Azkenaldian nabarmen areagotu dira kutsu arrazistadun mezuak San Inazio auzoko Facebook taldean. Kalean lapurretak ugaritu ei direla-eta, auzokideen erantzuna bazterketa eta miseria egoeran daudenak kriminalizatzea, polizia gehiago eskatzea eta auzoko segurtasun brigadak antolatzea izan da. Arazoaren erroa fokutik kenduta, gorroto diskurtso atzerakoiek zabal-zabalik uzten diote atea jendartearen faxistizazioari.
Auzoko argazki zaharren artean nahasten dira kristal hautsia duten kotxeenak San Inazioko Facebook taldean. Galdutako txakur eta txorien irudien artean atzo indarrez egindako azken lapurretaren inguruko xehetasunak. Jendearen haserre eta neke mezuen artean aise hasi dira iruzkin arrazistak zabaltzen eta egoera iraultzeko zerbait egiteko beharra aldarrikatu dute hainbat erabiltzailek.
Arin-arin hasi dira hedatzen kale gorrian bizi diren pertsona arrazializatuak kriminalizatzen dituzten gorroto iruzkinak. Pertsona hauen miseria-egoeraren jatorria zein den ahaztu eta lapurretara zerk bultzatzen dituen alde batera utzita, kasik euren bazterketa justifikatzen amaitu dute eskatutako konponbideekin.
Batzuk poliziaren jarrera “pasiboa” kritikatzen dute, eta haren presentzia handitzea nahiko lukete gure kaleetan. Hain justu, miseriaren eta bazterketa sozialaren eragile den sistema kapitalista eusteko estatuak duen indar armatuaren presentzia areagotzea ari dira eskatzen. Beste batzuk, etsita, nahiago dute justizia euren gain hartu eta beren kabuz bete indar errepresiboen papera auzokide-patruilen bidez. Bat-batean, auzoko kontuak komentatzeko sortutako talde bat ideia faxisten hazitegi bihurtzeko bidean da, mezu erreakzionarioen bidez jendarteak zeharo baztertu dituen horiek kriminalizatu eta arazo ororen erantzule egiten dituzten bitartean.
Ez da erraza egoera bideratzea, inori ez baitzaio gustatzen lapurtua izatea; baina, zinez ez zait horren zaila iruditzen begirada apur bat altxatu eta perspektiba handitzea, arazoaren erroa urrunago dagoela jabetu eta auzokideon erantzuna horren arabera antolatzeko. Lapurretak egiten dituztenen jatorria azpimarratzen duten mezu arrazista eta klasisten atzean hainbat ideia arriskutsu ezkutatzen dira, hala nola migratzaileak direla “bertakoen” bizi-baldintzak okertzearen errudunak, horien aurka auzokideak antolatzeko beharra dagoela edo poliziaren presentziak handiagoa beharko lukeela. Jatorri desberdinetako auzokide langileon arteko etsaitasuna piztu eta fokua benetan eragiten gaituzten arazoetatik urruntzeaz gain —etxebizitza eskubidea kasu—, sinesmen horiek auzoan tentsioa, beldurra eta indarkeria handitu baino ez dute egiten.
Izan ere, ezin dugu ahaztu kale eta miseria gorrian biziagatik ere pertsona horiek guztiak gure auzokideak direla. Ezin dugu ahaztu egoera horretara bultzatu dituen gizarte-antolaketa eredua gu geu zapaltzen eta jazartzen gaituen eta berez biolentoa den sistema kapitalista bera dela. Ezin dugu ahaztu potentzia inperialistak direla kanpoan gerra eta pobrezia eragin eta egoera horretatik ihesean datozen migratzaileei ateak ixten dizkietenak. Ezin ditugu ahaztu Bilboko udaltzainen eguneroko praktika xenofoboak eta manteroen aurka uda guztietan indartzen duten oldarraldia. Ezin dugu ahaztu klase elkartasunik gabeko auzo antolakuntzak langileon arteko etsaitasuna eta gure interesen kontrako borroka baino ez dituela sustatzen.
