Bertako ardi arrazari eta mendi erabilerari eutsiz

  • Lau eta sei hilabete artean egiten dute Manex Buru Beltza arrazako ardiek mendian, beste arrazek baino gehiago. Artzainak ardi arrazak aldatzen joan diren heinean, lan egiteko sistemak eta usadioak ere aldatzen joan dira: artzaintza intentsiboagorantz jo dute, eta mendiaren erabilera pixkanaka gutxituz joan da. Buru Beltza elkartea arrazari eta artzaintza ereduari eusteko lanean ari da eta egun 90-100 artzain dira bertako kide.


2020ko uztailaren 9an - 11:47
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2010ean jaio zen Buru Beltza elkartea Ipar Euskal Herrian, ardi arraza horrekin lan egiten zuten ehun artzain inguru batu zirenean. 80ko hamarkadatik hona ardi arraza honek %60 inguruko galera izan zuen Ipar Euskal Herrian: 200.000 bat buru zeuden, eta gaur egun, berriz, 74.000 bat buru baino ez. Abeltzaintzak eta nekazari munduak izan duen bilakaeraren isla da tokiko arraza honen bilakaera, baina ez horrena bakarrik: “Manex Buru Beltza arrazak mendia baliatzen du eta bortxaz beste batzuk baino esne gutxiago ekoizten du”, azaldu du Miren Oillarburu elkarteko langileak. Arrazoi horregatik aldatu dute arrazaz azken urteetan artzain askok.

Mendia erabiltzearekin lotutako arraza

Lau eta sei hilabete artean egiten dute Manex Buru Beltza arrazako ardiek mendian, beste arrazek baino gehiago: “Zinez mendiko arraza da hau, baliagarria da mendian izateko, horretarako ezaugarriak ditu”, dio Oillarburuk. Eskualdeko artzainak ardi arrazak aldatzen joan diren heinean, lan egiteko sistemak eta usadioak ere aldatzen joan dira: artzaintza intentsiboagorantz jo dute, eta mendiaren erabilera pixkanaka gutxituz joan da.

300 bat etxalde ari dira gaur egun Buru Beltzekin bakarrik lanean, eta beste ehun bat horiekin eta Buru Gorriekin. “90-100 artzain inguru daude gaur egun elkarte barruan: batzuk gasna egiten dute eta besteek esnea saltzen dute”. Elkartearen kontseilua osatzen duten hamalau laborariak mendi ibar guztietakoak izaten saiatzen dira, eta AOP Ossau Iraty sor-markarekin harremanean daude: “Tokiko hiru ardi arraza hartzen ditu sor-marka horrek, eta helburutzat du arraza horien mantentzea: ez du ikuspegi produktibistatik soilik egiten lan”.

Sentsibilizaziorako ekimenak

Oillarbururen lanpostuaz gain, lanaldi erdiko beste bat ere badu elkarteak: artzainen lan poltsa kudeatzen du bigarren horrek, eta langileak behar dituzten artzainak eta artalderik ez duten eta horretan lan egin nahi duten laborariak harremanetan jartzea da haren lana.

Jendartea sentsibilizatzeko, Bortuaren Eguna antolatzen du elkarteak urtero Garaziko Ikastolarekin: ardi eta gasna txapelketak, animazioak eta bestelako ekimenak egoten dira arrakasta handia duen jai egun horretan: “Ardi arraza hau ezagutarazteko eta jendea sentsibilizatzeko aukera ematen digu festak”. Irail bukaeran ere ardiak menditik jaisteko garaian beste festa bat egiten dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!