ARGIA.eus

2020ko urriaren 01a

EAEn gurasoen %79 ez dago gustura Jaurlaritzak eskoletarako prestatutako ikasturte hasierarekin

  • Aztiker Soziologia Ikerguneak Nafarroako eta EAEko gurasoei galdeketa egin die eskola itzulerari buruz eta 800 gurasoren erantzunak jaso ditu telematikoki. Gurasoek eskoletan lehenesten dituzten prebentzio neurriak dira gutxien aplikatuko direnak eta alderantziz, indarrean jarri direnak dira gurasoek gutxien baloratzen dituztenak. Erantzun dutenen artean %47,9k adierazi du Jaurlaritzak ezarritako neurriak eta baliabideak ez direla nahikoak eta %31,8 ez dago ados Jaurlaritzak hartu dituen neurri motekin.

ARGIA @argia
2020ko irailaren 15a

Hemen ikus daitezke inkestaren emaitzak osorik.

Eskoletan COVIDa kutsatzea saihesteko hartu zitezkeen neurrien artean, gurasoek gehien baloratzen dituztenak aire libreko eta natur-guneetan ikastearen aldekoak dira (10 puntutik 9,1 ematen diote neurri horri). Maila berean baloratzen dute garbitzaileak kontratatzea garbiketa guztiak bermatzeko. 8,8 punturekin baloratzen dute eskolarako espazio alternatiboak erabiltzea eta estimazio altua dute baita ere laguntza psikologikoa eskaintzeak (8,6) eta umeen ratioa murrizteak (8,5).

Aldeko jarrerarekin, baina puntuazio txikienarekin baloratu dute justu Hezkuntza sailak orokortu dituen neurri bakanak: ikastetxeetan 1,5 metroko distantzia soziala jartzea eta 6 urtez gorakoak musukoa janztea (biei 6,2ko nota jarri diete).

Bi erkidego gobernuekin kritiko, Jaurlaritzarekin gehiago

Bai Nafarroako eta bai EAEko gurasoek ikasturte hasieraren kudeaketaz eman duten iritzien artean, orokorrenak hau dio: hartutako neurriak eta bideratutako baliabideak ez direla nahikoak izan. Eusko Jaurlaritzaz %47,9k erantzun du hori, eta Nafarroako Gobernuaz %32,7k.

Bigarren esaldi bozkatuena hauxe da: "Ez nago ados hartu diren neurri motekin". Jaurlaritzaz %31,8k esan du hori, eta Nafarroako Gobernuaz %25,7k.

Askoz guraso gutxiagok adierazi du iritzi hau: "Neurriak hartu bai, baina ez du baliabiderik jarri edo ez behar beste". Nafarroakoaz %17,2k du uste hori, Jaurlaritzaz %13k.

Eta erabat gutxiengo dira, neurriak hartu eta baliabideak jarri direla uste dutenak: Jaurlaritzaz %2,3k adierazi du hori eta Nafarroakoaz %7,3k.

Nafarroan segurtasuna nagusi, EAEn beldurra eta desadostasuna

"Iragarritako neurriekin, zure seme-alabak eskolara eramateko asmoa duzu?" galderari, oso ezberdin erantzun diote Nafarroako eta EAEko gurasoek:

Nafarroan erantzun gehien jaso duena "bai, zalantzarik gabe" aukera izan da (%40,5ek). EAEn, aldiz, gehienek zera erantzun dute: "Bai, baina zalantzarekin, beldurrarekin edo ziurgabetasunarekin" (%39k). EAEn bigarren erantzuna, desadostasuna izan da: "Bai, baina neurriekin ados egon gabe" (%30). Eta bi horiek baino apalagoa da "bai, zalantzarik gabe" erantzun dutenen kopurua (%23,5).

Gurasoen %44,1 grebarekin ados

Erantzun duten gurasoen %44,1 ados dago mobilizazioekin eta grebarekin. %24a ados dago mobilizazioekin baina ez grebarekin eta %19,1 ez daude ados ez mobilizazioekin ez grebarekin.

Etxeetako egoera

Etxeetako egoera orokorrari begira, egungo egoerak etxeko ekonomia okertu diela adierazi du herenak (%34,8). Hauetatik %2ari diagnostikatu diote COVID-a, eta beste %6,8k uste du pasatu duela, baina ez dago ziur.

Umeak pozik baina urduri itzuli dira

Aurreko ikasturte bukaeran baino poztasun handiagoz itzuli dira ikasleak geletara: aurreko ikasturte amaieran umeak pozik zeudela %48,8k adierazi du eta ikasturte hasiera honetan %67,2k. Baina urduriago daude, aurreko ikasturte bukaeran baino: %22,1etik %30,8ra igo da urduritasun edo antsietatea.

Konfinamenduan zaintza eta ikasketetan laguntzeko denborarik eza dira arazo

Beste konfinamendu bat baletor, gurasoen %40,2k adierazi du ezingo litzatekeela konpondu haurrak zaintzeko eta %38,4k dio ezingo liokeela seme-alabari denbora gehiegi eskaini akademikoki laguntzeko.

Ikerketa honek %95eko konfiantza maila du, Aztikerren arabera

3-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei egin die galdeketa Aztikerrek, irailaren 4tik 8ra, euskarri digitalen bidez. 1.649 pertsonak hasi zuten inkesta baina egoki betetako 800 erantzun jaso dituzte, hauetatik %85,6 emakumeenak. Inkestak %95eko konfiantza maila ematen duela adierazi du Aztikerrek.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hezkuntza  |  Eusko Jaurlaritza  |  Nafarroa  |  Nafarroako Gobernua  |  EAE

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude