ARGIA.eus

2021eko urriaren 22a

COVID-19a larri pasatzeko arriskua genetikoa dela ondorioztatu dute Errusiako ikerlariek

  • Errusiako Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dutenez, genetikoki determinatuta dago zelulek COVID19aren aurrean immunitatez erantzuteko duten gaitasuna. Zeluletan immunitatea sortzearen arduradunak diren antigeno leukozitario molekulak (HLA-I) sei dira, eta haien osaketa bakana da gizaki bakoitzean, eta aurrekoengandik jasotzen da. "Gure ikerketan frogatu dugu HLA zehatza duten norbanakoek arrisku handiagoa dutela COVID-19 larri pasatzeko. Era berean, badira genotipo 'indartsu' batzuk, eta zaila da hauek gaixotasuna larri pasatzea" azaldu du Stepan Nersisyan ikerlariak.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2021eko otsailaren 24a
Stepan Nersisyan, azterlana burutu duen Errusiako Unibertsitateko ikerlarietako bat.

Sinc hedabideak argitaratu duen albistean, ikerketaren egileetako bat den Stepan Nersisyan elkarrizketatu du. Ikerketa berriz, Frontiers in Immunology aldizkari espezializatuan argitaratu dute.

Ikerketa taldeak eredu bat sortu zuen zelulek erantzun immunitarioa sortzeko zeukaten gaitasuna ebaluatzeko. Eredu hau frogatzeko, COVID-19a pasatutako 100 pertsonaren genotipoak aztertu zituzten eta pasatu gabeko beste 400 pertsona. Moskuko biztanleak aztertzeaz gain, Madrilgo Ramón y Cajal ospitaleko gaixoak ere aztertu zituzten. Nersisyanen hitzetan: "Aurrikuspenetan zehaztasun handia zegoela ikusi genuen: COVID-19a larri pasatu zutenek gure ereduaren arabera arrisku puntuazio dezente handiagoa jasotzen zuten gaixotasuna arin edo nahiko gaizki pasatzen zutenek baino".

COVID-19aren mutazioek nola eragin dezaketen neurtzeko ere balio dezake

Ikerlariek azaldu dutenez, ikerketa honek gaitzaren larritasunaren eta genotipoaren arteko harremanak azaleratzeaz gain, baita ere lagundu dezake ebaluatzen COVID-19aren mutazio batek nola eragingo lukeen zelulek birusaren aurkako immunitatea garatzerakoan: "Adibidez, detektatu ahalko ditugu gaixo taldeak, zeinei COVID-19aren zepa berriez kutsatzeak ekarri ahalko dien gaixotasuna larriago pasaraztea" azpimarratu dio Sinc hedabideari Alexander Tonevitsky ikerlariak.

Nersisyanek gehitu du, txertoak eskas izan daitezkeen testuinguru batean, "HLA genotipo arriskutsua duten pertsonak lehenetsi daitezkeela txertoa jasotzerakoan". Eta zera gehitu du: "Norbera zer arrisku taldetan dagoen jakiteak motibatu ditzake pertsonak distantzia soziala, maskara eta praktika seguruagoak eramatera".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 shockean adi  |  Errusia

Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude