Bolanteari eutsi zioten eskuak

  • Bolante baten historia dokumentalaren proiekzioari hasiera eman aurretik, Iñaki Alforja eta Iban Toledo egileak hurbildu ziren pantailaren aurrean ezarritako mikrofonora, eta Jose Miguel Etxeberria Alvarez euskal herritarrak desagertuta daramatzan urteak oroitaraziz denbora horretan zenbat ospakizun eta mota guztietako gertaera bizi izan ditugun gogora ekartzeko gonbita egin ziguten.


2021eko irailaren 21an - 07:16
Azken eguneraketa: 09:36
Celes Alvarez eta Eneko Etxeberria, 'Naparra'-ren ama eta anaia, Ziburun, desagertuaren autoaren bolantearekin (Argazkia: Joseba Zabalza)

Aretoan zeudenetako batzuek ezin izan zioten aholkuari jarraitu, noski, Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea bahitu eta desagerrarazi zuten 1980ko ekainaren 11 horretan ez baitziren oraindik jaio.

Alforjak eta Toledok gonbit horren bidez denboraren iragaiteak hurkoengan zer nolako sufrikarioa eragiten duen irudika genezan nahi izan zuten; egunero-egunero eta jadanik berrogeita bat urtez, oraindik ere bizi dutena. Desagertuaren guraso Patxikuk eta Celesek hil arte jasan zutena.

Naparra ezagutu ez nuen arren, bere desagerpena nire bizitzan oso presente egon den gertakaria izan da. 23 urte zeuzkan Naparrak Ziburun desagerrarazi zutenean, eta 19 bete berri nik, urte bereko abuztuko oporraldian, Antiguako sendi bateko haur batzuei klase partikularrak emateko Auritzera iritsi nintzenean.

Ordurako Eginen irakurrita jakingo nuen “errefuxiatu bat desagertuta zegoela”, baina orduan, garaiko zurrunbiloko beste gertaera bat baino ez zen izango niretzat. Zuzenean hunkitzen ez ninduena.

Auritzen ordea, Bolante baten historia dokumentalean agertzen diren Jose Miguelen oso-oso hurbileko batzuk ezagutu nituen. Eta geroztik, berrogeita bat urteotan, haren itzala eraman dut nirekin. Batez ere, hari gertatutakoa niri ere gertatzeko arriskua bizi izan nuenetik.

Dokumentalaren une batean, Pako Etxeberria auzi-medikuak dio orain dela hitz egiteko eta desagertutakoa aurkitzeko egin behar diren ahaleginak egiteko unea. Eneko Etxeberria Alvarezi, bere anaiaren bilaketan etsi gabe ari denari, esaten dio bestela, hura ezagutu zutenak desagertzen direnean, lekuko zuzenik ez dagoenean, 36ko gerrako desagertuekin gertatzen ari den bezala, zeharka jasotako gertakizunak baino ez direla izango.

Eneko eta Amaia Irigoien Iriarteren seme Oierrek, eta berarekin euskal jendarteak, ez dezan oinordetzan jaso bere osaba desagertuaren hezurrak bilatzeko aitzurra.

Dokumentalak, Jon Alonsoren Naparra, kasu irekia ikerketa-lanak bezala, gertaerak ahanzturaren zulotik, eta senide eta hurkoen ahalegin erraldoi baina isil eta isildutik azaleratzen laguntzen du. Arnasa ematen du, irudi bidez besterik ez bada ere; desagertua, bere txima luze, bibote lodi, eta begi irribarretsuekin hurkoen zirkulu itxi eta txikitik, edota instituzio eta epaitegietako burokrazia ilunetik ateratzen duelako. Hezurrak agertu ez diren arren, dokumentala ikusiko dutenen begietara presente egiten duelako. Aitak keinu ezin aurreikus batean autoa desegitera eraman aurretik hartutako bolanteari eutsi zioten eskuak irudikatzen laguntzen duelako.

Alforjak eta Toledok, muntaiaren bidez, estreinaldian bertan egon ziren Naparraren erakunde bereko kide izandako Kike Zurutuzaren eta Eugenio Etxebeste ETAko kide izandakoaren arteko elkarrizketa bizia eskaintzen digute. Haren desagertzearen erantzukizunaren inguran sortutako nahastea argitzeko ez ezik, garaia ulertzeko eta antolakunde horien inguruan sortutako iruditeria desegiteko lagungarri diren bestelako ate batzuk ere irekitzen dituena.

Aretotik kanpo, proiekzioaren ostean izandako solasaldi batean, kontatu beharraren inguruko hizketaldia eduki genuen bizpahiru lagunen artean. Honela zioen batek: “Ez badugu geuk kontatzen, haiek kontatuko dute gurea. Edo isilduko dute, eta hemendik denbora batera ez du inork jakingo izan ginenik ere”.

Kontatu egin behar da, bai. Baina nola? Ba al dago baldintzarik Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokaren berri emateko? Nola helarazi borroka kolektibo baten berri garai hura zuzenean ezagutu ez zutenei? Nola kontatu gertatu direnak, gertatu zaizkigunak, gertarazi ditugunak? Ikuspuntu kolektibo edo indibidual batetik? Non kokatu gu hori?

Naparraren desagertzearen berri ematen duen Bolante baten historia honek bezala, erabateko kontakizun behin betikoa egiteko asmorik ez duten bestelako lekukotza eta idatzi batzuek zabaltzen dituzten ateak baliagarri izan al daitezke, bolante hori eta errepide berean zihoazen beste bolante batzuek eusten zituzten eskuek autoa zer norabidetan eraman nahi zuten erakusteko?

Edonola ere, proiekzio amaieran argiak piztu zirenean, bi besaulki harantzago eserita zegoen gazteak begiak umelduta zeuzkan, eta ondorengo solasaldian egileei galderak egiteko zabaldutako txandan eskua altxatu zuen.

Eta nik Eneko Etxeberria Alvarez eta Amaia Irigoien Iriarte ezagutzeko zoria izan nuen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


2021-10-03 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.


2021-09-27 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.

 


BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


Eguneraketa berriak daude