"Erakutsi nahi dut etxalde tipi batean bizitzen ahal dela"

  • Gamere-Zihigan (Zuberoa) sortua, Benoit Tauzin gazteak hargintzan zeukan lanbidea utzi du Zalgizeko baserri bat bere gain hartzeko. Ardi hazkuntzan hasi da, neguan haranean mantendurik udan artaldea mendietako larretan edukitzeko. Laster euskal arrazako txerriekin ere hastekoa da.

Benoit Tauzen nekazari berria Zalgizeko 'Uhartia' baserrian bere ardiekin. (Argazkia: Laborari)

2017ko abenduaren 14an - 11:33

Zihigarra sortzez, hargingoan ari izan ondotik laborantxan instalatzeko hautua egin berri duzu…

Ttipitik laket nündüzün laborantxan eta üsü lagüntzen nüan ene osaba bere etxaltean. Ene aitetamak ez zütützün laborariak ordüan beste lan bati bürüz egin nintitzün ene ikasketak oro. Bac Pro [baxo edo batxilergo profesionala] eta CAP [gaitasun profesional zertifikatu] bat egin eta hargingoan zortzi urtez ber lantegian iauntsi nizün. Geroztik amiñi bat aspetürik nündüzün hargingoan aritzea eta beti ideia hori banüan behar nüala laborantxan plantatü. 2015ean hasi nizün Izurako BPREA [etxalde baten ardura bere gain hartzea bermatzen duen agiria] formakuntza eta ürrentzean “cotisant solidaire” jarri nündüzün. Abentü huntan CDOA-n [nekazariei laguntzeko departamenduak daukan batzordearen aurrean] iraganen nüzü.

Zalgizeko Ühartia etxaldean zira...

Etxalte bat txerkatzen nizün eta Ühartiako familiak nahi zizün norbaiti ützi hebenko jabea zentü zelarik. Proposatü zeitadan etxaltearen arrahartzia,

jakitez bazela soho andana bat, arditegi bat jeisteko bekanika batekin. 25 urtentako “bail à long terme” [epe luzerako lagapen bermatua] bat badit bastimentü eta lür güzientako. Bedakako eta arditegiko tresneria erosten dit.

Orotara 16 hektara soho dira Zalgizen bena zatikatürik dira. Zihigan 4 hektara ditit eüskal xerri proiektü

batekin. Arrahartzen dütan etxaltea ez da ene familiako nurbaitena bena ez nüzü HCF bezala instalatzen Zihigan dütüdan 4 hektara horiek ene

familiakoak beitira. 93 ardi ditit, Basco-Béarnaise arrazakoak, 4 marro eta 44 bildots.

Ardiak erosi nüntuan igaran urtean bi laborarier, jente zunbaitek eman edo prezio merkean ere saldü deiztade ardi edo bildots eta batx batxa ene saldoaren muntatzen ari nüzü. Arraza hau haütatü nüan gustukoa beitüt, ardi anplea, handia eta bortüan ontsa egoiten beita, adardüna eta eznearen aldetik ere aski huna beita.

Nola ari zira lanean?

Negüa Zalgizen igaiten dit eta üdan bortüalat joaiten. Arramaiatza hatsarretik seteme erditsüalat Üthürzehetako olhan egoiten gütützü. Bildotsak agorrilaren 15an iraisten ditit. Hatsarretik nahi nüan bortüalat joan. Gaitz da bortü baten atzamaitea nun ados diren nurbaiten hartzeko bena Üthürzehetan den Etxebarreko artzainak onartü züan. Biak jiten gütutzü güre saldoarekin eta ardiak aldizkatüz zaintzen dütügü, 3 egün bakotxak. Etxaltetik aski hürrün düzü bortüa ordüan ez da joan-jina egün oroz ahal egiten eta ardiak hobeki dira nurbait badelarik segitzeko. Bedaken egitea eta

bortüko lanen üztartzea ez da betik errex. Xantza dit ene familiak lagüntzen benaü.

Negüan eznea Mauleko gaznategiari saltzen diot Ossau-Iraty sormarkan eta axüriak Axüria kooperatibari. Ez ditit orano eüskal xerririk bena Kintoa

sormarkan saldüko ditit. Hebenko arrazarekin eta sormarkan sartzea haütatü düt üdüritzen beitzaüt kalitatezko mozkinen egiteko bide huna dela, erosleek galdegiten düen laborantxa mota dela.

Duela urte zonbait kafe instalazio batetan parte hartu zinuen…

2014an, Gamere Zihigan antolatürik zen kafe instalazioan parte hartü nüan. Hargingoan ari nündüzün orano bena beti banizün laborantxan

instalatzeko ideia. Ikusi nahi nizün nula igaiten zen gazteen instalazionea eta jenteek ere zer pentsatzen züen hortaz. Ene galtoer arrapostü

zunbaiten ükeiteko okasione huna zen. Gaüaldi interesgarria izan züzün, jente amiñi batekin, aija elhestan aritzen ahal güntüzün eta iküsmolde desberdinak entzün ziren. Gaüaldi hortatik elki nintzan pentsatüz posible zela instalatzea laborari seme izan gabe ere. Ikusi nüan gazteak motibatürik zirela laborantxan instalatzeko eta ene proiektüaren gogozkatzen lagüntü zitazün.

Badü ürte bat ene instalazioa prestatzen düdala. Denbora ezarri dit ene proiektüa gogozkatzeko. Arditegia handitüko dit, lana aisatzeko eta ardi oroen sartzeko. Jeisteko bekanika ere leküz kanbiatüko dit ez beti jabeen etxe aintzinetik igaiteko. Ez da lotsatü behar proiektüaren untsa gogozkatzea hatsarretik.

Nola ikusten duzu zure etxaldea eta Xiberoko laborantxa 10 urteen buruan ?

Galto gaitza da, denborak erranen dü. Esperantxa dit halere bizitüko den etxalte bat izanen dela Ühartia. Nahi nüke ene lanaz bizitü eta erakutsi

ahal girela bizitzen etxalte ttipi batean. Gaüza bat kanbiatzekoz lizateke mozkinen transformatzea bena hori ageriko denborarekin eta lanaren arabera.

Hatsarrean, ez girelarik laborantxa mündütik elkitzen eta jiten girelarik etxalte baten hartzera ez da betik aisa ingürükoekin. Zalgizen ontsa iragan da aüzoekin, begi hunez ikusi die ene jitea eta badakit lagüntza behar badüt galtegiten ahal deietela.

Xiberuan etxalteak ari dira gütitzen ondorio hanitx badira. Üdüri zitazüt etxalteen kopürüa ttipitzen bada batx batxa karrikak hüstüko direla, eskolak

eta komertzioak zerratüko, eta herriaren bizia galdüko. Algar lagüntza haboro baliatü behar ginikezü eta tresnak algarrekin erosi. Etxalte ttipiek bazterrak xahü etxikitzen dütie bortüa baliatüz. Damügarri atzamaiten dit jente zunbaitek erretretalat heltzean ez direla pentsatzen gazte bat plantatzen ahal düela haien etxaltean. Maitiago dizüe lürrak aüzo bati ützi edo hütsik kanpoko norbaiti üztea baino. Xantza üken dit Üharteko jabeek gazte baten txerkatzeko indarra eta etxaltea bizirik etxikitzeko haütüa egin direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude