"Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" ekimenaren bigarren fasea abiatu du Foro Sozialak

  • Duela hiru hilabete abiatutako prozesuaren bigarren fasean sartuko direla zehaztu du Foro Sozialak, Donostian egindako prentsaurrekoan.


2021eko urtarrilaren 20an - 09:13
Donostian egindako prentsaurrekoa, urtarrilaren 19koa

"Uste dugu iritsi dela garaia, behingoz, euskal gizartea osatzen dugun pertsona guztiok dagozkigun eskubideen jabe garela bermatzeko: eskubide zibil, politiko eta sozialak", Foro Sozialeko Mikel Casadok eta Eneko Callek argi utzi dutenez. Atzo, urtarrilaren 19an egin zuten prentsaurrekoa, duela hiru hilabete abiarazitako "Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala" deitu ekimenaren bigarren fasean sartuko direla plazaratzeko.

"Modu parte hartzailean eta irekian", Euskal Herria osatzen duten sektore guztien "sentipenak eta pertzepzioak jasotzeko" helburua dute, eta hori, "aurrerantzean bizikidetza demokratikoa nola eraikitzen jarraitu behar dugun hausnartzeko". Bizikidetzaren eraikuntzak planteatzen duen "konplexutasuna" ikusaraztea eta esplizitatzea ere dute xede. Jendarte zibilak bizikidetzaren eraikuntzan inplikatu behar duela uste du Foro Sozialak.

Bai ala bai, askatu beharreko hiru korapilo

"Askatu beharreko hiru korapilo" ikusten ditu Foro Sozialak: biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutenez, biktimekiko tratuan oraindik ere dagoen "diskriminazioa" gainditzea; indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika "behin betiko indargabetzea" eta presoei "politika normalizatua" aplikatzea; eta, espazio sozialetatik "memoria kritiko inklusiboaren" eraikuntza bultzatzea, "kontakizun guztiak errespetatuak izateko". "Hiru korapilo horiek askatzeak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oinarriak sendotzea ahalbidetuko du", Casado eta Calleren hizetan.

"Adostasunen garaia heldu da. Iraganari eta etorkizunari buruz adosteko unea. Adostu egin behar dugula sinetsita gaude, behetik gora, beste behin jendarte zibilaren protagonismoa aldarrikatuaz bake prozesuaren korapiloak askatzeko norantzan". Horretarako konpromiso soziala ezinbestekotzat daukate, "oinarri komun eta partekatuen eraikuntza etorkizunean posible egiteko, eta aurrerantzean gure herriaren izanaren gainean dauden ikuspegi desberdinak bakean eta demokratikoki elkarrekin bizi ahal izan daitezen".

Ekimen berrien bidez aktibatu nahi dute bigarren fase hau. Hala nola, haien webguneko  postontzira edonork idatzi dezake, ekarpenen egiteko. Zehaztu dutenez, Aieteko ekitaldian publiko egindako dokumentua izan dezakete oinarri, edo ez: "Ekarpen guztiak izango dira ongi etorriak". Bestalde, martxoko astearteetan lau eztabaidagune ireki ere antolatuko dituzte, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon.

Prozesu dinamiko honetan zehar jasoko dituzten ekarpen guztiak maiatzaren 16an eginen dituzte publiko, Bizikidetza Baketsuaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Duela hiru hilabete, Aieteko Bake Konferentziaren bederatzigarren urteurrenaren harira, abiatu zuten prozesua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean

Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


2022-11-15 | ARGIA
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen... [+]


Eguneraketa berriak daude