Bolivian sindikalisten eta herri mugimenduen aurkako jazarpena gogortzen ari dela salatu dute

  • Gobernu kolpistaren fiskaltzak 33 lider sindikalen aurka prozesu penala abiatzeko eskaerak jaso dituela jakinarazi du. Aurreko astean dinamitaz eraso zieten La Pazen bi sindikaturen egoitzei. Urriaren 18rako daude aurreikusiak hauteskundeak Bolivian.

     

     


2020ko abuztuaren 21an - 14:35
Abuztuaren 15ean dinamitaz eta pinturaz kaltetu zuten Boliviako Langileen Zentralaren egoitza La Pazen.

Giza eskubideen aldeko hainbat elkartek errepresioaren areagotzea salatu dute Bolivian. Jeanine Áñez kolpistak gidatzen dun gobernuko fiskal nagusi Juan Lanchipak ostegunean jakinarazi duenez, 33 salaketa jaso ditu "aktore sindikalen, politikoen eta zibikoen aurka". "Salaketa horiek hainbat zigor motari egiten diete erreferentzia, eta horien artean osasun publikoaren aurkako delituak, erakunde kriminalaren kide izatea eta delituak egitera bultzatzea aipa ditzakegu", zehaztu du. Horrez gain, abuztuaren 15ean Boliviako Langileen Zentrala eta Emakume Nekazarien Konfederazioa sindikatuen egoitzei eraso egin zieten La Paz hiriburuan. Erasotzaileek dinamita eztanadarazi zuten eta margoketak egin zituzten mehatxuzko mezuak idatziz.

Meatzari Langileen Federazioko idazkari Orlando Gutiérrezek jazarpen politikoa salatu du, esanez gobernua ari dela "herriaren ahotsa kikildu nahian, buruzagien ahotsa isildu nahian". Sindikatuek nazioarteko salaketa bat aurkezteko asmoa azaldu dute, euren buruzagien kontrako jazarpenagatik.

Hauteskundeak eta greba orokorra

Ustezko delituak azken asteetako greba orokorrarekin eta bide mozketekin lotuak daude. Gobernuak hauteskunde deialdia irailaren 6tik urriaren 18ra atzeratzea erabaki ostean, hainbat sindikatuk eta mugimenduk greba orokorra hasi zuten abuztuaren 3an. Protesta jendetsuak eta bide mozketak ugaldu ziren herrialde osoan. Protestak deitzen zituzten eragile askoren aldarriak hauteskunde egunetik harago zihoazen, zuzenean gobernuaren dimisioa exijituz.

Abuztuaren 14an Boliviako indartsuenetakoa den Boliviako Langileen Zentralak greba bertan behera utzi zuen, eta bide mozketa gehienak desagertu ziren. Aurretik Gobernuak hauteskundeak beste behin ez atzeratzeko eta urriaren 18an egiteko konpromisoa hartu zuen. Nazio Batuen Erakundea eta Europar Batasuna dira nazioarteko bermatzaileak. Baina, batetik, ezkerreko eragile askoren agenda ez dago balizko hauteskundeetan eta MASen garaipenean zentratuta eta, bestetik, hauteskundeak nahi dituztenetako asko ez dira gobernu kolpistaz fio. Besteren artean, eskuinak hauteskundeetarako zazpi hautagaitza ezberdin aurkeztu dituelako jada, eta inkesta guztien arabera batek ere ez luke Evo Moralesek atzerritik gidatzen duen MAS alderdia gaindituko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude