Iragarrita zegoen. Gasteizko Legebiltzarrak Natura Babesteko Legean aldaketak ezartzea onartu du, baina haustura hidraulikoa espresuki aipatu gabe. Gogora dezagun nondik datorren hau guztiau: joan den otsailean, Legebiltzarrak aintzat hartu zuen Arabako Batzar Nagusien lege-proposamen bat, Natura Babesteko Legearen 17. artikulua aldatzea xede zuena. Zehazki, proposamena onartuz gero espresuki debekatuko zen babestutako natur eremuetan haustura hidraulikoa erabiltzea.
Alta, iragan irailean, Legebiltzarreko Ingurumenaren eta Lurralde Politikaren Batzordeak ontzat eman zuen lege-proposamena aztertzen ari zen ponentziaren txosten bat, EH Bildu ez gainerako taldeen onespenarekin. Horren ondorioa da onartu den lege-aldaketatik frackingaren beren-beregiko debekua desagertu izana. Horren ordez, ingurumenarekin bateragarriak ez diren erauzketa lanez mintzo da testu berria, modu orokorrean. Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du, artikuluaren formulazioak, debekatu baino, baldintzatu baizik ez duela egiten, eta EAJ, PSE eta PPri leporatu die frackingari ateak zabalik utzi izana.
EAJri egotzi izan zaio Arabako BBNNetan gauza bat esan eta EAEko Legebiltzarrean beste bat egin izana. Luis Telleria legebiltzarkide jelkideak emandako botoaren koherentzia defendatu nahi izan du. “Jatorrizko testuak ez zituen debekatzen frackingaz bestelako teknikak, kaltegarriak izan arren”, adierazi du, “aldiz, gaur onartutako testuak teknika arriskutsu oro debekatzeko aukera emango du, bakoitzerako lege bat egiteko beharrik gabe”.
Lege aldaketaren ondorio nagusia da kasuan kasuko azterketa egin beharko dela teknika bat onartu daitekeen edo debekatu behar den ikusteko. Hau da, babestutako espazio bakoitzeko kudeatzaileek erabaki beharko dute espazio horren ezaugarriekin bateragarriak ote diren erauzketa-proiektuak. Bateragarritasuna dagoela ebazten den kasuetan, ingurumen inpaktu azterketa egin beharko da.
Gaurko saioaren beste ondorio bat izango da Fracking Ez Araba plataformak aukera edukiko duela atzera EAEko lurralde osoan frackinga debekatzea helburu zuen Herri Ekimen Legegilea aurkezteko. Gogoan izan behar da bere momentuan onartua ez izateko arrazoia gaur bozkatu den proposamena izan zela; legediak debekatu egiten du HEL bat aintzat hartzea une horretan gai berari buruzko beste lege-proposamen bat ari bada tramitatzen. Oztopo hori desagertuta, plataformako kideek berriz HELari ekiteko asmoaren agertu dute prentsaurreko batean.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak frackinga debekatzen duen legea onartu du. Hori ere iragarrita zegoen. Ez dugu hemen sakon aztertuko gai hori, izango da-eta luze jarduteko aukera. Madrilek, Jose Manuel Soria Industria ministroaren ahotik batik bat, argi utzi du Espainiako Estatu osoan frackinga bermatu eta sustatu nahi duela, eta neurriak hartzen ari da beren kabuz debekuak ezartzen ari diren erkidegoen erabakiak praktikan ezin gauzatzeko.