Brasilek zigorrak iragarri ditu Espainiak neurriak hartzen ez baditu futboleko arrazakeria eteteko

  • Arrazakeria salatu du Espainian jokatzen duen futbolari brasildar batek, eta berak ez ezik, neurriak eskatu ditu baita Brasilgo Gobernuak ere. Justizia ministro brasildarrak gogorarazi du Zigor Kodeak baimentzen diela atzerrian bizi diren brasildarren eskubideak defendatzeko neurriak hartzea, betiere gertakarien jatorrizko lurraldean egiten ez bada.


2023ko maiatzaren 23an - 10:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Espainiako gizonezkoen futbol ligan, Real Madril taldean aritzen den Vinicius Junior jokalariak irain arrazistak jasan ditu joan den asteburuko partidu batean, Valentzian. Telebista kamerek harrapatu zuten unea eta aise zabaldu dira irudiak sareetan. Partidua amaitzean, mikrofonoen aurrean salatu zuen jokalari brasildarrak Espainian "arrazakeria" dagoela eta "jasanezina dela".

Brasilgo Gobernuaren esku hartzea

Brasilera heldu da oihartzuna. Gertakaria jazo eta ordu gutxira, ekitaldi publiko baten hasieran, Lula Da Silva presidenteak gogor gaitzetsi du futbolean ematen den arrazakeria. Babesa adierazi dio jokalari brasildarrari, eta neurriak hartzeko eskatu dio bai Espainiako futbol ligari, bai nazioarteko futbol federazioari, baita Espainiako Justiziari ere.

Presidentearen ondoren, gogorrago mintzatu da Brasilgo Justizia ministroa, Flávio Dino. Espainiak neurriak hartu behar dituela esateaz gain, gogorarazi du Zigor Kodean badagoela printzipio bat, zeinak atzerrian dauden herrikideak babestea baimentzen duen, betiere gertaera jazo den lurraldeko justiziak ez badu esku hartzen lehenago.

Bide batez, Justizia ministroak gogorarazi du nazioarteko zuzenbidean jasota dagoen printzipioa dela, eta ez dela soilik brasildarren legediak jasotzen duena; areago, Espainiako Estatuak printzipio hori ere Zigor Kodean jasota dauka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2025-09-29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude