Brasilgo Epaitegi Gorenak homofobia arrazakeria delituaren parekoa dela ebatzi du

  • Legeak homofobia delitua jaso behar duela erabaki du Brasilgo Epaitegi Gorenak, arrazakeriaren antzeko trataera emanez. Legebiltzarraren jarrera “axolagabetzat” jo du, 30 urteetan ez duelako legedirik garatu arlo horretan. Gaurko, ekainak 14, greba orokorra dago antolatuta Brasilen pentsioen erreformaren aurka.


2019ko ekainaren 14an - 11:59
Bolsonaroren aurkako protestak eta ebazpen judizialak hazi egin dira azken asteetan.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Iragan urteko amaieran hasi zen Brasilgo Epaitegi Gorena gaia lantzen, eta sei bilkura egin eta gero, ostegunean hartu du erabakia. Bide judizialaren abiapuntua Brasilgo Alderdi Sozialistaren eskaria da. Alderdiak “legebiltzarraren axolagabezia” salatu zuen “giza eskubideei dagokion arlo batean” legerik ez egiteagatik. Hainbat lege proposamen jorratu dira legebiltzarrean azken urteetan, baina denak bertan behera geratu dira sektore eskuindarren ekimenez.

Legediak homofobia delitu bezala jaso behar duela eta delitua arrazakeriaren parekoa izan behar duela ebatzi du Epaitegi Gorenak, gehienez ere bost espetxe urterekin zigortuta dagoena. Horrez gain, legebiltzarraren jarrera kritikatu du: “30 urte baino gehiago izan ditu 1988ko Konstituzioaren onarpenetik, eta oraindik ez du erabakirik hartu”. Epaia pozez hartu dute herrialdeko hainbat LGTBI+ mugimenduk.

Ezberdinak, eredua ezarri duenarekiko

Epaiak Brasilen LGTBI+- kolektiboak pairatzen duen sufrimenduari aipamena egiten dio. Epaileetako batek, Carmen Lucia Antunesek, pertsona guztiak berdintasunean eta kidetasunean artatuak izan behar dutela adierazi du: "Bilatzen dena da diskriminatuak eta baztertuak direnei berehalako babesa ematea. Jendarte honetan emakumea ezberdina da, beltza ezberdina da eta homosexuala ezberdina da. Baina eredua ezarri zuenarekiko dira ezberdinak soilik”.

Greba orokorra pentsio publikoen alde eta Bolsonaroren aurka

Ekainaren 14an greba orokorra dago deitua Brasilen. Bolsonaroren politikek ezkerreko indarren eta sindikatuen batasuna hauspotu dute, eta urteetan ekimen bateraturik deitu ez duten sindikatu, eragile eta mugimenduek bat egin dute deialdiarekin. Grebaren helburu nagusia Bolsonaroren gobernua bultzatzen ari den pentsioen legearen erreformaren aurka egitea da, pribatizazioaren alde egiten duelako. Beste aldarrikapen batzuk ere oso presente daude, edonola ere. Indar gehien duena, ziurrenik, hezkuntza arloko murrizketen aurkakoa da. Azken asteetan ikasleen mobilizazio masiboak piztu dituzte murrizketek.

Brasilgo Associação Juízes para a Democracia epaileen elkarteak lege proiektua “inkonstituzionala” dela esan du, eta “gizarte segurantzaren elkartasun sistemarekin” amaitu nahi duela, “ekonomikoki zaurgarrienak diren herrritarrak kaltetuz”. Lurrik Gabekoan Mugimenduak (MST) ere greba deitu du. Mugimenduko zuzendaritzako kide Gilmar Maurak “masa borrokarako” deia luzatu du: “Ez dugu beste aukerarik, herri antolatuak soilik garaitu ditzake Bolsonaroren gobernuak proposatzen dituen kontra-erreformak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
2024ko irailaren 11
Teknologia
Botere guztia

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!