Langileon pobretzea gero eta handiagoa eta nabarmenagoa den garaiotan, azkar hedatzen hasi dira ideia atzerakoi eta faxistak gure inguruan. Krisi eta miseria egoerak ideologia faxistaren hazitegi bikaina dira. Ikusi ditugu pertsona migratuen aurkako manifestazioak Donostian eta Pasaian, Soilik herriak salba dezake herria aldarria desitxuratu eta horren pean Iruñean egindako elkarretaratze faxista, pintaketa xenofobo faxistak Hondarribian, eta sare sozialetan oldarraldi erreakzionarioa nonahi.
Donostian argi geratu zen instituzioen jarrera Kaleko Afari Solidarioak debekatu eta segurtasunaren izenean manifestazioan atera zirenak babestu zituztenean. EHUk behartuta kanporatu zuen mezu matxista eta faxistak zabaltzen zituen irakaslea, eta zer esanik ez etxebizitzaren arazoa jasanezina bihurtu den honetan han eta hemen hedatzen hasi diren desokupazio enpresen ideologiaren eta jarduteko moduaren inguruan.
Faxismoaren adierazpen horien guztien atzean eskuineko alderdiak, eskuin muturra eta talde faxistak daude, krisi egoerak probesten dituztenak segurtasunaren izenean mezu arrazista eta xenofoboak hedatzeko. Gure kale eta auzoetan faxismoari zirrikitu guztiak ixteko ezinbestekoa da langileon arteko elkartasuna eta antolakuntza sustatzea, gorroto mezuei aurre egin eta bazterkeriaren eta arrazakeriaren kontrako jarrera irmoa defendatzea.
Hala, San Inazioko zenbait auzokide hasi dira ideia horiek zabaltzeko lanean, Ez erori arrazakeriaren zuloan lelopean. “Ideia antifaxistak, arrazakeriaren kontrakoak eta integrazioaren aldekoak” sustatzearen alde agertu dira, eta egoerari irtenbidea emateko arreta arazoaren erroan jartzearen garrantzia azpimarratu dute, hots, “pobrezian eta hura sortzen duen sisteman”. Hala, etorkinen kolektiboa etsaitzat hartu beharrean, auzoko dinamiketan integratu, konfiantzazko harremanak sortu eta elkarrekin “langile guztion bizi baldintzak hobetzeko” borrokatzeko prestutasuna agertu dute, “ez bakarrik hemen jaio garenonak, baizik eta pobreziarengandik ihesi datozen etorkinenak ere bai”.
Antzeko dinamika abiarazi zuten iragan uztailean Algortako bizilagunek: Ez Irentsi Arrazakeriaren Amua plataforma aurkeztu zuten jarrera arrazisten aurka antolatzeko. Aurkezpenean aldarrikatu zuten “sektore zapalduekiko diskriminaziorik egon ez dadin eta guztiok bizi-baldintza berdinak izan ditzagun” borrokatuko zirela eta argi utzi zuten “langileok pairatzen ditugun eta pertsona migratu eta arrazializatuek are modu bortitzagoan bizi dituzten miseriazko bizi-baldintzak borrokatzea” beste irtenbiderik ez dagoela.
Laburbilduz, auzoan arrazakeriari eta faxismoari ate guztiak ixteko ezinbestekoa da auzokideon antolakuntza formak gorroto ideietatik aldentzea eta guztion bizi-baldintzak hobetzeko elkarlana sustatzea.
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]
Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.
Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]
“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]
Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]
Agharas migratzaile imazighen elkartearen txosnan pertsona batek hainbat irain arrazista egin zituen. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igandean Barakaldon.
Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.
Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.
Jazarpen arrazistak eztanda egin du Espainiako Torre Pacheco herrian, Euskal Herrian ere ezagun zaizkigun diskurtsoak hauspotuta: immigrazioa lotzea delinkuentziaren, sexu-erasoen eta segurtasun faltaren gorakadari. Baina datuek frogatzen dute gezurra direla gorroto diskurtso... [+]
Twerk klasean gertatu zen, Bilbon. Merkataritza-gune batean dago dantza eskola, eta gortinek ez dituzte kristalak erabat tapatzen. Emakumezko lau ikasleok eta irakasleak luzaketak egiten geundela, gure short labur eta top-ak jantzita, bi mutiko hasi zitzaizkigun kristalaren... [+]