Donostiako EH Bilduren kritika politiko bat edo Irantzu Varelaren bideo bat Guardia Zibilaren informeetan

  • Espainiako Guardia Zibila egunero sare sozialak ikuskatzen ari da; buloez gain, Espainiako Gobernuaren kudeaketa eta Guardia Zibilaren lana kritikatzen duten mezuak bilatuz. Gaur eldiario.es hedabideak jaso duenez, EH Bildu Donostiak bidalitako txio bat eta Irantzu Varelak grabatutako bideo bat daude, besteren artean, zerrenda horretan.

Guardia zibilaren informeetan, gutxienez EH Bilduren eta Irantzun Varelaren mezuak jaso dituzte.

2020ko apirilaren 23an - 12:12

Guardia Zibilaren azpisaila den Zibersegurtasunerako Koordinaziorako Unitateak egunero "Desinformazioa" izeneko dokumentu bat idazten du. Asteazkenean argitaratu den informazioaren arabera, bertan jasotzen dituzte alderdi politikoek bidalitako mezuak, polizia indarrei egindako kritikak eta ofizialki gezurtatutako hedabideen informazioak, besteren artean.

Eldiario.es egunkariko Pedro Águeda kazetariak hainbat txosten ikusteko aukera izan du eta azaldu du sareko edukia ikuskatzen dituzten poliziek bi azpiatal bereizten dituztela egunero: "krisiaren kudeaketaren aurkako giroa sortzea" eta "herritarren artean estres soziala sortzea". Guardia Zibilaren Estado Mayor delako egiturarara bidaltzen dituzte txostenak, egunero beren barne egituretan zabaltzeko eta Fernando Grande-Marlaska buru duen Barne Ministeriora bidaltzeko.

Aipagai dugun albistean diote sare irekietako edukia jasotzen dutela –alegia, ez Watsapp, Telegram eta antzeko sistemetako elkarrizketa pribatuak–, eta besteren artean Voxen edo EH Bilduren txioak jaso dituztela txostenetan.

EH Bildu Donostiaren kritika politikoa

"Krisiaren kudeaketaren aurkako giroa" azpiatalean, Twitterren "nagusiki euskaraz idatzitako bost mezu" jaso dituztela irakur daiteke albistean. Guztiak dira apirilaren 4an Ertzaintzako eta Donostiako Udaltzaingoko agenteak Intxaurrondoko Guardia Zibilaren Koartelera joan izana kritikatzen duten mezuak. "Bideo hauek sare sozialetan zabaldu ziren Guardia Zibilaren aurkako mezuekin", diote informean.

Horien artean, Donostiako EH Bilduk bidalitako salaketa ageri da, non Eneko goiari galdetzen zioten ea nork erabaki zuen Madrilen koronabirusagatik guardia zibil bat hil zen egunean, Udaltzaingoa bidaltzea Intxaurrondon egin zen omenaldira.

Txioaren edukia gaizki itzulita dago informean, Udaltzaingoa Policía Municipal beharrean Udala Ayuntamiento itzuli baitute.

Hau da aipatutako txioa:

Irantzu Varela ere jo-mugan

Público egunkarirako Irantzu Varelak astero egiten duen "El Tornillo" saioko kapitulo baten pasarte bat moztu eta testuinguruz aterata ere beren txostenean sartu dute. Ongia eta apokalipsia izeneko bideoan Varelak, umorea tartekatuz, bere iritzia ematen du pandemia garaian nola jokatu behar litzatekeen.

Apirilaren 2an sareratutako bideoan, ekintzaile feministak hainbat jarrera azaldu zituen, hala nola, zergatik ez iraindu inor balkoitik eta ez izan salataria, zergatik ez egin poliziari eta armadari txalo, eta zergatik ez elikatu arrazismoa.

Hemen dago bideo osoa, gaztelaniaz da:

"Ez dugu kritika politikoa jazartzen"

"Guardia Zibilak egiten dituen ikerketa hauek adierazpen askatasuna eta kritika eskubidea guztiz errespetatzen dute. Guardia Zibila gure Konstituzioan jasota dauden eskubideen bermatzaile da eta eskubide horien artean daude adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna". Hala adierazi zuen astelehenean Guardia Zibila Estado Mayor-eko buruak.

"Dokumentuari dagokionez, azpimarratu nahi dut barne mailakoa dela, eta bertan Guardia Zibilaren unitate guztiei eskatzen zaie Estado Mayor-i jakinarazteko maila zibernetikoan egiten diren aktibitate guztien berri eman diezaion. Bulo eta desinformazioak detektatzeak ez du esan nahi harago ekinbiderik etorriko denik, baizik eta detektatu nahi ditugula, herritarrei ohartarazteko horrela alarma soziala eta estresa gutxiagotuz". Agerraldiaren amaieran, errepikatu du ez direla kritika politikoaz ari, edo ez direla adierazpen askatasunaren bermepean ari diren herritarren aurka ari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude