CNIk 6 milioi eurotan erosi zuen Pegasus espioitza programa

  • 2010 eta 2015 artean egin zen programaren erosketa, asteazken honetan El Pais-ek jakinarazi duenez. Programa hori erabili da 65 bat buruzagi independentistaren sakeleko telefonoak zelatatzeko, gehienak katalan politikari independentistak. EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Ion Iñarritu ere zelatatu dituzte.


2022ko apirilaren 20an - 11:50

Telefono mugikorretan sartzen den programa hori Israelgo NSO Group enpresak egiten du eta ezaguna da zelatatzeko produktua gobernuei bakarrik saltzen dielako. Horregatik, Espainiako Estatuan erabili denean, begi guztiek jo dute Espainiako Gobernura. Honek, aldiz, Isabel Rodríguez Espainiako Gobernuko bozeramailearen ahotik azpimarratu du gobernuak ez duela zerikusirik auziarekin, Espainian ez dela zelatatzen auzitegien baimenik gabe. Hala ere, galdetuta CNIk baduen zerikusirik gaiarekin, erantzun du ezin duela horri buruz berba egin, horrek "estatuaren segurtasunari eragiten" diolako.

Público egunkariak aspaldi argitaratu zuen programa hori 2014an erosi zuela Espainiako Poliziak, Kataluniako buruzagi soberanistak zelatatzeko. Eugenio Pino poliziaren mandatariak eta haren kabinete buru José Angel Fuentesek erosi zuten, Jorge Fernández Diaz orduko PPko Barne ministroak aginduta.

Europar Batasunean gaia ikertzeko deia

Espainiako Estatuko hedabide nagusienetan gaiak ez ditu hautsak harrotu, aipatu da gainetik eta kito, baina Europako Legebiltzarrean katalanek gogor salatu dute gaia, eta Europar Batasuneko Batzordeak adierazi du onartezina dela EBko estatuek herritarren, kazetarien eta politikarien datuak eta komunikazioak legez kanpo eskuratzea, espioitza programen bidez. Johannes Bahrke Batzordeko bozeramaileak gogoratu du oinarrizko eskubideak berma daitezen estatuek segurtasun zerbitzuak kontrolatu behar dituztela, eta azken egunetako espioitza aferak ikertu beharko lituzketela.

Espainiako Gobernua arriskuan?

Pere Aragonès Kataluniako Gobernuko lehendakaria ere zelatatuen artean dago eta aipatu duenez, Espainiako Gobernuak auziaz duen jarrerak erabat baldintzatuko du bi gobernuen arteko harremana. Kataluniako alderdi independentistek aferari helduko dion ikerketa batzordearen sorrera eskatuko dute Espainiako Kongresuan, eta PSOEk sostengatzen ez badu gobernuari sostengua kentzeko mehatxu egin du Aragonèsek.

Sostengua kentzeak legealdiaren amaiera ekarriko luke, baldin eta Pedro Sánchezek bestelako sostenguak lotuko ez balitu. Aragonèsek RAC1 irratian jakinarazi duenez, asteazken honetan ikustekoak ziren biak Bartzelonan egin beharreko enpresa baten bisitan, baina azkenean Sánchez ez da joan.

Junts-ek, aldiz, jarrera gogorragoa eskatzen du Espainiako Gobernuaren aurrean eta Laura Borràs Kataluniako Parlamentuko lehendakariak Pedro Sánchezen, eta Fernando Grande-Marlaska eta Margarita Robles ministroen dimisioa eskatu du. Defentsa ministro gisa, azken honek emango ditu azalpenak Espainiako Kongresuan.

Arnaldo Otegik 78ko Erregimena ikusten du atzean

Arnaldo Otegik honakoa adierazi du gaiaz Twitterreko bere kontuan: "Ilegalizatu egin gintuzten, torturatu egin gintuzten, hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ziguten, gerra zikina egin dute eta estatu erailketak egin dituzte. Inor harritzen al da gu zelatatzeaz? 78ko erregimena bere gordinean. Zorupe etikoa". Ezaguna den bezala, euskal gatazkaren garai gogorrenetan Espainiako estatuko segurtasun indarrek eta inteligentzia zerbitzuek behin eta berriz zelatatu zuten ezker abertzalea, baimen judizialarekin eta barik.

Jon Iñarritu parlamentariak jakinarazi duenez, "begi bistakoa da gobernu bat dagoela gaiaren atzean. Espainiako Estatuak gaiari ihes egin nahi dio, baina berak agindu du eraso hau. Ekimenak aurkeztuko ditugu gaia argitzeko".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espioitza
Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


Sei urtez Madrilgo mugimendu sozialetan infiltratutako beste polizia baten berri eman dute

2015etik 2021era mugimendu antifaxista eta antierrepresiboetan infiltratutako poliziaren kasua publiko egin du El Saltok, Directarekin elkarlanean ikertu ondoren. Hamabost hilabetean hedabideek argitaratutako polizia satorren seigarren kasua da.


2023-07-11 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Pegasus espioitza kasua

Espainiako presidente Pedro Sánchezen eta beste lau ministro mugikor bidez espiatzeagatik irekitako kasua itxi egin dute, Pegasus programaren jabe den Israelgo Gobernuaren eta Justiziaren "erabateko" kolaborazio faltagatik.


2023-04-23 | David Bou
Marc, Dani eta Ramón

Artikulu honen izenburuan agertzen diren hiru izen propioak ez datoz bat horrela deitzen ziren pertsonen errealitatearekin. Marc Hernàndez Pons, Dani Hernàndez Pons eta Ramón Martínez Hernàndez ziren Barne Ministerioak Polizia Nazionaleko hiru... [+]


Espainiako Gobernuak onartu du Poliziari baimena eman ziola gizarte mugimenduetan infiltratzeko

Espainiako barne-ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dagoela bilduta. Polizia horiek inteligentzia agente gisa definitu ditu, "ordenaren eta segurtasun publikoaren" intereseko informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude