Dezibelioak gaixotasun iturri

  • Jendarte modernoaren gaitzetatik, gehiegizko zarata da gehien gogaitzen gaituenetakoa, inkestei jaramon egitera. Espainiako Estatuan bizi direnen kasuan ondo justifikatuta dago jarrera hori, munduko bigarren herrialde burrunbatsuena da eta. Ez gara ahuntzaren gauerdiko eztulaz ari, askoz ozenagoa den zerbaitez baizik: osasun arazo askoren iturria da zarata.


2011ko urtarrilaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

“Hamalau urte daramagu hemen bizitzen eta zarata hau jasaten. Ez da behin ere gelditzen, gau eta egunez dago trafikoaren hotsa; gauero bizpahiru aldiz iratzartzen nau. Azkenerako, norberaren osasunean ere igartzen da. Urduri zaude etxetik irten orduko, beti estresak jota. Ohitu? Ez dago honetara ohituko denik”. Emilio Asla Bilboko Sabino Arana kalean bizi da, goiko argazkian ikus dezakezuen berean, baina argazkia ez dago haren etxetik eginda. Egiazki, Aslari hor ikus daitekeena baino askoz hurbilago igarotzen zaizkio autoak; puntako orduetan 80.000 ibilgailu orduko, Basurtuko Auzokoen Elkarteak emandako datuaren arabera. Leiho bikoitzak zertxobait babesten du, baina ordainetan, leihoa gutxitan zabaltzera kondenatzen zaitu.

Hiri modernoaren gaitz handienetakoa

Hiriko sarbide nagusiaren albo-alboan bizitzearen ondorioa da Emilio Aslaren sufrikarioa, munduan milioika lagunek jasaten dutenaren antzekoa. Osasunaren Mundu Erakundeak dio hirietan bizi diren hamar lagunetik zortzik gomendagarria litzatekeena baino zarata ozenagoa pairatzen dutela. Espainiako Estatuan ingurumenari buruz egiten diren inkestetan, hiritarrek agertzen duten kexa nagusia zarata da, eta ez da harritzekoa, munduko bigarren herrialderik zaratatsuena baita, Japonia eta gero. Osasunarentzako kalteak era askotakoak dira.

Dezibelio kopuru batetik gora entzumena galdu daiteke (ikus 8. orrialdeko koadroa), baina horretara iritsi gabe ere arazo psikologikoak eta fisikoak sortzen dira. Horietaz mintzatu zaigu Cesar San Juan, EHUko Ingurumen Psikologia irakaslea: “Lorik ezin egitea da zarataren ondorioetako bat, eta horrek eragin psikologikoa du: kontzentratzeko zailtasuna, aldartean aldaketak... Epe luzean, behar bezalako atseden faltak sortu ohi dituen kalte fisikoak ager daitezke”. Zarataren intentsitateaz gain, norberaren sentiberatasuna hartu behar da kontuan: zalaparta berak ez digu denoi modu berean eragiten. Orobat, 65 dezibelio jotzen dira jasan daitekeenaren mugatzat, baina testuinguruaren arabera alda daiteke hori. 45 dezibelioko burrunba aski izan daiteke bi pertsonen arteko elkarrizketa eragozteko, edo loa galarazteko. Bide batez, komeni da azpimarratzea dezibelioak ez direla progresio aritmetiko arruntean neurtzen, unitate logaritmikoa direlako. Hiru dezibelioko igoerak ez du esan nahi zarata apur bat gehiago dagoela, zarataren intentsitatea bikoiztu egin dela baizik.

65 dezibelio egunez, 55 gauez

Orain dela aste gutxi, Bizkaiko hiriburuak jasaten duen kutsadurari buruzko txostena zabaldu zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak; tartean, kutsadura akustikoari dagozkion datuak, datu kezkagarriak inondik inora: bilbotarren %39k zarata maila onartezina jasaten du; gauez, %46k. Federazioko presidente Javier Muñozek esplikatu digunez, udal ordenantzak ezartzen dituen balioetan oinarritu dira “onartezina”-ren muga zehazteko. Alegia, egunez 65 dezibelio gehienez, eta gauez 55, etxebizitzak dauden inguruetan beti ere. Balioak zertxobait aldatzen dira, gora edo behera kasuaren arabera, osasun zentroak edota ikastetxeak dauden guneetan, nagusiki merkataritza dagoenetan eta industrialdeetan. Balioak oso antzekoak dira, bidenabar, Euskal Herriko udal ordenantza guztietan eta Espainiako Zarataren Legean. Zazpi urte besterik ez daukan legea, hori ere bidenabar. Espainiako Estatua zarataren sailkapenean hain gora egotearen arrazoi bat luzaz iraun duen hutsune juridikoa dateke. Bilbora itzulita, Auzo Elkarteen Federazioaren txostenak dio egunez 85 dezibeliotik gorako balioak izaten direla A-8 autobidetik gertu dauden hiriko hainbat gunetan, arestian aipatu dugun Sabino Arana kalea barne –eta kale horretan batez ere–. Zarataren arrazoi nagusia, Bilbon mundu osoan bezala, trafikoa baita. Eta trafikoaren antolamendua errotik aldatu ezean nekez beteko dituzte Bilbok eta beste hiri askok beren ordenantzak; Interneten nongura aurkitu daitezkeen dezibelio-tauletan, ibilgailu asko dabilen kaleari beti egozten zaizkio 80 edo 90.

