Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra Eliseo Gilen aurka, Iruña-Veleiako piezak faltsutzea leporatuta

  • Bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Elisego Gili Iruña-Veleia auzian. Ruben Cerdán ere zigortu dute, urtebete eta hiru hilabetera.


2020ko ekainaren 10an - 11:32
Eliseo Gil, Iruña-Veleia auziari buruzko epaiketako saio baten aurretik hedabideekin hitz egiten.

Arabako Probintzi Auzitegiak asteazken honetan eman du Iruña-Veleia auziari buruzko epaia: Eliseo Gili, auzipetu nagusiari, bi kondena ezarri dizkio. Batetik, “ondare historiko-kulturala faltsutzea” leporatuta urtebeteko zigorra; eta bestetik, “iruzurra” leporatuta beste urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra.

Ruben Cerdán ere zigortu du epaitegiak, kasu honetan iruzur delituagatik bakarrik: urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra ezarri diote.

Bi kasuetan, Arabako Foru Aldundiak eskatzen zituen zigor gogorrak baino apalagoak ezarri ditu epaitegiak. Gilen kontra zazpi urte eta erdiko kartzela eskatzen zuen erakunde foralak eta bi urte eta erdikoa Cerdánen aurka.

Espetxe zigorrez gain, aurkitutako pieza arkeologiko bakoitzari egindako kalteengatik bi euro ordaindu beharko dituzte. Baita beste 12.500 euro ere, kondenatutako bi pertsonen artean, Iruña-Veleiako aurkikuntzen zilegitasuna defendatuz idatzitako hiru txostenengatik. Epaitegiaren iritziz, txosten horiek diru publikoz ordaindu ziren eta epaian dioenez, “zilegia ez zen irabazi ekonomikoak lortzeko asmoz” egin zuten hori.

Asteazkenean epaia jaso dutenez gain, Oscar Escribanok, indusketan Gilekin kolaboratu zuenak, epaiketa hasi eta berehala onartu zituen ondarearen aurkako delituak eta urtebeteko kartzela zigorra jaso zuen, baita 600 euroko kalte-ordainak eta 2.000 euroko isuna ordaintzeko betebeharra ere.


Eguneraketa berriak daude