“Duela bi urte eskatu nuen mastektomia, oraindik itxaron zerrendan nago”

  • Trans ez binarioa da Shiro Lopez, eta duela bi urte Transbiden artatu zuten, pertsona transexual, transgenero eta intersexualen Nafarroako arreta zerbitzuan (Osasunbidearen barruan); “arreta lotsagarriarengatik” Trànsitera joan zen, Kataluniara. Gaur egun, berriro ere Transbiden darama prozesua.


2022ko urriaren 21ean - 06:53
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ideiak argi zituela jo zuen Shiro Lopezek duela bi urte Trasbideko atea. “Telefonoz deitu nuen, eta esan nien hormonak hartu eta mastektomia egin nahi nuela”. Hortik bi edo hiru hilabetera zita eman zioten bertako psikologoarekin balorazio bat egiteko. Prozesua “asko” luzatzen ari zenez, eta “arreta lotsagarria” zenez Trànsitera joan zen, Kataluniara. Gaur egun, Transbiden artatzen dute, Trànsitek jada ez dituelako bertan erroldatuta ez daudenak artatzen. Hala ere, Transbideko langileak aldatu direnez arreta “ikaragarri hobetu” dela uste du.

“Argi adierazi nien ez nituela nire identitatearekin zalantzak. Esan zidaten hormonak lortzeko itxaron zerrendan nengoela, baina gezurra zen”, kontatu du. Osasun karpeta pertsonalean begiratu zuen, eta ez zenez deus agertzen, lehen arretako medikuari galdetu zion, baina esan zion ez zegoela inon.

“Asko atzeratzen ari zirenez Trànsitera jo nuen; bi egunetan hormonak hartzen ari nintzen”. Osasun etxetik kudeatzen zuen dena; bertan, hiru hilabetean behin odol analisiak egiten zituen, eta Trànsitekoei bidaltzen zizkien emaitzak. “Ez neukalako beste aukerarik joan nintzen”.

“Nire identitatea baliogabetzen zuten”

Itxaron zerrenda “luzeez” gain, tratua “txarra” zelako joan zela azpimarratu du: “Transbiden neure burua eta gorputza ezagutuko ez banitu bezala tratatzen ninduten. Nire identitatea baliogabetzen zuten, behin baino gehiagotan femeninoa erabiltzen zuten, eta nik maskulinoan hitz egiteko eskatzen nien. Horrez gain, esan zidaten: ‘Ez zara gizon bat, emakume bat zara, eta hormonak hartzea eta ebakuntza egitea kapritxoak dira’”.

Ez da kanpora jo behar izan duen bakarra: “Asko gara, eta antzeko egoerak bizi ditugu: baliogabetzea, zalantzan jartzea eta egoera transfobikoak”. Trànsiten ordea arreta bestelakoa zela azpimarratu du: “Oso ongi egon nintzen, errespetatu ninduten, ez zuten esaten nuena zalantzan jartzen eta atseginak ziren”.

2022ko maiatzean Transbidera itzuli zen. Beste batzuek kudeatzen dutenez, eta psikologoa eta hezitzailea beste batzuk direnez, egoera “nabarmen” hobetu dela azaldu du: “Ditudan beharren arabera artatzen naute, segituan jarraitu nuen hormonekin, eta mastektomia egiteko itxaron zerrendan sartu ninduten”. Hala ere, oraindik arazorik “handiena” itxaron zerrenda luzeak direla salatu du: “Endokrinologiako hitzorduak asko atzeratzen dira”. Maiatzean egin zuen azkena, eta esan zioten iraila edo urrian izanen zuela hurrengoa, baina oraindik ez diote deitu. “Gutxienez, osasunagatik, urtean bitan egin beharko lituzkete”. Azpimarratu du ez direla denak artatzera iristen, langileak falta direlako: “Bi dira Nafarroa osorako; udan oporrak hartu zituzten, normala den bezala, baina ez zuten inor jarri”.

Azken urteetako egoerak “estres handia” eragin diola azaldu du: “Kanpoan bilatu behar izan nuen, hemen jaso beharreko arreta”. Horrez gain, gogorrena mastektomiaren zain egotea dela dio, “ezinegona” eta “disforia” eragiten dizkiolako: “Duela bi urte eskatu nuen mastektomia; oraindik lehenengo kontsultarako itxaron zerrendan nago; okerrena da ez dakidala noiz izanen den”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasunbidea
Eguneraketa berriak daude