Bizkaiko Aldundia, epaitegira zarata ez eragozteagatik

Hori ikusita, edo akaso zuzenagoa litzateke “entzunda”, ulertzekoak dira Emilio Aslaren eta beraren ehunka auzokideren buruhausteak. Egia esateko, Aslak etxea erosi zuenean Sabino Arana kaleko biaduktoa eginda zegoen, ezin esan zarataren arazoa aurrez ezagutzen ez zuenik. “Baina ziria sartu ziguten”, kexu da, “luze gabe errepide berria egin eta hau bota behar zutela esan ziguten”. Bizkaiko Foru Aldundiak, biaduktoa kudeatzeaz arduratzen den erakundeak, behin baino gehiagotan egin izan die promesa hori, ia hogei urtez, Sabino Aranako biztanle kaltetuei, eta behin baino gehiagotan ez du hitza bete. Orain, biaduktotzarra ordezkatuko duen San Mameserako sarbide berriaren lanak hasita dauden honetan, auzokoen haserreak ez du atzera bueltarik: 2008an, ia 200 etxetako ugazabek demanda jarri zuten Aldundiaren aurka, urtetan jasandako kalte moralengatik ordain eske. Auzi honetan Sabino Aranako kaltetuak ordezkatzen dituen abokatua Alfonso Terceño bilbotarra da. Zaratarekin zerikusia daukaten auzietan espezializatuta dago, eta Espainiako  Juristas Contra el Ruido (Zarataren Aurkako Legelariak) taldeko kidea da.  “Kalte moralak dira zarataren ondorioz pertsona batek dituen pairamen psikikoak”, azaldu digu, “ez da nahastu behar gaitz mentala edo neurosia edukitzearekin”.

Oso zaila da, Terceñoren esanetan, egonezinaren jatorria zarata dela frogatzea, baina praktikan ez da beharrezkoa: legearen arabera, araudiak ezarritako dezibelio kopurua gainditu dela demostratzea aski da kalte morala egon dela ezartzeko. Sabino Aranaren kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoa arduratu zen neurketak egiteaz. Emilio Aslak ondo gogoan du, oraindik, astebetez leiho ondoan ipini zioten neurgailua. Haren bitartez eskuratutako frogari esker, 65.000 euro kobratu ditzakete, epaileak azkenik arrazoia ematen badie. Horixe da salatzaileen %90entzat –trafikoaren burrundara zazpi urte baino gehiago jasan dutenentzat, hain zuzen– Terceñok eskatu duen kalte-ordaina. Baina oso arazo zabaldua izan arren, gutxi dira Sabino Arana kalekoek jarritakoa bezalako demandak. “Zentzu horretan, nahikoa aitzindaria izan da hau”, dio Terceñok, “zaratari buruzko inkestetan jendea trafikoaz kexatzen da gehien, baina oso gutxitan jotzen dute epaitegietara horregatik. Askoz arruntagoa da ostalaritza-negozioen aurkako salaketak jartzea”. Jarrera horren zergatia, beharbada, zarataren iturriez ditugun pertzepzio desberdinak dira. Cesar San Juanek azaldu digunez, faktore ez-akustikoek ere baldintzatzen dituzte zaratak eragindako eragozpenak. “Entzuten ari garena saihestezina izateak ala ez izateak ere eragiten digu. Esaterako, kaleko trafikoaren zarata 75 dezibeliokoa bada, eta aldi berean aldamenekoaren txakurra zaunkaka ari bada, 75 dezibelio eraginez halaber, askoz eragozpen handiagoa egingo digu txakurrak; ezin dugu trafikoa gelditu, baina txakurra isilaraztea posible dela iruditzen zaigu”.

Gero eta kontzientzia handiagoa

Espainiako Zarataren Legeak duen akatsik handiena beranduegi iritsi izana da. Gainerakoan, lege ona da, Alfonso Terceñoren ustez. Horregatik, eta arazoarekiko gero eta sentiberatasun handiagoa dugulako ere bai, gora doaz zarataren kontrako aldarrikapenak, nola salaketa judizialak. Baina horrek ez du berez gure ingurua isilago bihurtuko. Cesar San Juanek azpimarratu nahi du orain arte jarrera defentsiboa besterik ez dugula agertu zarataren aurrean: “Egindako hutsak adabakiz konpontzen saiatu besterik ez dugu egin orain arte”. Esaterako, Sabino Arana kalean beranduegi –eta gutxiegi gastatuz– Aldundiak ipini zituen hesiak, Emilio Aslaren etxean egiaztatu ahal izan genuenez ezer gutxirako balio dutenak. “XXI. mendeko hirigintzaren erronka da jarrera defentsibotik prebentziora jauzi egitea”, dio EHUko irakasleak, zarata handia sortzen duten aktibitateentzat gune mugatuak sortuz”. Ez dezagun ahaztu, dena den, zarataren kontu hau nahiko berria dela guretzat. San Juanen esanetan, 50 urte daramate gure hiriek trafikoaren menpe. Eboluzioaren ikuspuntutik, bart arratsekoa da sortu dugun jendarte ozen hau. 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude