Bederatzi gako Eskozia ulertzeko

  • Era eta dimentsio honetako gai batek azalpen luzeak behar baditu ere, hona hemen bederatzi gako, Eskoziak bizi duen une historikoa eta hurrengo osteguneko erreferenduma ulertzeko.


2014ko irailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Eskozia Eskozia da, eta kito

Identitateak ez du berezko pisurik Eskoziak bizi duen independentziari buruzko eztabaidan. Inork ez du ondokoa konbentzitu behar zapaltzen duen lurra Eskozia dela. Ez dago horren beharrik. Denek —independentistek zein unionistek— onartzen dute badela munduan Eskozia izeneko nazio bat, muga ongi definitu eta izaera propioa duena. Estatistiken arabera, Eskoziako biztanleen hamarretik zazpik “eskoziar” hitza erabiliko luke bere burua aurkezteko, eta bik bakarrik erabiliko lukete “britainiar” kontzeptua. Eskoziarrak, batik bat, eskoziarren gisara ibiltzen dira munduan. Horregatik da agian mundu osoko estaturik gabeko naziorik ezagunetarikoa. Eskoziak kirol selekzio ofizial propioak eta berezko parlamentu zein gobernuak ditu. Aurreko guztia dela eta, orain bizi denaren moduko prozesu bati ekiterako orduan, inork ez du zalantzarik subjektu politikoa zein den esaterako orduan, ez Edinburgon, eta ezta Londresen ere.

 Ezbaian dagoena, eredu soziala

Identitateak baino, eredu sozial berri baterako itxaropenak oinarritu du independentziaren aldeko argudioa. Irwine Welsh Trainspotting liburuaren egileak —eta ez da bereziki nazionalista— hurrengo irailaren 18an YES bozkatzea “neoliberalismotik urruntzeko mekanismoa” izanen dela nabarmendu du. Joera horren arrazoia agerikoa da: eskoziarrak nazkatu dira bozkatu gabeko gobernuak eta politikak pairatzeaz. Ez dute nahi tory-en (Alderdi Kontserbadorea) menperatzea jasaten jarraitu. Askok gogoan dute oraindik Margaret Tatcherrek langile auzoetara ekarritako miseria, eta berriz pairatzen ari dira haiek babestu gabeko politikak. Kontserbadoreek, izan ere, Ingalaterran lortutako babesari esker agintzen dute Erresuma Batuan. Eskozian, ordea, oso mugatua da haien eragina. RIC-en (Radical Independence Campaign) kanpaina batek hala egin zien iseka: “Eskoziak parlamentari tory-ak baino panda gehiago ditu”. Eta hala da. Edinburgoko zoo-an bi hartz panda daude; azken hauteskundeetan Eskoziatik Wensmisterrera bidalitako 59 hautetsien artean, ordea, bakarra izan zen kontserbadorea.

Independentzia tory-en politikarekin amaitzeko irtenbide gisa aurkeztua izan da.

 

Kontran, beldurra

Independentistek alderdi soziala indartu duten bitartean, unionisten kanpaina beldurra hedatzera mugatu da, batik bat. Helburua zalantzak sortzea izan da, eta balizko independentziak txanpona, Europar Batasuneko kidetza, pentsioak eta abar luze bat arriskuan jar ditzakeela nabarmendu dute. Ez da kasualitatea eskoziarren %60rentzat Better Together kanpaina unionistak izaera negatiboa izatea. Kontrakotasuna adieraztera mugatu dira, eta bukaeran bakarrik, inkestek baiezkoaren aldeko joera nabarmendu dutenean egin dute proposamena (eta ez da ere batere zehatza): devolution-a.

Unionistek beldurra zabaltzera mugatu dute kanpaina.

 

Zer da devolution-a?

Devolution-a garai batean Eskoziarenak (edo Galesenak, bere kasuan) ziren eskumen eta instituzioen itzuleran datza. Erresuma Batutik Eskoziara pasatzea, alegia. 1979. urtean planteatu zen aurrenekoz, eta eskoziarren %51k bozkatu zuen parlamentu propioa izatearen alde. Londresek azken unean egindako trikimailu baten ondorioz (baiezko botoek errolda osoaren %40 gainditu behar zuela erabaki zuten) egitasmoa ez zen aurrera atera. 1997.ean berrartuko zen eztabaida, Westminsterren laboristek agintzen zutela, eta orduan bai, eskoziarren ia %75ak hala erabaki ostean, Eskoziako Parlamentua eratu zen. Filtrazio baten arabera, orduko Eskoziarako Estatu Idazkari George Robertsonek hala esan zuen orduan: “deszentralismoak erabat akabatuko ditu nazionalismoak”. Bada, gauzak ikusita, ez da horrela izan. Eta orain, erreferendumaren kanpaina azkenekotan dagoenean, eta baiezkoaren aldeko joera hazi denean, devolution-az mintzatzera itzuli dira unionistak, Eskoziarako eskumen gehiago aginduz, ezezkoak irabaziko balu.

