EAEko frackingaren aurkako legeari helegitea jarriko dio Espainiako Gobernuak

  • Espainiako Ministro Kontseiluak haustura hidraulikoa oztopatzen duen EAEko legeari helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Gobernuaren esanetan, Gasteizko Legebiltzarrak 2015eko ekainean onartutako legea ez da Espainiako Konstituzioarekin bateragarria, “meatzaritzari eta energiari buruzko Estatuaren oinarrizko araudia urratzen baitu”.


2016ko apirilaren 08an - 18:08
103.000 sinadura bildu ziren EAEn frackinga eragotziko zuen legea bultzatzeko (Arg.: Fracking Ez).

Beste autonomia erkidego batzuetako –Nafarroa barne– frackingaren aurkako legeei helegiteak aurkezteko erabilitako bide beretik jo du Espainiako Gobernuak. Kontuan izan behar da, ordea, aipatutako kasuetako legeek frackinga erabiltzeko debeku esplizitua ezartzen zutela, EAEkoak ez bezala. Gaur egun lege horiek indargabetuta ditu espainiar Konstituzio Auzitegiak.

EAEko legea onartu eta oso gutxira agertu zuen Espainiako Gobernuak helegitea aurkezteko asmoa. Nolanahi, asmo hori ez zuen berehala gauzatu. Hainbat hilabetez, Espainiako Estatuko eta EAEko administrazioen arteko Bitariko Lankidetza Batzordean arau berriaz eztabaidatzen jardun dute bi aldeek. Azkenik, ordea, helegitearen bidea hartu du Moncloak, horretarako epea agortzear zela, eta funtsean orain arte erabilitako argudio berberei eutsiz: frackingari buruzko EAEko legeak eskua sartzen du estatuari baino ez dagozkion eskumenetan.

“Herritarren burujabetasunaren aurkako erabakia”

Fracking Ez plataformak burujabetasunaren aurkako erasotzat jo du helegite iragarpena: “Gogorarazi nahi dugu Legebiltzarrak onartu zuen legea ez zela izan ohiko lege ekimen bat, baizik eta herritarren Ekimen Legegilearen inguruan bildutako gehiengo sozial baten isla”. Jarduneko gobernu batek halako neurri bat hartzea zentzugabekeria handia dela gaineratu dute, batez ere gobernu horretan dagoen alderdiak, PPk, Eusko Legebiltzarrean legearen alde bozkatu zuela kontuan izanda.

Fracking Ez-ek gogoan izan du, halaber, Maria del Carmen Lopez de Ocarizek 2015eko urriaren 29ko Legebiltzarreko osoko bilkuran EAJri egindako salaketa larria. Zehazki, Lopez de Ocarizek jeltzaleei leporatu zien Madrilgo Gobernuari deika aritzea, frackingaren aurkako legeari helegitea eskatzeko eskatuz, EAJk publikoki legea babestu arren. Ez alderdiak ez Jaurlaritzak ez zuten erantzun argirik eman gaiari buruz.

Azkenik, Fracking Ez-ek adierazi du haustura hidraulikoa EAEn arautzen duen legeari buruzko gorabeherak ez direla kontu “tekniko edo juridiko soila”. Aitzitik, eztabaidaren muinean frackingak duen babes soziala –zehazkiago, haren falta– jartzen du plataformak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari SHESAren bidez aurreikusita dituen zulatze proiektuak bertan behera utz ditzala eskatu diote beste behin, legearen etorkizuna edozein dela ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude