argia.eus
INPRIMATU
"CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik"
  • Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko Jaurlaritzako Lan sailak eta Osalanek onartu dute "agerikoa dela zerbaitek huts egin duela".

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko urriaren 06a
CAFeko 7, 8 eta 9. nabeetan egin dira udaran amiantoa kentzeko lanak.

Abuztuaren 29tik Beasaingo CAF lantegiko hiru nabe itxita daude amianto kutsaduraren ondorioz. Ehunka langile kutsatuta izateko arriskuan izan dira abuztuko oporraldiaren bueltan lau egunez lanean jardun ostean.

CAFek bere pabiloietako teilatuak aldatu eta amiantoa kentzeko lanak egin izan ditu zortzi urtez udako oporraldia baliatuta. Aurtengo neurketetako batek ofizialki onartutako mugen gaineko balioak eman ostean piztu ziren alarmak. Abuztuaren 24an zortzigarren nabeko ehun langile inguru etxean geratu ziren.

Egun berean, neurketa berriek emaitza negatiboa eman ostean lanean hasteko agindu zuen enpresako zuzendaritzak. Baina lan-prebentzioko delegatuek eta Enpresa Batzordeko kideek eskatuta, neurketa gehiago egin zituzten nabe horretan eta aldemeneko bietan, baita langileei neurketa pertsonalak egin ere.

Lau egunez lanean jardun eta gero, jarraipena egin zitzaien 12 langileetatik 10ek positibo eman zuten. Orduan erabaki zuen enpresak hiru nabeak itxi eta ehunka langile etxera bidaltzea, gaur arte.

"Gu lanera sartzeko erabakia zuzendaritzarena izan da"

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dute asteazkenean, gertatutakoa argitzeko. Enpresa Batzordeko kideek EH Bilduren eskariz hitz egin dute eta kezka azaldu dute, beste urtetan ere kexak izan direlako hauts eta zikinkeria azaldu direlako amiantoa kendu izan den beste nabeetan. "Zuzendaritzak beti esan izan digu neurketak ondo eman dutela eta, beraz, lanera. Baina orain diskurtso hori zalantzan jartzen dugu", esan dute.

Neurketa gehiago soilik Enpresa Batzordeak eskatu zituelako egin ziren, langileen ordezkarien esanetan: "Zuzendaritza oso ezkutuan ibili da, informazioa eta komunikazioa erabat eskasa izan da"

Prebentzio delegatuak eman zion kutsadura abisua Osalani, ez enpresak,  hori ere azpimarratu nahi izan dute. Gainera, salatu dute Osalaneko ordezkariak ez zirela zortzi egun geroagora arte joan bisitan Beasaingo instalazioetara.

Azaldu dutenez, zortzigarren nabea egoera "tamalgarrian" aurkitu zuten lanera joaterakoan, "oso zikin eta hauts pila batekin", eta neurketa gehiago soilik Enpresa Batzordeak eskatu zituelako egin ziren: "Zuzendaritza oso ezkutuan ibili da, informazioa eta komunikazioa erabat eskasa izan da".

Langileen ordezkariek beste kontu bat ere argitu nahi izan dute: "Gu lanera sartzeko erabakia zuzendaritzarena izan da beti. Produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik".

Hori horrela hainbat neurri exijitu dituzte, besteak beste, gertatutakoaren arduraduna kargugabetzeko enpresa mailan, eta langileak balizko kutsatuen zerrendan sartzea eta jarraipena egitea: "Beldur eta errespetu asko ematen digu aurreko urteetan gertatu denak".

Eusko Jaurlaritza eta Osalanen azalpenak

Elkarrekin-Podemosen eskariz Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscarrek ere hitz egin dute Legebiltzarreko bilkuran. "Agerikoa da zerbaitek huts egin duela, itxuraz zuzena den lan-plana izanik gorabehera bat gertatu bada", adierazi dute.

Eusko Jaurlaritzako Lan saileko sailburuordea eta Osalaneko zuzendaria azalpenak ematen Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Irekia 

Íscarrek Osalanek egindako jardunbideak azaldu eta erakunde horretako teknikarien lana defendatu du bere hitzartzean. Nolanahi ere, prebentzio delegatuaren lehen deia funtsezkoa izan zela aitortu du.

Pérez Barredok, bere aldetik, esan du gertatutakoa jakin eta balizko erantzukizunak depuratzeko ikerketa zabalik duela lan-ikuskaritzak.