Erabakitzeko eskubidea, oinarrian

Dena dela, eta trikimailuak alde batera utzita, egia da Londresek ez duela gurean estatuen partetik ohikoak diren jarrerak erakutsi. Jon Alonsok ongi esan zuen Katalunia (edo Euskal Herria) ez dela Eskozia, batez ere Ingalaterra ez delako Espainia. Hona hemen esaldi bat, adibide bezala: “Nazio gisa, eskoziarrek autodeterminazio nazionalerako eskubide ukaezina daukate”. Edo beste hau: “Garbi dago eskoziarrek hala nahi badute Erresuma Batuaren gainerakoetatik independizatzeko eskubidea daukatela”. Lehengoa Margaret Tatcherrena da, Tony Blairrena bigarrena. Eskozian, izan ere, erabakitzeko eskubidea erabat onartua dago, eta inork ez du zalantzan jartzen. Hainbeste non, Angel Oiarbidek behin esan zigunez, Nazioen Mundua ekimenarekin Eskoziara joan eta Self-determination leloa zuen pankarta zabaltzean, eskoziarrak harritu egin ziren.

Biziraupen ekonomikoa, argia

Unionisten taktiketako bat balizko Eskozia independente baten bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jartzea izan bada ere, argi dago Eskoziak nahikoa baliabide daukala garapen ekonomikoa ziurtatzeko. Europa osoko gas eta petrolio erreserben %60 dauka, eta potentzial handia du energia berriztagarrien eremuan. Turismoa, arrantza eta teknologia ere sektore indartsuak dira. Horri gehituz Eskozia herrialde txikia dela —eta beraz kudeatzeko eta aberastasuna banatzeko errazagoa—, ez luke arazorik izan beharko bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzerako orduan.

Hotz dago kalean

Eskoziako kultura politikoa ez da Euskal Herrikoa, ezta gutxiagorik ere. Erreferendumerako kanpaina azken astean sartu da, eta mugimendua gutxika hazi bada ere, oraindik urriak dira kalean adierazpen politikoak. Jendeak txapekin, kartelak leku batzuetan, ezezkoaren zein baiezkoaren aldeko postuak, eta gutxi gehiago. Politika ez da masa fenomenoa. Eskozian egonda, sahiestezinak dira Euskal Herriarekiko konparazioak. Baina hemen ez daude milaka pertsonetako manifestazioak, eta ez dago tentsio edo liskarrik baiezkoen eta ezezkoaren artean. Eztabaida pragmatismoz bizi da, pasioz baino. Baina horrek ez du esan nahi interesekin ez dagoenik.

 Parte-hartzea, handia

Eskoziarrak ez dira masan atera azken asteetan, baina masan joanen dira bozkatzera datorren ostegunean. Bozka eman dezaketenen %97ak eman du izena galdeketan parte hartzeko. Hortik, argi dago, ez dute denek bozkatuko. Baina argi dago parte-hartzea handia izanen dela. %80tik gorakoa, diote batzuk. Dena dela, azken Eskoziako Parlamenturako hauteskundetan (%50,4) baino altuagoa, seguru. Kalean gehiegi nabari ez bada ere, eztabaida presente dago familia eta lagun inguruetan. Independentziaren aldekoak dira aktiboenak, eta buru belarri saiatzen ari dira ondokoa konbenzitzen. Wee Blue Book liburua tresna garrantzitsua dute horretarako. Dagoeneko 600.000 kopia baino gehiago deskargatu dira, eta eskuz esku dabil eskoziarren artean, independentziarako botoak gehituz.

 Eta gero, zer?

Irailaren 18ko bozketan baiezkoak irabaziko balu, Eskoziak estatua eratzeko bi urteko prozesu bateri ekingo lioke, 2016an izango lukeena punturik gorena, lehen parlamentu independenterako hauteskundeekin. Elizabeth II.ren koropean jarraituko luke, horren kontra ageri diren independentistek (SNPren ezkerrera daudenak) monarkiarekin bukatzeko erreferenduma egitea lortzen ez duten bitartean, behintzat. Ezezkoak irabaziko balu, denak berdin jarraituko luke. Momentuz. Izan ere, argi dago independentziaren aldeko jarrerak babes handia lortuko duela. Beraz, eta Salmondek kasu horretan beste erreferendumik deituko ez lukeela esan badu ere, denbora kontua litzateke gaur egungo egoerara itzultzea. Bai behintzat Londresek bere politika kontserbadore eta murritzaileekin jarraitzen badu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude