CNIk onartu du 28 independentista espiatu izana, baina ez du argibiderik eman beste kasuez

  • CNIko buru Paz Estebanek eman du informazioa Espainiako Kongresuko sekretu ofizialen Batzordean. Onartutako 28 kasuetan espioitza “legezkoa” izan dela adierazi du. Indar abertzaleek ikerketa batzordea eskatu dute berriro ere. Tentsioa gora doa Espainiako Gobernuaren barnean.

Paz Esteban CNIko burua: Argazkia: rtve.es

2022ko maiatzaren 06an - 14:50

Lau orduz luzatu zen sekretu ofizialen batzordea, lehenbiziko aldiz Kataluniako eta Euskal Herriko indar abertzale eta independentistak bertan zirela. Legez zigortuta dago bertan ematen den informazioa zabaltzea, baina filtrazioak bilera jarraitu eta jarraian hasi ziren agertzen atzo hainbat hedabidetan. Informazio horien arabera, Estebanek hainbat pertsona espiatzeko Espainiako Epaitegi Gorenak CNIri emandako baimenak erakutsi zizkien diputatuei, espioitza legezkoa izan dela frogatzeko. Baimen horietan 18 pertsonaren izenak irakur zitezkeen, denak Kataluniako independentismoari lotzen dituztenak, eta beste hamar lagunen datuak borratuta zeuden. Eskandaluaren oinarrian dagoen Citizen Lab elkartearen ikerketak 65 pertsonez hitz egiten zuen, ordea, baina Estebanek ez zuen eman ustezko beste 37 pertsona espiatuen inguruko argibiderik. Ezta ere Pedro Sánchez eta Margarita Roblesen ustezko espioitzaren inguruan ere (bileraren ostean El Pais-ek zabaldu du Fernando Grande Marlaskaren telefonoa ere zelatatua izan zela).

Espiatutakoen zerrenda

Ser eta eldiario.es hedabideek ziurtatu duenaren arabera, hauek dira batzordean jakinarazitako izenetako batzuk:

- Pere Aragones Generalitateko presidentea.

- Josep Lluís Alay Carles Puigdemonten bulego burua.

- Gonzalo Boye abokatua.

- Jordi Sanchez Junts-eko idazkari orokor eta Asanblea Nazionaleko presidente ohia.

- Marcel Mauri, Omnium Culturaleko presidente ohia.

- Elisenda Paulize Asanblea Nazionaleko presidentea.

- Carle Riera CUPeko legebiltzarkidea.

- Josep Maria Matamala Juntseko senataria.

- Elies Campo, espioitza ezagutzera eman zuen Citizen Lab elkartearen txostenean parte hartu zuen informatikaria.

Erreakzioak

Batzordetik irtetean, Katalunia eta Euskal Herriko alderdiek batzordean informazio berri esanguratsurik ez zela eman salatu zuten, eta berriz ere eskatu ikerketa batzorde bat eratzeko. EH Bilduko Mertxe Aizpuruk “argitzeko kontu asko” daudela adierazi zuen eta, ildo beretik, EAJko Aitor Estebanek “hitz egiteko asko” geratzen dela. “Sartu garen bezala atera gara” adierazi zuen ERCko Gabriel Rufianek. Juntseko Miriam Nogueras “eskandalua” saltzeaz gain haserre irten zela adierazi zuen, bileran baieztatu baitzioten bere telefonoa Pegasus programak kutsatu zuela.

Egungo Generalitateko presidentea da espiatuetako bat, baina batzordean Estebanek ez zuen zehaztu presidente izendatu aurretik, ondoren, edo bietan izan den espiatua. Ostiral goizean bat egin dute Bartzelonan Aragones eta Pedro Sánchezek ekitaldi batean. Aragonesek bilera urgentea eskatu dio Sanchezi, egoeraren “larritasuna” dela eta, ondoren, Moncloatik bilera hori egingo dela zabaldu dute, baina datarik zehaztu gabe.

Tentsioak Espainiako Gobernuan

Euskal Herriko eta batez ere Kataluniako abertzale eta independentisten artean hautsak harrotu ditu Pegasus auziak. Baina tentsio asko sortzen ari da afera Espainiako Gobernuaren barruan ere. Unidas Podemos alderdiak Margarita Robles Defentsa ministroaren dimisioa eskatu du hainbat aldiz. Batzordearen ostean, Pablo Echeniquek mezua errepikatu zuen: “Kontatu digutenak indartu egiten du ardura politikoak nork bere gain hartzeko beharra”.

Baina koalizio gobernuko kideen artean ez ezik, PSOEren barnean tentsioa gero eta nabarmenagoa da. Roblesek CNIaren lanaren defentsa sutsua egin du, eta Sánchezen konfiantzako gizona da Felix Bolaños Presidentziako ministroa seinalatzera ere heldu da. Bi aldeek etengabe ari dira hedabideei filtrazioak egiten. Roblesen ingurukoak gobernuko kideen espioitzaren atzean Maroko egon daitekeenaren susmoa ari dira elikatzen, eta presidentearen ingurukoak ardura CNIn –eta ondorioz Roblesen– kokatzen dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espioitza
Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


Sei urtez Madrilgo mugimendu sozialetan infiltratutako beste polizia baten berri eman dute

2015etik 2021era mugimendu antifaxista eta antierrepresiboetan infiltratutako poliziaren kasua publiko egin du El Saltok, Directarekin elkarlanean ikertu ondoren. Hamabost hilabetean hedabideek argitaratutako polizia satorren seigarren kasua da.


2023-07-11 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Pegasus espioitza kasua

Espainiako presidente Pedro Sánchezen eta beste lau ministro mugikor bidez espiatzeagatik irekitako kasua itxi egin dute, Pegasus programaren jabe den Israelgo Gobernuaren eta Justiziaren "erabateko" kolaborazio faltagatik.


2023-04-23 | David Bou
Marc, Dani eta Ramón

Artikulu honen izenburuan agertzen diren hiru izen propioak ez datoz bat horrela deitzen ziren pertsonen errealitatearekin. Marc Hernàndez Pons, Dani Hernàndez Pons eta Ramón Martínez Hernàndez ziren Barne Ministerioak Polizia Nazionaleko hiru... [+]


Espainiako Gobernuak onartu du Poliziari baimena eman ziola gizarte mugimenduetan infiltratzeko

Espainiako barne-ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dagoela bilduta. Polizia horiek inteligentzia agente gisa definitu ditu, "ordenaren eta segurtasun publikoaren" intereseko informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude