriak ematea". Lege horren onarpena erabakigarria litzateke, hortaz. Eusko Jaurlaritzari, azkenik, eskatu dio eredu energetiko berri baten alde egitea, eta horretan sakontzeko "eguneratu dezala Euskadi 2030 Energia Estrategia".

Arabako Batzar Nagusietan onartutako mozioak ez du ondorio praktikorik, Aldundiak ez baitu eskumenik arlo honetan, baina politikoki oso esanguratsua da: Eusko Jaurlaritzan elkarrekin gobernatzen ari diren PSE eta EAJren arteko arrakala publikoa. Arrakala apurketa bihurtzen den, datorren asteko Gasteizko Udaleko osoko bilkuran ikusiko da. Subillako putzuaren inguruko mozioa eztabaidatuko dute talde politikoek, eta PSEk bere jarrera argitu beharko du.

Larunbatean, mobilizazioa

Asteartean, alkatearen adierazpenen ostean, prentsaurrekoa eman zuen Berriztu plataformak, EAJ-PSEren udal gobernuaren aurka eginez. "Itxuraz kaltegarria ez den Armentia-2 esplorazio putzuaren atzean, ehunka mila hektareatan eragina duen plan handi bat dago", ziurtatu zuen mugimendu ekologistak. Putzuaren azpian Subillako akuiferoa dagoela azpimarratu zuten, "Euskal Autonomia Erkidegoko ur-erreserbarik handiena", eta ustiaketak arriskuan jarriko lukeela. EAJren asmoak, edonola ere, Armentia-2tik harago doazela ziurtatu zuten: "Subillakoa ez da putzu isolatu bat, ondoren euskal lurraldean ehunka putzu egin ahal izateko lehen pausua baizik". Larunbatean mobilizatzera deitu zituen herritarrak Berriztuk, Plaza Berrian, eguerdiko 13:00etan, Atea itxi erregai fosilei. Aldaketa klimatikoaren aurrean beste eredu energetiko bat lelopean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude